ATZEKOZ AURRERA. Tomas Callister. Mec Lir taldeko biolin jotzailea

«Hizkuntza zelten artean hazten ari den bakarra da manxera»

Man uharteko hizkuntza desagertzeko zorian egon zen duela mende erdi. Callisterrek bere herriko kultura mundu osoan ezagutaraztea du xede, betiere biolina eskuetan eta Mec Lir taldea aldamenean dituela.

Mec Lir taldeko partaideak, Tomas Callister biolin jotzailea erdian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Arrigorriaga
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Txikitatik datorkio musikarako zaletasuna Tomas Callister biolin jotzaileari (Peel, Man uhartea, 1993). Haurra zela hasi zen harizko instrumentua jotzen, eta egun Mec Lir taldeko partaide da, besteak beste. Man uharteko taldeak dantzatzeko musika egitea du helburu, «ez oso serioa, ondo pasatzekoa». Galdakaoko (Bizkaia) Musika Bizian jaialdian kontzertu bat eman zuten joan den asteburuan. Euskal Herrira egindako lehen bisitan, herri «zapalduen» arteko babesa aldarrikatu dute.

Musika Bizian jaialdian estaturik gabeko herrietako musika taldeak batu zineten. Zein da, egun,Man uharteko egoera politikoa?

Man uhartea Erresuma Batuaren menpe dagoen lurralde bat da, baina gure gobernu propioa daukagu, gure dirua, gure legeak, baita gure hizkuntza ere.

Eskoziako egoeraren antzekoa duzuela esan daiteke?

Bai, desberdintasun bakarra da gu ez garela Erresuma Batuko zati bat; independenteak gara. Euskal Herriko egoerarekin ere baditugu antzekotasunak.

Nola dago Man uharteko hizkuntza? Desagertzeko zorian al dago manxera?

Alderantziz, oso indartsu dago. Hedatzen ari da; are gehiago, hizkuntza zelten artean hazten ari den bakarra da manxera. 1970eko hamarkadan, jatorrizko hiztun bakarra zegoen, baina lortu da manxera berreskuratzea. Orain, eskoletan gaelikoz eta manxeraz irakasten da, eta gazte askok hitz egiten dute. Duela zenbait urte, Unescok desagertutzat jo zuen Man uharteko hizkuntza; egoera horretan, eskola ume guztiek manxeraz gutun bat idatzi zuten, hizkuntzaren erabilera aldarrikatzeko. Manxera ondo hitz eginez gero, gaelikoz hitz egiten duen edonorekin hitz egin dezakezu.

Erabiltzen al duzue zuek egunerokoan manxera?

Ahal dugun neurrian bai, asko gustatzen zaigu. Taldean, baina, ez dugu abesten; talde instrumentala da.

Kultur proiektuak bizirik daude Man uhartean?

Berpizte bat gertatzen ari da musikan eta hizkuntzan. Gero eta jende gehiagok egiten du musika zelta, eta manxera hitz egiten dutenen kopurua ere handituz doa, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen egiteko.

Biolina eta musika tradizionala lotuta doaz. Aitzitik, zelta egiteko ere egokia da?

Instrumentu batekin edozein musika mota egin daiteke. Musika tradizionala gure etxean musika zelta da, eta hori jotzeko biolina da instrumenturik egokiena. Hain zuzen. biolin mota zehatz bat jotzen dugu, fiddle-a.

Oro har, gazteek zuek egiten duzuen musika estimatzen dutela iruditzen zaizue?

Ellan Vanin musikaria, adibidez, Man uhartean ezagun egiten ari da azkenaldian. Eskozian eta Irlandan oso ezaguna da gazteen artean, baina egia da gazteek musika komertziala ere entzuten dutela. Hala ere, asko maite dute musika zelta, komertziala bezainbeste, eta hori aipagarria da.

Zer behar du kontzertu on batek?

Jendea zutik eta dantzatzen ikustea gustatzen zaigu, zerbait edaten duten bitartean aldamenekoarekin ondo pasatzeko aukera izatea. Gazteak egitasmo kulturaletan parte hartzera bultzatu nahi baditugu, zerbait alaia egin behar dugu. Biolina jotzen hasi nintzenean konturatu nintzen musikari izan nahi nuela; ondo pasatzeko modu bat zela ikusi nuen. Azken finean, hori da Mec Lir taldearen helburua, eta berdin da non jotzen dugun, beti lortzen dugu.

Euskal Herrian egotea berezia da zuentzat?

Nortasuna, kultura eta hizkuntza mantentzeaz arduratzen diren tokietara joaten garenean, etxean bezala sentitzen gara. Denok daukagu ondo pasatzearen ideia bera, elkar ulertzen dugu. Horrez gain, hemen ere gure aldarrikapen berdintsuak ikusten ditugu, eta guretzat oso interesgarria da bizitzen ari garen momentua: esaterako, ikustea zer gertatuko den Katalunian gertatzen ari denarekin, eta estaturik gabeko herriekin.

Hainbat sari jaso dituzue azken urteotan. Man uhartea eta bertako errealitatea ezagutarazteko bultzada bat dira?

Man uhartean hainbat kultur erakundek lan handia egiten dute sarien bitartez musika eta kultura bultzatzeko. Sariak ondo daude; izan ere, zenbat eta jende gehiagorengana iritsi, orduan eta ikusle gehiago dago emanaldietan, eta egiten dugun musikarekiko duten ikuspegia aldatzen dute. Sariek ikusgarritasuna ematen badigute ere, nahi dugulako egiten dugu musika zelta, eta helburu bakarra ondo pasatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.