ATZEKOZ AURRERA. Ikram Buzalmat. Gazte musulmana

«Emakume musulmanen ordezkaria izan nahi dut»

Beloa darama Buzalmatek, borondatez, gurtza modura. Uste du emakume musulmanen iritzia ez dela aintzat hartzen beloaz hitz egitean.

Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ikram Buzalmat (Nador, Maroko, 1995) Euskal Herrian bizi den gazte marokoarra da. Itzulpengintza egin zuen Gasteizen, eta orain administrazioa ikasten ari da Bilbon. Musulmana da, eta hijaba darama. Aurreiritziei aurre egiteko asmoz, beloari buruz aritu dira Buzalmat eta beste bi emakume musulman aste honetan Gasteizen, CEAR-ek antolatutako Ausartak solasaldian.

Zergatik daramazu zuk beloa? Zer esanahi dauka zuretzat?

Sarri galdetzen didate hori, eta lekuz kanpo uzten nau beti. Beloak esanahi eta ikuspuntu ugari izan ditzake, noski. Nire kasuan, musulmana eta praktikantea naizen aldetik, Koranean sinesten dut, eta fedeagatik eta gurtzagatik janzten dut. Koranean jartzen du emakumeok apal jantzi behar dugula. Gainera, ilea elementu intimotzat jotzen da, eta, beraz, estalita eraman behar dugu.

Batzuek esango dute zure askatasunaren kontra doala. Zer iritzi duzu zuk?

Filosofiako irakasle batek autore marokoar feministen liburuak oparitzen zizkidan iritzia alda nezan. Kartzela batean giltzapetuta nengoela esan zidan. Garai hartan ez nintzen gai harekin eztabaidatzeko. Uste dut hautu pertsonala dela. Benetan arazorik sortzen al die nik oihal zati hau eramateak? Errespetua baino ez dut eskatzen. Nik ez ditut ulertzen hemengo ohitura batzuk, baina errespetatzen ditut.

Arazorik izan duzu klasean edo lanean hijaba eramateagatik?

Unibertsitatean ez dut inolako arazorik izan; denak oso ulerkorrak izan dira: ikaskideak eta irakasleak. Lanean, berriz, gertatu izan zait lana lortzeko beloa erantzi behar nuela eskatu izana.

Eta halakoetan, zer egiten duzu?

Une honetan, nire gurasoen mantenutik bizi naiz; beraz, nire sinesmenak lehenesten ditut. Baina badakit egunen batean etxetik joan nahi badut uko egin beharko diodala erlijioak esaten duenari, dirua nire kabuz irabazi nahi badut.

Zaila izan al zaizu integratzea?

Lehen asko kostatzen zitzaidan jendearekin hitz egitea, hizkuntza traba zelako. Orain, gazteleraz ongi moldatzen naiz, eta errazagoa da harremanak sortzea. Unibertsitatean lagunak egin ditut, baina klaseko harremanera mugatu da, gehienetan. Hala ere, baditut hemengo lagunak.

Zaila da Euskal Herrian musulmana izatea?

Islama praktikatzea ez da zaila. Euskal Herrian edo Marokon, egin dezakezu, norberak egiten duen zerbait baita, intimoa. Baina ikusten dena hijaba da. Ni ez naiz oharkabean pasatzen, eta zaila egiten zait. Otoitz egiteko deiaren falta sumatzen dut. Bestalde, batzuetan arazo burokratikoak izaten ditugu otoitz egiteko lokal bat lortzeko. Normalean, sotoetan edo toki ilunetan egoten gara, eta kontuz ibili behar dugu bizilagunak ez molestatzeko, eta, nolabait, gure gurtza oztopatzen du.

Hitzaldi eta mahai inguru ugaritan parte hartu duzu. Zer helbururekin?

Hasieran, deitzen nindutelako. Baina, denborarekin, ohartu naiz nire esku hartzeek badutela oihartzuna, eta jarraitzeko animo asko jaso ditut. Orain helburu bat daukat: emakume musulmanaz hitz egiten bada, utz diezaietela haiei hitz egiten. Emakume horien guztien ordezkaria izan nahi dut.

Itzultzailea zara, eta horrek badu zerikusirik bitartekaritza kulturalarekin. Kasualitatea al da?

Egia esan, hizkuntzak ikasi nahi nituen. Oso tipikoa izan daiteke, baina, hizkuntza bat ikastean, munduaren ikuskera berri bat daukazu. Asko gustatuko litzaidake arabieraren eta gazteleraren artean zubiak sortzea. Ingelesetik asko jasotzen dugun moduan, arabierak ere badauka eskaintzeko asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.