ATZEKOZ AURRERA. Amets Aznarez. Gazte Txarangako tronboi jotzailea

«Zirraragarria da festaren parte izatea»

Sanferminetako ekitaldi askotan egoterik ez badu ere, sanferminak txarangan jotzen bizi izatea bezalakorik ez da Aznarezentzat. Egunero ari da jo eta jo. Moldatu behar izan du gizonez inguraturik egotera.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Sanferminetako ezinbesteko osagai dira txarangak; tartean, peñekin karriketan gora eta behera ibiltzen direnak. Horietako bat da Bronce peña laguntzen duen Gazte Txaranga, eta hango kide Amets Aznarez (Iruñea, 2001). Tronboiaren irristailua astintzen eman ditu egunak, eta oraindik badu lanik igandera arte.

Zer lan duzu egun hauetan?

Egunero jo behar dugu. 6an ez genuen jo, baina 7an goiz goizetik hasi ginen, eta egun batzuetan goizez eta arratsaldez jotzen dugu, eta besteetan arratsaldez eta gauez.

Listu falta ibiltzen zarete?

Egia esan, beroarekin, gaizki pasatzen dugu, baina peñakoek oso ongi zaintzen gaituzte: zerbait behar dugun galdetzen dute, edaria ekarri...

Lan mentala egin behar izan duzu sanferminen aurretik?

Pixka bat, bai. Gutxienez, antolatu behar dut zein egunetan atera eta zeinetan ez. Gainera, sanfermin hauetan DJ ari naiz Selektoras de Guerrilla taldearekin. Beraz, antolakuntza handia behar dut.

Zein da jotzea gehien gorroto duzun kanta?

Badaude gorroto ditudan batzuk... Agian, Dos hombres y un destino. Txarangarekin peñak eskatzen dituen kantak jo behar ditugu, baina DJ moduan hori ez da gertatzen.

Txarangetako musikariak umorez eta aldarte onean ikusi ohi dira. Egia da edo antzerkia?

Unearen arabera. Alai eta gogotsu esnatzen zara 7an, baina, 13an, gauerdian, ez duzu irribarre egiteko gogorik. Oso nekaturik zaude, eta tronboia etxean utzi nahi duzu.

Damutu zara txarangan aritzeaz?

Ez, ez. Lo pixka bat egiten duzu, eta pasatzen zaizu guztiz.

Nola bizi izaten dira sanferminak txarangarekin jotzen?

Oso ezberdina da. Lehen joaten nintzen bertso saioetara eta jazz kontzertuetara. Egunez bizi izan nituen sanferminak. Tira, gauez ere bai. Iaz txarangan hasi nintzenean konturatu nintzen ezin nintzela horietara joan. Baina iazkoak, nire bizitzako onenak izan ziren, dudarik gabe.

Zergatik da bereziago?

Zirraragarria da zu festa horren parte aktibo izatea. Peñetako giroarekin ere harritu naiz, zentzu onean. Bestalde, musika ikaslea naiz, eta txarangan dauden profesionalekin pila bat ikasten dut.

Zein izan da bizi izan duzun egoerarik surrealistena txarangarekin?

Iaz, zaparrada bota zuen, eta peña batean sartu ginen. Bat-batean Bronceko lau zoro oihal oso handi batekin etorri ziren, eta eraman gintuzten horren azpian jotzen gure peñaraino. Hori sekulakoa izan zen.

Eta une goxo bat?

Kaleak lepo daudenean, adibidez, Estafetan, asko gustatzen zait peñetako kideek gure inguruan harresi bat egiten dutenean bide emateko.

Musikarien lana errespetatzen du jendeak?

Bai, errespetua badago sanferminetan. Etxeko jendea dagoen tokietan jendea berehala baztertzen dapasatzeko, eta edaria ateratzen dizute.

Nolakoak dira besten aurreko egunetako prestaketa?

Egun trinkoak egiten ditugu. Normalean igandero lau orduko entseguak egiten ditugu, baina, sanferminetan hamar ordu jarraian jo behar duzu; beraz, erresistentzia landu beharra dago.

Maratoi bat prestatzea bezala, ia.

Entrenatu behar da, bai.

Zenbat udako kanta jasan ditzakezu jarraian?

Nahikotxo. Txarangan ez ditugu osorik jotzen, jendeak baten bat jotzen ikusten bazaitu beste bat eskatzen dizulako. Beraz, kanta guziak lotu eta jarraian jotzen ditugu, batez ere, errepikak. Hori errazago aguantatzen dugu.

Eta DJ gisa?

Rosalia ez dut jartzen, dagoeneko.

Gustatuko litzaidake hitz egitea emakume izateaz txaranga batean. txarangen munduan sartu nintzenean ez nuelako topatu erreferenterik. Eremu erabat maskulinoa zen, 15 urterekin hasi nintzenean. Orain, Gazte Txarangan bi neska gara, eta hori izugarrizko aldaketa da. Festaren eremuan aritzen gara, eta komentarioak oso bortitzak izaten dira. Txarangan udan 30 egunez ia 24 orduz gaude elkarrekin, jai eremuan.

Ez da eremu erraza, beraz?

Txarangan adiskidekeria dago, nahiz eta musika maila ere balioan jarri. Emakume gisa, hori da lehenbiziko oztopoa. Bigarrena, musika kalitatea demostratzea. Emakumeak dituen txaranga bat ikustean pentsatu behar dugu bi iragazki are zailago pasatu behar izan dituztela.

Gehiago kostatzen da emakumeak sartzea beste tokietan baino?

Oholtza gainean proiektu bat ateratzea errazagoa da, jende gutxiago behar delako. Gero, ez dira hainbeste tronpeta, tronboia, helikoia edo kaja jotzen dituzten emakumeak. Gainera, txarangak normalean ez dira proiektu politiko bezala hartzen. Politikoa da ni emakume gisa hor egotea, eta egoerara moldatzea, baina lan gisa ikusten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.