ATZEKOZ AURRERA. Aurelio Sedano. Kalderapekoko zerbitzaria

«Orain, gazte gutxiago datoz tabernetara»

Eguerdian, Zazpikaleetara, eta, gauean, txosnetara: hala mugitzen da jende gehiena Bilboko Aste Nagusian. Kalderapeko tabernak bazkalorduan izaten ditu bezero gehien; han aritzen da Sedano.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Aste Nagusi askotako eskarmentua du Aurelio Sedano Gonzalez (Barakaldo, Bizkaia, 1964) Kalderapeko tabernako langileak. Urteak daramatza zerbitzari, eta askotan egokitu zaio Bilboko jaietan lan egitea. Esan arren «gauez irteteko adinik ez» duela, gozatzen du giroaz, «lasai», lanaldia bukatutakoan buelta bat ematea gustatzen baitzaio.

Nolakoa da Aste Nagusiko giroa?

Zazpikaleetan, eguerdi-arratsalde aldekoa da, batez ere. Jende gehien dagoen momentua da. Gauean, jendea txosnetara joaten da, eta tabernetan gutxiago egoten da. Hemengo publikoa ez da gazteena izaten; oro har, jende nagusiagoa izaten da. Trikitia, fanfarrea... halako giroa egoten da eguerdian.

Arazorik egoten al da?

Gauean arazo gehiago egon ahal dira eguerdian baino. Hona datozenak etxetik irten berriak dira, eta bazkaltzera datoz, edo, arratsaldean, poteatzera.

Aldaketarik ikusi duzu azken urteetan?

Oro har, ez. Aldaketarik nabarmenena gazteen kopuruan antzeman dut. Duela urte batzuk, gazte gehiago egoten zen tabernetan, eta denbora gehiago irauten zuen zabalik. Orain, gazte gutxiago datoz, eta arinago ixten dira. Baina aldaketa hori aspaldikoa da. Azken urteetan, giroa antzekoa izaten da. Egunaren arabera alda daiteke: lehenengo larunbata indartsua da, jende pila irteten da. Igandean eta astelehenean, giroa erlaxatzen da, eta, asteazkenetik aurrera, berriro suspertzen da.

Lehiakortasunik ba al dago ostalarien artean?

Ez, hemen bakoitzak berea egiten du, problema barik. Guztiontzako lana dago.

Eta txosnekin?

Ezta ere. Bakoitzak bere giroa dauka. Txosnarik ez balego, jende gutxiago etorriko litzateke. Haiek beren lana egiten dute, eta guk gurea. Guk bazkariak ematen ditugu, beste batzuek afariak... Asumituta daukagu gauez jendea txosnetara joaten dela, Zazpikaleetako tabernetan gaua galduta dagoela.

Noiz egoten da lan handien?

Lanik handiena prestakuntza da, eta eguerdiko partea. Giroa 13:00etan edo 14:00etan hasten da, 21:00ak arte. Bazkari asko zerbitzatzen ditugu, eta sasoi horretan dugu mugimendu handiena.

Zein da zure lanaldia?

Egunero egingo dut lan. Prestakuntza guztia egingo dut aurretik, eta gero taberna zabaldu. 19:00etan edo 20:00etan itxiko dut; agian, bederatzi ordu egingo ditut lan, jarraian. Gauean, hiruzpalau lankide baino ez dira geratuko, guk ez dugulako afaririk ematen.

Jaiegun hauek lanean emango dituzu edo zuk ere ondo pasatzeko aukera izango duzu?

Normalean, lanetik irteten naizenean, 20:00 inguruan, buelta bat ematen dut lasai, nire neska lagunarekin edo lagunekin. Jada ez daukat gauez ibiltzeko adinik, gazteagoa nintzenean bezala. Nahiago dut hurrengo egunean lanean ondo ibili.

Eta nolakoa da ingurukoak parrandan dabiltzala ikusi eta norbera lanean egon behar izatea?

Jada ohituta nago. Hamasei urte daramatzat Zazpikaleetan lan egiten, eta aurretik ere zerbitzatzen ibilia naiz. Nire lana egiten dut, pazientzia guztiarekin. Ez badaukazu egun txarrik, ez dago arazorik. Egun txarra izatekotan, askoz gehiago kostatuko zaizu, baina, normalean, eramangarria izaten da.

Aste Nagusia bukatu eta gero, zer?

Hurrengo astean zehar, egin beharrekoak egin behar dira, garbiketa eta abar. Taberna itxita egongo da lauzpabost egun horietan, deskantsatu ahal izateko, eta egunero bi orduko lana baino ez da izango. Asteburuan, berriz zabalduko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.