ATZEKOZ AURRERA. Eduardo Martinez. Mendizalea

«Majuyra itzuli ginen zauria ixteko asmoz»

Bi bihotzeko izan ditu Martinezek; azkena, Kolonbian, Majuy mendia igotzen ari zela. Bizipen horiek dokumental batean bildu berri ditu; erakutsi du halere posible dela horri aurre egitea.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Eduardo Martinez mendizaleak (Gasteiz, 1965) mendia du maite. Azken bost urteetan bi bihotzeko izan ditu, eta Majuy mendia igotzen ari zela izan zuen azkena, Kolonbian. Horren ostean, erabaki zuen bizipen horiek eta ondorengo hilabeteetako egoera biltzea dokumental batean. Bihar egingo dute Latidos en el Majuy (Taupadak Majuyn) dokumentalaren aurrestreinaldia, Gasteizko Florida zinema aretoetan, 20:00etan.

Lanaren oinarrian bizipen pertsonalak daude.

Bai, bost urtean bi bihotzeko izan ditut, eta, bien artean, moto istripu bat. Majuy mendia igotzen ari nintzela izan nuen bigarren bihotzekoa, Kolonbian, Yamile Salamanca bikotekidearekin nengoela. Oinez jaitsi behar izan genuen, eta laguntza berandu iritsi zen. Halere, bitarteko askori esker, lortu genuen ospitale batera iristea. Esperientzia hori kontatzea, baina, Gasteizen birgaitze prozesua egiten ari nintzela otu zitzaidan. Bihotzekoaren ostean, zorionez, amaiera ona izan nuen.

Momentu guztiak birsortu dituzue dokumentalean?

Batetik, ospitale barruko errehabilitazio uneak daude, eta, bestetik, kanpokoak. Nire motibazio nagusietako bat zen ahalik eta ondoen jartzea mendira itzuli ahal izateko. Bide horretan lagun asko izan nituen alboan, eta dokumentalean ere parte hartu dute. Azken finean, prozesu osoa birsortu dugu, eta datu garrantzitsu bat da dokumentala Kolonbian hasi eta buka egiten dela.

Izan ere, hara itzuli zineten. Zer sentsazio izan zenituen?

Birgaitze prozesuaren ostean itzuli ginen Kolonbiara, hobeto nengoenean. Majuyra itzuli ginen zauria ixteko asmoz. Dokumentala grabatzen ari ginela aprobetxatu, eta mendia igotzea erabaki genuen. Arazorik gabe egin genuen ibilbidea, eta lasai nengoen. Yamilek okerrago pasatu zuen, bihotzekoa gogoratzen baitzuen. Gero, 5.000 metroko beste mendi bat ere igo genuen, Cocuyko parke naturalean. Mendi horretan amaitzen da dokumentala, amets bat beteta. Erakutsi nahi izan dut gauzak ondo eginda «bizitza normala» egin daitekeela: ilusioarekin eta motibatuta, lanean, eta medikuaren oharrak kontuan hartuta.

Hori al da ikusleei transmititu nahi diezun mezua?

Mezuetako bat. Dokumentalean gardena naiz, eta, beraz, izan ditudan garai txarrak ere ageri dira. Autonomoa naiz, ekintzailea, eta zenbait proiektu ditut nire gain. Hori dela eta, lanean hasteko baimena eskatu nion medikuari. Ondorioz, ez nuen deskantsatzeko denborarik hartu, eta arazo emozional eta psikologikoak izan nituen. Gainera, oso gogorra egiten zitzaidan kirolaegin ezin izatea. Sarritan, sendatze prozesua nahi baino luzeagoa izaten da.

Halere, egunerokoan gustatzen zaizuna egiten jarraitzen duzu: kirola.

Ospitalean nengoela, beldur nintzen; ez nekien ea aukerarik izango nuen kirola ordura arteko erritmoan egiteko. Kolonbian nengoela hasi nintzen kirola egiten, hango parke batean. Izan ere, bihotzekoaren ostean, denbora batez ezin nuen hegaldirik hartu hona itzultzeko. Medikuek esan zidaten hobetzen ari nintzela, eta horrela jarraitzeko Gasteizera iristean. Hala, mendira joaten hasi nintzen: Olarizutik Gorbeiara. Azken finean, kirola, mendia, bizitzeko era bat da niretzat. Nahiz eta batzuetan estresak rol garrantzitsua jokatu eta buruari buelta asko eman, inportantea da bizitza aktiboa edukitzea.

Dokumentala osatu berri duzue, baita emanaldi batzuk egin ere. Zer harrera izan du lanak?

Joan den astean, dokumentalaren emanaldi bat egin genuen Gasteizen, eta beste bat Madrilen. Protagonistetako batzuk egon ginen bertan, baita produkzio lanean aritu zirenak ere. Halako aurkezpenetan hizketaldi bat ere egoten da; gainera, gonbidapenak banatzen dira lehen emanaldi horretara joateko. Aretoak erabat bete ziren.

Jendaurreko emanaldia, ordea,bihar egingo dugu. Saio bakar bat egongo da, eta asmoa dugu dokumentala zenbait mendi jaialditan aurkezteko gero. Gainera, egindako lan honen helburuetako bat da bi proiekturi laguntzea: SOS Himalayari eta Majuy inguruko basoberritzea oinarri duen bertako herritarren proiektu bati.

Nola antolatu duzue dokumentala?

Dokumentalean hamabost pertsona inguruk parte hartu dute kameren aurrean. Halere, denetarik egin dugu: antolaketa, produkzioa, zuzendaritza, gidoia, grabaketa guneen aukeraketa... Lau eremutan grabatu dugu lana: Errioxa, Murtzia [Espainia], Kolonbia eta Gasteiz. Eta hiru ospitale ere izan dira eszenografiaren parte: Gasteizko Txagorritxu eta Kolonbiako beste bi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.