ATZEKOZ AURRERA. Lars Wehring. Ekintzailea eta ikerlaria

«Zerbitzu digitalek gero eta konformistago egiten gaituzte»

Wehringek dio etorkizunean Amazon, Facebook edota Google gai izango direla komunikatzeko moduak eta pentsamenduak eraldatzeko: horretarako erabiltzen ari diren metodoak ditu aztergai.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zerbitzu digitalek etorkizunean eskainiko dituzten aukerek erabat baldintzatuko dituzte lanpostu digitalak. Hala uste du Lars Wehring ikertzaileak (Wuppertal, Alemania, 1969 ), eta baldintza horiei aurre egiteko antolakuntzan aritzen da. Komite Internazionalistek Bilbon antolatutako Kapitala ala Bizitza jardunaldietan izan da, kapitalismo digitalari buruz hizketan.

Zer egiten dugu Interneten klik egiten dugunean?

Google, Facebook, Amazon eta halako enpresen itxaropenak betetzen igarotzen dugu denbora gehiena. Klik egiteak informazioaren gaineko kontrol sentsazioa ematen digu, baina errealitatean konpainia horiek aurrez diseinatutako bideetatik komunikatzen ari gara.

Kapitalismo digitalak zer dakar, erosotasunaz aparte?

Lan baldintzen eraldaketa. Kapitalismo digitalaren elementuetako bat lan baldintza prekarioak dira.Deliveroo eta halako zerbitzuetan, adibidez, langileek ez dute harremanik euren artean; bakarrik egiten dute lan. Halaber, lantoki birtualak dituzte, eta, lan baldintza horiekin, antolatzea oso zaila da.

Eta eragiten dio erabiltzaileari?

Zerbitzari digitalak erabiltzean ahaldundu egiten garela uste dugu, baina, izatez, aurrez zehaztutako aukera ezberdinen artean soilik aukeratu dezakegu. Nabigatzaile sistemek erakusten digute ez garela uste bezain indibidualak eta erabiltzaileak gero eta uniformeagoak garela, beraiek iradokitako eran portatzen garelako. Zerbitzu digitalek gero eta konformistago egiten gaituzte.

Zer lortu nahi du sistemak honekin guztiarekin?

Sistema ez da panpinak izango bagina bezala maneiatzen gaituen norbait: estatuaren eta multinazionalen arteko interes nahasketa bat da, eta bere helburua da erabiltzailea konformismora eramatea. Erabiltzaileen datu, nahi eta jarreretan dute interesa; datu horiek aztertuz, norabide jakin bateko informazioa ematen digute, eta beraientzat egokienak diren aukeretara bideratzen gaituzte. Beren helburua da erabiltzaileak ahalik eta denbora gehien online mantentzea, gero eta datu gehiago jasotzeko, baita daturik intimoenak ere. Negozio digital berriak erabiltzaileen datuak eskuratzean oinarritzen dira, zerbitzu digitalak kobratzean baino gehiago.

Zer metodo erabiltzen dituzte komunikazioaren multinazionalek komunikatzeko moduan edota pentsamenduetan eragiteko?

Beraien zerbitzuei jarrai diezaiegun seduzitzen gaituzte. Googlek, adibidez, dohainik eskaintzen digu itzulpen zerbitzua: guk gure testuak ematen dizkiogu, eta, horrela, adimen artifizialeko autoirakaskuntza programak entrenatzen dituzte. Facebookek, bestalde, erabiltzaile bakoitzaren pentsamenduak eraldatzen ditu, erabakiz zer informazio den baliagarria bakoitzarentzat: hau da, gure lehentasunak ordenatzen ditu, albiste eta mezu jakin batzuei ikusgarritasun gehiago emanez.

Sistema horien bidez, norbere mundu ikuskerarekin bat egiten duten informazioak soilik onartzen dira?

Ideologikoki ez, baina gure pentsamoldera egokitzen dira. Zerbitzu digitalek erabiltzaileen gustuak baliatzen dituzte seduzitzeko. Halaber, informazio asko onartuz gero, norbere munduaren ikuskerarekin bat datozenak bakarrik hartzen ditugu, eta gainontzekoak baztertzen.

Esan duzu: «Adimen artifizialak homogeneizatu egiten ditu pertsonak, aberastu ordez». Nola?

Egunerokoan, zerbitzu digitalak nonahi aurki ditzakegu, eta proposamenak egiten dizkigute. Erabiltzaileek erabaki dezakete zerbitzarien aholkuei jarraitu nahi dieten edo ez. Horixe da homogeneizazio prozesua: banakotasuna galtzea zerbitzu digitalen aholkuei jarraika.

Bada munstro datu-jale horien alternatibarik?

Hasteko, ez genuke onartu behar haien zerbitzurik, eta nabigatzaile propioak eraiki beharko genituzke. Alternatiba horiek, baina, ez dira nabigatzaile komertzialak bezain erabilerrazak, eta ez dira aukera erreal bat milioika erabiltzailerentzat. Azken finean, gure esku dago erabakitzea zerbitzu errazak erabili nahi ditugun edo gure autonomiari eutsi nahi diogun.

Google eta Amazonen gisakoak egunerokotik desinstalatzeko heziketak kolektiboa behar luke izan?

Beharrezkoa da kolektiboa izatea, banaka ez baitaukagu gauza horiek guztiak ikasteko denborarik. Kolektiboak sortu eta gure trebetasunak zabaldu behar ditugu. Guztiok batzea da programatu gabeko etorkizun bat lortzeko alternatiba bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.