ATZEKOZ AURRERA. Juan Luis Zabala. Idazlea

«Azkuerengan pertsonaia epiko eta indartsu bat aurkitu dut»

Dibulgazioari zientzia fikziozko jantzi bat jarri dio Juan Luis Zabalak 'Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna' komikian: «Zinema balitz, esango genuke dokumental bat dela, fikzioa tartekatuta».

JON URBE / FOKU

Andoni Imaz -

2019ko urriak 4

«Euskararen Akademiaren historiari buruzko ikastaro bat hasi da, akademiaren egoitza nagusiko ekitaldi aretoan, Bilboko Plaza Barrian». Euskaltzaindiaren ehun urteko historia kontatzeko, fikziozko ikastaro bat sortu du Juan Luis Zabala idazleak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963). Hori ardatz hartuta osatu du dibulgazioaren eta fikzioaren arteko Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna komikia, Amaia Ballesteros marrazkilariarekin batera.

Nola iritsi zara komikia egitera?

Duela urte eta erdi, Andres Urrutiak [euskaltzainburuak] deitu zidan esanez Euskaltzaindiaren historia kontatzeko liburu bat atera nahi zutela, eta komiki bat egin, historia bera beste modu batean kontatuz. Duela hamar urte, Joan Mari Torrealdaik eta Imanol Muruak kontatu zuten Euskaltzaindiaren historia liburu batean, 90. urteurrenarekin [Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai]. Datozen asteetan aterako den Berri gogoa liburuak hura osatzen du, nolabait.



Nolakoa da komikia?

Amaia Ballesterosek eta biok moldatu dugu gidoia. Ez genuen nahi modu akademikoan kontatzerik, datu soilekin; horregatik, fikzio jantzi txiki bat dauka. Jantzi hori da Euskaltzaindiaren historiari buruzko ikastaro baten istorioa. Pertsonaia batzuk sortu ditugu, beste ukitu bat emateko, eta ukitu horretan zientzia fikziozko trama txiki bat ere badago. Jantzi horrek ez du asko hartzen orrialdeetan eta istorioaren luzapenean, baina batu egiten du istorio guztia, eta beste ukitu bat nahi dio eman. Zinema balitz, esango genuke dokumental bat dela, fikzio elementuak tartekatuta.

Iraganera bidaiatzen duten euskaltzain superheroiak ageri dira?

Ikastaro horren barruan bidaia batzuk programatzen dira, Euskaltzaindiaren historian inportanteak izan diren lekuetara: Baionara, Arantzazura, Etxalarrera eta beste leku batzuetara. Garrantzia hartzen dute ikastaroaren irakasleek. Hiru txandakatzen dira, eta lehenengo biak androideak dira, ez hezur-haragizko pertsonak. Lehenengo androidea Broussain-E19 da, Pierre Broussain euskaltzaina zenaren figuran oinarritua. Oleaga-E19 da bestea, Nazario Oleaga eredutzat hartuta egina. Androideek jakintza handia dute, baina muga batzuk ere badituzte gaur egungo kontuak esplikatzeko. Horregatik, hirugarren irakaslea hezur-haragizko pertsonaia bat da: Miren Etxepare.

Euskaltzaindiak ere izan ditzake bere mugak?

Euskaltzaindiaren inguruan badago aurreiritzi bat. Akademia bat da, eta mota jakin bateko jendearekin lotzen da akademia, nolabait herritarrengandik urrundutako zerbaitekin. Euskaltzaindia azken urteetan ahalegin bat egiten ari da erakusteko gizartearen zerbitzuan dagoela, eta gizarte horretako kide guztien zerbitzuan dagoela euskaraz bizitzen laguntzeko tresna bat izanik. Hori ere saiatu gara islatzen komikian.

Egin izan duzu komiki gidoirik?

Ez, antzerkirako egin izan dut zerbait, baina oso gauza gutxi. Beti izan dut gogoa komikilari batekin elkarlanean aritzeko, eta oso gustura egin dut lan Amaiarekin. Saiatu naiz marrazkilariaren larruan jartzen, ahalik eta lan gutxien emateko, baina azkenean marrazkiak egin behar dituena da ikusten duena nola moldatu guztia.

Komikizalea zara?

Komikia eta zinema literaturari oso lotuta ikusten ditut. Horietarako gidoiak idaztearena oso erakargarria iruditu zait beti, baina kontua da oso aukera gutxi egoten dela horretarako. Orain hasi naiz zientzia fikzioarekin interesatzen; azken urteotako joera bat izan da.

Blade Runner pelikularen ukiturik badu komikiak?

Philip K. Dick hor dago, baina ez daukat erreferente jakinik zientzia fikzioan. Istorioaren bukaerako errematean badago Blade Runner-i egindako erreferentzia bat, baina ez nuke esango eragina Blade Runner denik, baizik eta zientzia fikzioa, orokorrean.



Euskaltzaindiaren historian badago epikarik?

Izatekotan, Resurreccion Maria Azkueren kasuan. Banuen haren berri, eta banekien pertsonaia handia zela fisikoki zein espiritualki, baina, Euskaltzaindiaren historia pixka bat begiratzen hasita, lehen baino miretsiago utzi nau. Baditu gaur egungo ikuspegitik kritikagarriak edo ilunak izan daitezkeen pasarteak ere. Adibidez, zentsurarekin kolaboratu zuen, Franco aurreko garaian, Miguel Primo de Riveraren diktaduran. Adierazpen homofobo batzuk ere egin zituen. Horiek ezkutatu gabe, bere testuinguruan kokatzen saiatu naiz, eta ulertzeko moduan kontatzen. Azkuerengan, pertsonaia epiko eta indartsu bat aurkitu dut, beste kontaketa batzuetarako materiala ematen duena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Andoni Imaz

Informazio osagarria