ATZEKOZ AURRERA. Eduardo Alfaro. Arkeologoa

«Izenek euskal jatorria izan dezaketela ez diot nik, linguistek diote»

Antzinako euskararekin lotura izan lezaketen izenak ageri dira Soriako hainbat hilarritan, Tierras Altas inguruan. Erromatarren garaiko transhumantzian egon liteke horien jatorria, Alfaroren arabera.
BERRIA

Julen Aperribai -

2019ko irailak 13
Euskara arkaikoarekin lotura izan lezaketen izenak ageri dira Soriako (Espainia) hainbat hilarritan, Tierras Altas inguruan. Bi hamarkada daramatza horiek ikertzen Eduardo Alfaro arkeologoak (Miranda Ebro, Espainia, 1959), bere doktore tesiaren barruan. Hilarrietako batzuekin erakusketa bat osatu dute uda honetan Soriako Santa Cruz de Yanguas herrian.

Jatorri zelta edo erromatarra zuten hilarriak ikertzen hasi, eta jatorri euskaldunekoak topatu dituzue?

Lehenagokoa da kontua. Inguru hau jatorri zeltiberiarrekoa da, baina zenbait ikerlarik jatorri horrekin bat egiten ez zituzten izenak topatu zituzten, 1940ko hamarkadatik aurrera. Nire doktore tesia zela eta, 2001ean hasi nintzen hilarriak ikertzen, eta jatorri zelta ez zuten hogei pieza baino gehiago aurkituak zituzten ordurako. Antestius Sesenco izena ageri zen haietako batean. Joakin Gorrotxategi EHUko Indoeuropar Linguistikako katedradunak esan zigun sesenco izen horrek euskarazko zezenko hitza izan dezakeela jatorrian. Hori mugarria izan zen. Halako hainbat adibide zeuden, izen-abizenekin lotuta.

Aurrekariak baziren, beraz.

Ez ditut ezerezetik 30 edo 40 hilarri topatu. 1920ko hamarkadatik aurrera, jada hasi ziren zalantzak izaten ordura artekoarekin. Duela pare bat hamarkada indar handiagoa hartu zuen izenen jatorria antzinako euskararekin lotzen zuen teoriak. Euskal Herriko eta Errioxako unibertsitateetako hainbat autorek ere adierazi dute inguru hau, onomastikaren eremura eramanda, baskoia izan litekeela.

Bada nahikoa froga hori baieztatzeko?

Piezak hor daude. Nire ikerketa arkeologiara mugatzen da, baina aurkitutako izenek euskal jatorria izan dezaketela ez diot nik; linguistek diote, eta adostasuna dago ikuspegi horren inguruan. Interpretazio horietatik abiatuta, nik neurea egin dut. Euskal jatorriak bazkarekin eta abereekin lotura duela uste dut.

Garai hartako transhumantzia izan liteke arrazoia?

Udan milaka abere hazteko moduko larreak ditugu hemen, baina, neguan, hotzarekin, beste larre batzuetara eraman behar izaten da ganadua. Badakigu ohikoa izan dela neguan abereak Sierra Morena aldera eramatea. Zergatik ez, orduan, ipar ekialdera eta, beraz, Errioxara eta Nafarroako Erriberara? Hori da nire azalpena: abeltzainek inguru horretara jotzen zuten neguan, eta udan, aldiz, Soriako lurretara itzultzen ziren. Kontuan hartu behar da inguru honetan abeltzaintza izan dela aberastasun iturri nagusia.

Badira bestelako teoriak ere, jatorria Sertorioren garaiko gerretan egon daitekeela diotenak.

Kristo aurreko 133. urtean, erromatarrek Numantzia hiria eraitsi zuten. Batzuek uste dutenez, erromatarrekin izandako gatazken ondorioz, inguru hori suntsitu, eta, Erromak, bere interesen arabera, lur horiek banatu zituen. Ondorioz,migrazio mugimendu bat izan zela pentsa liteke, baina lehengora itzultzen gara. Izan ere, nork izan dezake halako interesa ganaduentzako hain emankorra den inguru honetara etortzeko? Bada, udarako lurrak behar dituzten abeltzainek. Ez dakit gerren ondorioz gertatu zen mugimendua, baina egia da garai kritiko bat egon litekeela oinarrian, eta gerraren ondoriozko suntsiketa izan liteke momentu hori. Dena den, hala balitz ere, oinarrian abeltzaintza dagoela uste dut.

Ikerketa honek eraginik izan dezake euskararen historia ulertzeko moduan?

Zuhurra izango naiz. Doktore tesi bat defendatzetik nator. Humanitateetan ez dago erabateko zehaztasunik; erantzunetara hurbildu eta eremua are gehiago mugatzea da kontua. Eta horretan egin dut nik ekarpena. Datu berriak azaleratu ditut. Denborak eta ikerketak erakutsiko du zenbateraino lagundu duen nire ekarpenak.

Egindako aurkikuntzak aitortu eta kontuan hartzerakoan erresistentziak egon daitezkeela uste duzu?

Baldin badaude, ez dut uste oso agerikoak izango direnik. Zientziaz ari gara, eta gaia hor kokatu beharra dago. Lanari egindako kritikak dialektika osasuntsuaren barruan egongo direla uste dut. Valladolideko Unibertsitatean defendatu nuen nire tesia, eta cum laude kalifikazioa jaso nuen. Bada egindako lanaren aitortza bat.

Zer fasetan dago orain ikerketa?

Dibulgazio lana dagokigu orain. Pentsatzen dut hilarri gehiago agertuko direla, eta informazio hori jasotzen eta zabaltzen jarraituko dugu. Ni saiatuko naiz aurkitutakoa argi azaltzen eta beste ikerlari batzuekin alderatzen. Helburuak berbera izan behar luke: gure arbasoen inguruan gehiago jakitea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Julen Aperribai

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna