ATZEKOZ AURRERA. Zoe Bray. Margolaria eta antropologoa

«Interesgarria zait luzaz begietara begiratzea pertsona esploratzeko»

Baionako euskal museoa AEBetako euskal diasporari begira dago, 'Bekoz beko' erakusketa dela medio. Bray antropologoaren soa Bray naturalistaren eskuek pintatu dute, modeloen konplizitatea lagun.
GUILLAUME FAUVEAU

Ainize Madariaga -

2019ko urriak 8
Jendea talde partaide gisa ikusten du, baina baita gizabanako gisa ere. Horregatik begiratzen die bisean bis, eta pintatzen ditu, antropologo baten begiez. Haren margolanek ez dute ikuslea partitzera uzten, beren soez gatibatzen baitute. Euskaldunen bertze begitarte bat erakusten dute. Azaroaren 17ra arte, Baionako Euskal Museora ekarri ditu Zoe Brayk (Paris, 1974) AEBetara behinola lan bila Euskal Herritik joandako herritar elibat. Antropologia kolorez margotu du, objektibitatea xede duen pintzelez.

Nola gertatu da estreinaldia?

Izugarri hunkigarria izan da. Berez, 2011n izan zen Euskal Herrian egin nuen hondarreko erakusketa. Orduan Alemanian bizi nintzen, eta hango diasporako euskaldunen potretak egin nituen. Hau ordukoaren segida bezala da, funtsean euskal nortasunaren diaspora esploratzen ari bainintzen. Baina ez zen esplizituki egin, baizik eta espontaneoki, kalkulatu gabe.

Bisean bis ukan dituzu banaka-banaka. Zergatik?

Oso interesgarria zait luzaz begietara begiratzea pertsona ongi esploratzeko: hori da ene arte manera. Bada nortasun kolektiboa, izan nazioa, taldea... Baina bada bakoitzak zer eta nola eraikitzen dugun ere. Antropologiaren helburuetako bat da teorizatzea; enetzat, potretak pintatzeak ematen dit aukera gizabanakoarengana gehiago hurbiltzeko, eta birbaloratzeko.

Antropologoaren eskua non da?

Antropologoaren helburua da besteen historia kontatzea, baina zuk bestea nola ikusten duzun landu behar duzu, hor bada tentsio bat, finean potretak eneak baitira.

Objektibitatean sinisten duzu?

Ez da existitzen, baina interesgarria da ahal bezainbat hurbiltzea. Horregatik, potreta hauek kolaborazio lanak dira. Ez baita garai batean bezala, ikerlea jakintsua eta ikertua ezjakina. Pinturan ere, bakoitzak egiten dio bere ekarpena; modelorik gabe ezin izanen bainukeen proiektu hau aitzinera eraman.

Zeure burua euskal diasporakoa ote den xerkatzen duzu?

Ez; ez nabil ene nortasunaren bila, zeren eta biziak eraman bainau toki desberdinetan bizitzera. Baina Italiara joan nintzelarik ene tesia egitera, galdetzen zidaten: «Nongoa zara?». Alemanian nuen lehen aldiz euskal diaspora ezagutu, eta, gero, AEBetan. Han, diaspora gauza kontzientea da. Hor ere galdera bera egiten zidaten, eta ene sustraiak esplikatu behar izaten nizkien: gurasoen lanbideagatik toki desberdinetan hazitakoa naiz, baina jatorri euskaldunak ditut. Hemengoa sentitzen naiz, Espainiakoa eta Italiakoa pixka bat banaiz ere. Diasporakoa ote naiz? Nola sartzen naiz bertan? Zein da euskal diasporaren oraingo definizioa? Ez baita duela ehun urteko bera.

Tokian tokiko antropologia egiteko, euskara ikasi zenuen.

Ortzaizen ikastola eraiki zutelarik, interesgarria izan zen biztanleen hizkuntza politika ikertzea, nolako dinamika sortu zen herrian haurrendako zein eskola hautatzeko orduan. Izan ere, denak ziren sentitzen bertakoak, baina pertzepzio desberdinak zituzten. Orduan nuen erabaki euskara ikastea: ikertu ahal izateko. Eta oso ongi heldu zen, aspaldiko nahia baitzen.

Zer ekartzen du pinturak antropologiak ez daukana?

Koadroak, berez, antropologiaren diskurtsorik gabe ikusi beharko lirateke, estetikoki. Pertsonen presentzia hartu nahi nuen, bakoitzak bere edertasuna baitu, eta hori sinpleki erakutsi nahi nuen.

Teknika tradizional errealista baliatzen duzu?

Ene teknika eta ikuspuntua naturalistak dira: edertu gabe, den bezala. Italian hasi nintzen ikasten eskola errealistan, zeinaren helburua baitzen objektiboa izatea. Interesgarria zen ikustea modelo beretik zeinen lan desberdinak ateratzen ziren. Ordaindutako modeloekin, zuri zitzaizun teatralizazioa hautatzea: bere postura, janzkera, begirada... Baina ez da hori nik nahi dudana, modeloari uzten baitiot nahi duen bezala ezartzen: normalean, den bezala. Eta garrantzitsua zait bekoz beko jartzea: modeloa ez baita pasiboa. Ororen buru, elkarri begiratzen diogu.

Potretatik jalgitzen diren soak.

Erakusketaren ideia da ikusleak ukan dezan harremana margolanean agertzen den modeloarekin, elkar begiratzen dutelako. Eta ezin zara eskapatu, mugituz ere segitzen zaitu eta!

Baionatik zer bide dute hartuko?

Diasporaren kontzeptuarekin jolastu naiz, AEBetan dauden euskaldunak sinbolikoki herrira ekarri baititut berriz. Elizondo eta Donibane Garazira joanen dira ondotik.

Mugitzeko aske dira.

Immigrazioaren diskurtso gaiztoen gainetik nahi dut diaspora ospatu, denok baikara immigrazioa, eta izan baikara noizbait etorkin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna