ATZEKOZ AURRERA. Luz Dary Suarez. FARCeko kide ohia

«Kolonbian, haurrek ikastea baino errazago dute armadan sartzea»

Kolonbiako haurren hezkuntzarekin kezkatuta dago Suarez. Euskal Herrian izan da komunitateko beste kide batzuekin, ikastolen eredua ezagutu eta beren herrialdean ezartzeko asmoz.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
2016ko azaroan sinatu zuten bake akordioa Kolonbiako gobernuak eta FARC gerrillako kideek; ondotik, gerrillan ibilitako gizon eta emakumeek gizarteratze prozesu kolektibo bat abiatu zuten. Luz Dary Suarez (Santander del Sur, Kolonbia, 1984) da bide horri ekin zioten kideetako bat. Lau urte dira Suarezek eta gainerako kideek armak utzi eta komunitatera bueltatzea erabaki zutela, eta kooperatibak sortzean ikusi zuten integraziorako tresna. La Esperanza kooperatibako kide da Suarez, eta hezkuntza proiektu bat martxan jartzea erabaki dute. 0-5 urte bitarteko umeentzako haur eskola bat ireki nahi dute: «Kolonbiako lehenengo ikastola». Suarezek, beste bost kiderekin batera, bi aste eman ditu Euskal Herrian, ikastolen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzen.

Ikastolen eredua ezagutzera etorri zarete Euskal Herrira. Zerekin egin duzue topo?

Kolonbiako hezkuntzan harresiak daude, eta hemen harresiak hausten dira. Ikastoletan ez dago aurrez ezarritako eskema bat, ez dago bereizketarik. Ez daude neskentzako jolasak eta mutilentzako jolasak, eta aniztasun hori zoragarria iruditzen zaigu. Hori Kolonbiara eraman nahi dugu, eta gure seme-alabei erakutsi posible dela beste era batean ikastea.

Harresiak aipatu dituzu; nolakoa da hezkuntza Kolonbian, egun?

Kolonbian, ahal duenak ikasten du; hots, dirua daukanak. Eskola gutxi daude, batez ere landa eremuetan; urrun daude, eta ez daude egoera onean. Horrez gain, eduki guztia aurrez ezarrita dago. Irakasleek irakatsi behar duten materiaren gida bat dute, eta ezin dira gida horretan datorrenetik irten. Marra gorria igarotzeak hankaz gora jarriko luke herrialdearen egitura. Ikasleek aukera bakarra dute: mahaian eseri, eta irakasleak esaten diena idatzi. Kolonbian, haurrek ikastea baino errazago dute armadan sartzea. Gure haurrei historia gaizki kontatzen diete; borreroak eta hiltzaileak izan direnak heroi gisa saltzen dizkiete, gure herria askatu zutenak izan balira bezala.

Nola da posible hori?

Argi dagoelako Kolonbian gerra ez zuela FARCek egiten. 2016an bake akordio bat sinatu genuen, ez bakea. Injustiziak segitzen duen bitartean, Kolonbian ez da bakerik egongo. Guk armak utzi genituen, baina ez diogu utzi borrokatzeari. Orain, beste era batera borrokatzen gara; adibidez, kooperatibak sortuz edo gurearen moduko hezkuntza esperientzien bitartez. Hezkuntza gure armetako bat da orain; hezkuntzarik gabeko pertsona bat estatuarentzako ergel erabilgarri bat da.

Zu zeu gerrillako kide izan zara hemezortzi urtez; nolako hezkuntza izan zenuen?

Nire eta gerrillako kide izandako guztion haurtzaroa oso ezberdina izan zen. Gatazkak gerran parte hartzera behartu gintuen. Han, gerrillari bat zer zen irakasten ziguten: bere herriaren alde borrokatzen den pertsona bat. Ikasketa formalak, berriz, nik birgizarteratze prozesuan hasi ditut. Orain ari naiz ikasten.

Zuek eredu hori irauli nahi duzue. Bidea erraza izango al da?

Ez digute bidea erraztuko, hori ziur. Ezarritako gidatik at mugituko gara, eta, gainera, Euskal Herriko ikastolen eredua izango dugu abiapuntu. Kolonbian, oro har, Euskal Herria terrorismoaren erreferente bat da. Halere, proiektua FARCeko gerrillako kide ohiak bizi garen inguru batean jarriko dugu martxan lehenago; poliki-poliki hasiko gara. Agintariek ezer gutxi dakite ideiaz eta proiektuaz, baina saiatuko dira baliatzen gu gerrillari ohiak garela gure kontra egiteko, seguru. Euskal Herrian bide luzea egin dute ikastolek; gu hasiberriak gara. Haurrak gara [barreak], baina badakit lortuko dugula. Kolonbiako lehenengo ikastola sortuko dugu.

Eta zer ezaugarri izango ditu ikastola horrek?

Nahi dugu gure haurrek benetan jakin dezatela zer den ikastea; identitate bat izan dezatela. Euren hizkuntza ohiturak, balioak eta abar defendatzen ikas dezatela.

Haurtzaindegi bat izango da aldaketaren abiapuntua.

Bai, 0-5 urte bitarteko umeentzako haur eskola bat ireki nahi dugu. Gainera, lehen lana ez dugu haurrekin egingo, gurasoekin baizik. Hezkuntzaren lehen etaparekin hasiko gara, baina gainerako adinetara hedatzea ere bada asmoa.

Sei kidez osaturiko taldea egon zarete ikastoletan. Zein izango da zuen lana Kolonbiara bueltan?

Sustatzaileak izango gara.Guk geuk irakatsiko diegu gure kideei ikastola zer den. Euskal Herrira etorri gara hemengo eredutik ikastera, eta gero hara eramango dugu gure ezagutza. Gure komunitateen eta gizarte osoaren bizi kalitatea hobetu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.