Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Aitziber Garmendia. Aktorea

«Euskarazko antzerkia aberatsa da, eta aberasten jarraitu behar dugu»

Bost antzezlan ditu martxan gaur-gaurkoz Garmendiak. Berriena 'Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio)' izan da: estreinatu baino hiru ordu lehenago amaitu dira hamar emanaldietarako sarrerak.
MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2019ko irailak 6 - Donostia

Emanalditik emanaldira eta elkarrizketatik elkarrizketara dabil Aitziber Garmendia aktorea (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982). Halaxe dago, nekatuta, ahotsa urratuta, eta, hala ere, bizi-bizi. Bost obratan dabil: azkena, Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio). Donostiako sarrera guztiak agortuta, handik kanpo emateko gogoz dago.

Sarrera guztiak agortuta: horrela lan egin daiteke, ezta?

Abuztu osoa horrelakoa izan da, gainera! Aurretik, astebete egon gara El enjambre-rekin, Erlauntza-ren gaztelaniazko bertsioarekin, eta berdin. Beldur ginen, gu ezagutzen gaituen publikoa euskalduna delako, baina funtzionatu zuen. Txanogorritxo-rena izan da harrigarriena: estreinatu baino hiru ordu lehenago dena agortuta zegoen, eta hori ez da askotan pasatzen; are gutxiago hamar egun segidan emango bada. Sekulako esperientzia izan da.

Zer moduz hartu dute ikusleek?

Oso ondo. Iruditzen zait oraindik ere buelta pare bat eman dakizkiokeela testuari, baina ez da nirea: zabaldu egingo nuke, heteroarauan oinarrituta dagoelako erabat. Antzerkian, publikoa identifikatua senti dadin gustatzen zait: denengan eta sexu orientazio guztietan pentsatu behar da. Maitasunaz ari bagara, ezin da soilik heteromaitasunaz aritu. Horixe aldatuko nuke.

Esan izan duzu idazteko gogoa duzula: animatuko zinateke lan hau heteroarautik aldentzen?

Beharbada, ez testu hau: zerbait berria sortu nahi dut. Beste zeozer kontatuko nuke: sexu gerra hori, emakumeak gizonen kontra... Ez, ez nuke egingo. Umorea idazteko beste tresna batzuk erabiliko nituzke. Urte batzuk dira idazten hasi nintzela; tiraderan gordeak ditut nire perla txikiak: noizbait, josi, eta taularatzeko moduan izango dira.

Pasarte batean diozu: «Bikotekideak entzun zaitzan nahi baduzu, emakume bat da bilatzen duzuna».

Nik sartua da. Testuaren zenbait zatirekin ez nago ados, eta horrela sartu genuen. Une batean dio: «Emakume baten gisan portatzen ari den gizona gezurretan ari da». Ez nago ados, baina moldaketa hor sartzeko aprobetxatu genuen. Umorea, maiz, topikoetatik abiatzen da; obran, askotan, oso ondo josita daude, baina beste batzuetan, ez. Ez da egia ez dagoela mutilik sentimenduak adierazteko gai denik, neska guztiok entzuten ez dakigun bezala.

Otso emea, maitasun porrotak umorez gainditzen dituena, galtzeko zorian dagoen espeziea da?

Bai. Gaur egun, harreman baten amaiera porrota da, baita 40 urte ingurura bikotekide finkorik gabe iristea ere. «Gaixo honek ez du zorterik eduki, ez du harreman finkorik lortu», esango dute. Nire ustez, ordea, kontrakoa izan daiteke: bata bestearen atzetik ezagutuz, bere bizitza aberastu du. Zergatik da porrota, eta ez sekulako arrakasta? Gizarteak ez du horrela ulertzen.

Bost antzezlan batera: zer moduz?

Esan beharko nuke: «Oso gustura, zorte ikaragarri oneko sentitzen naiz: aktoreen %80 langabezian dagoela, sekulako pagotxa da». Oso kontziente naiz horretaz, baina oso-oso nekatuta nago. Badakit baiezkoak nire ahotik atera direla, baina bizitzan lehenengo aldiz sentitu dut behatzak harrapatu ditudala: gorputzak «bale» esan dit.

Eta Gure Kasa martxan jarri berri.

Pixa eserita egiteko denborarik ez daukat [barreak]. Gosaldu ere zutik egiten dut: bidesari hori ordaindu dut. Ez daukat denborarik, ez ja nire lagun edo familiarentzat: ez daukat denborarik neuretzat. Sakrifizio ikaragarria da niretzat.

Zein litzateke neurri egokia lan egin baina lasai bizi ahal izateko?

Telebistan, gehienez, bi-hiru hilabetero berritzen digute kontratua. Ez digute ziurtatzen saioa irailetik ekainera izango denik: tarte horretan telebistan lana daukadala jakingo banu, hiru antzezlanekin nahikoa izango nuke. Garai batean, telebistan lan egiteak ematen zidan egonkortasuna: gaur egun, antzerkiak ematen dit. Telebista aldatu egin da, eta horrek ondorio asko izan ditu. Eta telebista publikoaz ari gara.

Moriartikoen Mateoren ama film laburrean aritu zara: zineman sakondu nahiko zenuke?

Bai, asko. Gutxi egin badut, ez da gogo faltagatik izan, deitu ez didatelako baizik [barreak]. Zinema asko gustatzen zait, eta Moriartikoekin pila bat gozatu dut. Ez dira edozein, baina ez da izen kontua soilik: lanean hasi orduko konturatu nintzen zeinen onak diren.

Hasi zinenetik, zer aldatu da euskarazko antzerkigintzan?

Aldaketa sekulakoa izan da. lehenengo kontratua 18 urterekin lortu nuen, eta 36 ditut: bizi erdia. Euskara asko programatzen da, baina gehiago behar da. Askotariko obrak programatzen dira, ez soilik komertzialak, eta oso deszentralizatuta dago. Antzerkiak eta euskarak asko irabazi dutela iruditzen zait: euskarazko antzerkia aberatsa da, eta aberasten jarraitu behar dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: sanferminetako txupinazoa

Osasungintzako langileei eta AEA dutenei eskaini die txupinazoa Unzuek

Berria

Lehertu da festa Iruñean. Aurten ere ikurrina, Nafarroako eta euskal presoen eskubideen aldeko banderak izan dira plazan; baita GKSko bat ere.

Banatzaile bat zenbait oinezkoren artean pasatzen, Iruñeko San Nikolas karrikan, San Fermin bestak hasi aurreko egunean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Iruñea, lehertzeko prest

Ane Etxandi Marin - Itsaso Jauregi

Aurten bai, itzuliko dira sanferminak Nafarroako hiriburura. Aurreko egunetan hiria prestakuntza lanetan murgilduta egon da. Bi urteko etenaldiaren ondoren, iruindarrak festak ospatzeko eta zapi gorria janzteko gogoz gainezka daude. BERRIAk zuzenean emango du 11:00etatik aurrera.

 ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Publikoa gertu sentitzea, horixe eskertzen dut»

Miren Mujika Telleria

Kantuen bertsioak egitea du pasio Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariak. Urteak dira horiek abestuz bizi dela, eta hala konkistatu ditu Euskal Herriko makina bat plaza.
Saran, Ezkertegia etxearen parean, erromatar galtzada gainean, gidak kontatu ditu kontrabandoaren nondik norakoak; gibelean Nafarroa ageri da. ©GUILLAUME FAUVEAU

Kontrabandoa, diru bandoa

Ainize Madariaga

Mugari abantaila ekonomikoak atera izan dizkiote mendeetan. Sarako bisita gidatuak kontatu ditu nondik norakoak. Mixel Gerendiainek bereak kontatu dizkio BERRIAri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.