ATZEKOZ AURRERA. Laura S. Maquilon. Idazlea

«Zientzia fikzioa egiten duten andreak 'rara avis' gisan tratatzen dituzte»

Zientzia fikzioa eta feminismoa uztartzen dituen Ansible Fest jaialdian izan da Maquilon, emakumezko idazleen ikusgarritasunaz hizketan: ikusezin egin nahi izan dituzten arren beti egon direla defendatu du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Iazko emaitzarekin pozik, bigarrenez egin dute Ansible Fest Bilbon, zientzia fikzioa eta feminismoa uztartzen dituen jaialdia. Han izan da Laura S. Maquilon idazlea ere (Murtzia, Espainia, 1992), dozenaka gonbidaturekin batera: bi aldizkaritan lan egiteaz gain, bere ipuin propioak idazten ditu, eta soilik emakumezko idazleen lanen berri ematen duen La Nave Invisible webgunean parte hartzen du. Horixe da trukean jasotzen duena: emakume horien lanak ezagutaraztearen plazera.

Emakumeak zientzia fikzioa dira zientzia fikzioaren barruan?

Batzuetan hala dirudi. Duela gutxi entzun nuen, irratian, ia ez dagoela zientzia fikzioa lantzen duen emakumerik. Duela urte batzuk, tira, baina, azken urteetan, emakumeak izan dira nazioarteko sari ia guztiak jaso dituztenak. Espainian, boom moduko bat egon da, eta, hala ere, rara avis gisara tratatuak dira: normaltzat hartzen hasteko ordua da.

Zer toki izan dute emakumeek zientzia fikzioan?

Kritikari gehienak bat datoz emakume bat izan zela generoko lehena idatzi zuena: Mary Shelley, hain zuzen, Frankenstein-ekin. Horren aurretik, argitaratu ziren beste gauza batzuk, protozientzia-fikziotzat har ditzakegunak: esaterako, Margaret Cavendishen The Blazing World edo Tomas Mororen Utopia. XIX. mendean, idazten zuten emakumeek senarraren izenarekin idazten zuten, eta, batez ere, beldurrezkoak-gotikoak idatzi zituzten;XIX. mende bukaeran hasi ziren utopia feministak idazten. Sufragisten garaia zen: mugimendu handia egon zen Ingalaterran eta AEBetan. Gero, idazleren bat edo beste egon zen 1930eko eta 1940ko urteetan, Pulp literaturarekin. 1970etik aurrera indartu zen, eta asko izan ziren idatzi zuten andreak. Eta, hori hala izanik ere, uste orokorra da emakumeek ez dutela zientzia fikzioa landu izan, eta ez da egia: idatzi dute, baina ez dituzte aintzat hartu.

Zein da gaur egungo panorama?

Espainian proiektu pila bat daude. Gu 2016an hasi ginen La Nave Invisiblerekin, eta horren aurrekoa Alucinadas baino ez dut ezagutzen, antologia bat: bost ale atera zituzten. 2016tik aurrera, bestelakoak sortu ziren, emakume idazleak eta haiek idatzitakoak sustatzeko. Hor kokatzen gara gu, baita Leo Autoras Fantásticas edo Adopta una Autora ere. Ez dira soilik zientzia fikzioa lantzen duten idazleetara mugatzen, dena den. Txilen La Ventana del Sur sortu zuten, esaterako.

Hiru urte daramatzazue La Nave Invisiblerekin: zer moduz?

Nevsky argitaletxeak botatako txio baten harira, deialdi bat egin, eta hala elkartu ginen. Hamahiru-hamabost lagun hasi ginen, eta 30 bat gara gaur egun: bakoitzak ahal duen heinean parte hartzen du.

Zergatik dira beharrezkoak halako proiektuak?

Emakumezkoen lanak ez dira saltzen arrazoi askorengatik: ez dago arrazoi bakar bat. Batetik, gutxiago publikatzen dira, eta, bestetik, gutxiago iragartzen dira. Guk irakurleen ohituretan eragin nahi dugu: lan horiek existitzen direla jakinarazi, eta zer lantzen duten kontatu. Askok idatzi izan digute eskerrak emanez: azken batean, publizitatea egiten dugu, doan.

Nola zaletu zinen zeu?

Asko irakurri izan dut umetatik. Gero, Harry Potter irakurtzen hasi nintzen; izatez, Harry Potter-etik Game of Thrones-era egin nuen salto zuzenean. Irakurtzeaz gain, idaztea ere gustatzen zitzaidan; oso pozik nago, iaz espero baino testu gehiago publikatzea lortu bainuen.

Asko kosta zitzaizun?

Ezezko asko jaso nituen, ez pentsa. Publikatzea lortu dudan kontakizunak ez dira lehenengo saialdian onartuak izan. Pazientzia asko behar da. Esaterako, nire bigarren liburua uste nuen ez nuela sekula argitaratuko. Kontakizun luze bat da: luzeegia antologia batean sartzeko, eta motzegia nobela baterako. Hati argitaletxeak deialdi bat egin zuen edozein generotako lanak bidaltzeko, eta haiek argitaratu didate.

Zerk bereizten ditu zure kontakizunak?

Beti saiatzen naiz ikuspegi feminista izaten, sexu orientazioen eta arrazen aniztasuna bermatzen... Ez dut behartzen: horrela ateratzen zait. Batzuetan heterosexualak sartu beharrean aritzen naiz [barreak].

Emakumeen lanak ezagutarazteko propio sortutako baliabideak beharko ez diren eguna iritsiko dela uste duzu?

Hala espero dut, nahiz eta panorama ez den oso itxaropentsua. Baikorra izan nahi dut, zerbaitegatik ari garelako lanean, baina ezkortasuna gainezka dago inguruan. Amorru handia ematen dit gomendioen zerrendetan emakume bakarra ikusteak, eta beti da berbera: badaude gehiago! Gu gure aletxoa jartzen saiatuko gara, ondorengoek pixka bat errazagoa izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.