ATZEKOZ AURRERA. Eugene Green. Idazlea eta zinemagilea

«Atarrabik ene ikusmoldea islatzen du: dena da misterio»

'Atarrabi eta Mikelats' mitotik abiatuz fikziozko filma grabatzen ari da egunotan Euskal Herrian. 2020aren hastapenerako ikusgai izanen da gaur egungo gizartea kritikatzen duen euskarazko filma.

LUKAS HIRIART.
Ainize Madariaga
Landibarre
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Azkonbegiko kapera nekez ezagut daiteke berezkoa duen paisaia bukolikotik at. Izan ere, Eugene Green (New York, 1947) zuzentzen ari den Atarrabi eta Mikelats filmaren grabaketak erabat mozorrotu du gunea, 30 laguneko lantaldearekin eta kamioiekin. Galderei gogotik erantzun die, eta barkamena eskatu du euskaraz hitz zenbait baizik ez jakiteagatik.

Euskal Herrian egin zenuen azkeneko film luzea: Faire la parole.

Preseski, Atarrabi eta Mikelatsen filma egiteko ideia jin zitzaidan Faire la parole-ren (hitza egin) grabaketa denboran. Izatez, mitoaren bertsioetako bat ezagutzen nuen Jose Migel Barandiarani leiturik; hala, gazteek aitortu zidaten ez zutela haren berririk. Haien ustez, klerikalegia da. Izan ere, Atarrabi apez bilakatzen da, baina, hausnartu ondoren, mitoari zentzu pertsonala atzeman diot. Mito oro zentzu anitzen eramaile da, baina istorioan aurkitu dudan gauzetako bat izan da XVII. mendeko jesuiten eta jesulagunen arteko aurkakotasuna, zeinaren sustraiak euskaldunak baitira. Jean Ambroise Duvergier de Hauranne, zeina Saint Cyraneko apez gisa ezagutua izan baitzen, jatorriz Baionakoa zen. Hark eta [Cornelius] Jansenek Port Royaleko teologia berria garatu zuten. Funtsean, jesulagunek diote orok duela aski grazia, eta nahiko da arrazoia baliatzea. Hala, ez gara jokaeraren jabe, arrazoiak baitu dena justifikatzen. Jansenisten aburuz, ezin dugu deus egin graziarik gabe, grazia jainkoaren esku dagoen misterio bat delako, kanpotik ezin behatuzkoa. Hala, ona izatea bilatu behar da, jakin gabe salbamendua segurtatua ote denez. Humanitatearen goi mailako kontzeptua da.

Atarrabi jansenista eta Mikelats jesulaguna?

Atarrabik uste du kaltetua dela Deabruak itzala ebatsi baitio, filmean Udanak erraten baitio: «Argia zure baitan duzu». Azkenean, grazia badu eta beti ongia du egiten; are, ene bertsioan mirakulu bat ere egin du: hildako neskato bat berpiztu. Anaiak, berriz, bere burua libre ikusten du herioaz libratu baita Deabruari zin egin ondotik. Azken batean, arrazoiaren esklabo da, uste baitu dena erosgai dela. Hala, Mikelatsek oraingo mentalitatea adierazten du, zeinak baitio dena saleros daitekeela, eta oro justifikagarri dela arrazoia dela medio. Atarrabik, berriz, ene ikusmoldea islatzen du: dena da misterio. Basajaunak honako hau dio: «Dena dakizu, baitakizu deus ez dakizula eta oro dela misterio».

Oraingo gizartearen kritika dea?

Berez, baikorra naiz. Baina oraingo munduaren egoerak deprimitzen nau. Badira 50 urte ikusten dudala Europa lerratzen ari dela Barbariako (Ameriketako Estatu Batuak) gizarte batera, zeinean oro salerosten baita; alta, bazen jendeen arteko loturarik. Ustezko garapen teknologikoak gizakia gizakien mundutik uxatzen du. Hala, Deabruak dio: ordaintzen duzuna eskuratzen duzu. Beraz, bada kritika.

Udana pertsonaia asmatu duzu.

Fikziozko gaiak beti nonbaitetik heldu zaizkit. Kasurako, ibilbide dramatikoari zentzu bat emateko, pertsonaia hori jin zait horrela. Atarrabik fraide izan nahi du, baina ez diote uzten itzalik ezin baitu, gisa berean, maitemindua den neskarekin esposatu arrazoi berarengatik. Udanak du ikusten goragoko izaki bat dela, eta bi mirakulu eskatu eta egiten dizkio: ortzantzaren gibelatzea uztaren salbatzeko eta Usoari bigarren bizitza ematea, horren aita sinbolikoa bilakatuz.

Pertsonaiak pantailaren erdian kokatzen dituzu, adierazpen korporala murrizten duzu eta ahozkotasunari garrantzia ematen.

Errealitatean eta pertsonaietan gordea den energia bilatzen dut beti. Horregatik jokarazten ditut manera batez, ez baitut nahi zineman ikusten dudan faltsukeria. Eskatzen diet beren buruari mintzatuko balira bezala aritzea; barnetik, eraikuntza intelektuala kalkatu gabe. Mintzaira sinpleak dira forma literarioekin; egunerokoan baliatzen ez direnak, eraikuntza psikologikoak egiten bilatu gabe. Hitzak materia bilakatzen dira eta fisikoak; horrek aktorea energia espirituala askatzera ekartzen du. Horregatik eskatzen diet hitzen arteko loturak ahoskatzea, egunerokoan egiten dutenaren kontrara, pertsonaiaren barnean sartzen saiatu gabe. Hala, zerbait sakona da, barne-barnetik datorkiena. Euskaraz Audrey Hoc izan da ene aholkulari linguistikoa. Eskatu du denek batuaz ahoska dezaten: «ez dut» erran beharrean «eztut». Itxaro Bordak ere itzulpena batuaz egin du, ene estiloa atxikiz.

Filma euskaraz izanen da.

Funtsezkoa zait. Egia erran, ingelesez egin izan bagenu, erraztasun askoz gehiago ukanen genukeen, baina ez zukeen inolako zentzurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.