ATZEKOZ AURRERA. Hodei Ijurko. 'Basatza' liburuaren egilea

«Bolaluma eta orri zuri bat ditut psikologo»

Kartzelan bizitakoak poema liburu batean argitaratuta, zenbait tabu hausten saiatu da Ijurko. Sexua, asperdura, askatasuna... ezberdin ikusten dira lau paretaren artean. Idazten jarraitzen du kalean ere.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hamar urte eman zituen espetxean Hodei Ijurkok (Iruñea, 1986). 2008an atxilotu, eta espetxean sartu zuten, Segikoa izatea egotzita. Azken bi urteetan idazteari ekin zion, eta eguneroko olerkiekin Basatzaliburua kaleratu du (Ateramiñe). Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean aurkeztu ditu A Lamako espetxean idatzitakoak. Hain zuzen ere, hori esan nahi du a lama-k: basatza.

Liburuan diozu idazle izatera behartu zaituztela. Behartuta egindako gauzarik onena izanen da?

Bai. Zortea izan dut niretzako denbora asko izanda. Ohartu nintzen idaztea baliagarri zitzaidala: prozesu bat izan zen, eta azken bi urteetan hasi nintzen idazten. Liburua nire momentu hartako argazkia da.

Zertan lagundu zizun zehazki?

Orekatzen. Gainera, idazteak gaitasuna eman dit niretzat denbora edukitzeko. Idazten jarraitzen dut. Edozein momentutan. Terapia bat da: bolaluma eta orri zuri bat ditut psikologo.

Idazten hasi aurretik, nola egin zenuen orekaturik egoteko?

Horren aurretik egiten nuena zen asko irakurri. Irakurri eta kirola egin. Gutunak ere idazten nituen. Okurritzen zitzaizkidan gauzak, baina ez nien garrantzirik ematen. Sortzen nituen nire buruan, bainaez nituen paperera eramaten, eta ahazten zitzaizkidan. 2016ko abuztuaren 21ean hasi nintzen olerki egunkaria idazten, 2018ko irailaren 20ra arte. Atera baino sei ordu lehenago idatzi nuen azkena.

Zein izan zen azken olerkia?

«Espetxea zuhaitz bihurtua,/ ni hosto bilakatua/ eta askatasuna udazkenez mozorrotua».

«Suizidioan/ askotan/ pentsatzen/ dut,/ baina/ berehala/ pentsamenduak/ bere/ buruaz/ beste/ egiten/ du». Kontrazalean ageri da olerki hori. Gordina.

Tabu asko dago gauza horien inguruan, eta horrekin apurtu nahi nuen. Horren gainean askatasunaren lehen irudikapen idatzia jarri dut, idazkera sumertarrean. Bizitzari eginiko kanta bat da. [Bere koadernoa ireki eta irakurri du:] «Ideiak pentsatzeko eta ideia hori garatzeko gai zaren bitartean, segi biziaren borrokan, kontraesanekin orekan».

Zertarako argitaratu dituzu?

Nik irakurtzen dudanak asko laguntzen dit nire nortasunean. Beraz, norbaiti balio badio, niri balio dit. Nire sentimenduak dira, eta zabaltzeak ez dit minik egiten. Espetxearen tabuarekin hausteko modu bat ere bada.

Aspertu aditza askotan idatzi duzu. Kartzelan aspertu egiten zinen?

Bai. Telebistaren aurrean orduak eta orduak egon gaitezke hari begira. Hortik kanpo bazaude, eta etengabe gauzak egiten ari bazara, aspertu egiten zara. Aspertzen zara idazteaz, kirola egiteaz... Bitxia da: aldi berean aspertzen zara deus ez egiteaz eta gauzak egiteaz.

Sexua eta masturbazioa ere asko ageri dira. Zergatik?

Sexua horrelako toki batean garrantzitsua da, ez duzulako pertsona bat. Sexua baduzu, zure eskua duzulako, baina faltan duzu emetasuna. Gai hori ere tabua da. Garai horretan hori pentsatzen banuen, zergatik ez dut sartuko?

Azken asteetan iduri du ezinegona sentitzen zenuela. Hala da?

Kostatzen da normaltasuna mantentzea. Baina hori ikasten da beste pertsona batzuk ikusita. Berdin jarraitzen duzu, baina badakizu gutxi barru egoera aldatuko dela. Horregatik agertzen da urduritasuna.

Ateratzean zer sentsazio izan zenuen errealitatearekin parez pare izanda?

Bitxia da: atera eta hamar minutura txuleta bat jaten ari nintzen. Lagunak mozkor zeuden, herrian bostak arte egon ginen, eta maite nuen jendea zaintzen egon nintzen. Gero, San Fermin Txiki, hiru ongietorri... Energia askorekin atera nintzen. Batzuei ongi etortzen zaie lasaitasuna, baina ni estresean ongi moldatzen naiz.

22 urterekin sartu zintuzten espetxean. Zer ondorio izan ditu?

Gaztaroa kentzen dizute, eta orain nagoen egoeran utzi nau: 33 urteko pertsona baten gorputza eta burua ditut, baina nire bizipenak 21 urteko batenak dira. Desorekatuta zaude alde batzuetatik, baina, aldi berean, egoera erosoan nago: ez diot jarraitu behar gizarteak jartzen didan denborari. Bizitza opari gisa hartzen dut, eta uste dut, askotan, alferrik galtzen dugula.

Iruñerrian gazte asko atxilotu eta kartzelatu zituzten garai hartan. Zer ondorio izan du?

Orain 29 urte dituztenen belaunaldira artekoak baztertu egin ziren pixka bat, ondorioak ikusita. Oraingoa garai ezberdina da, ez hobea, ez okerragoa. Giroa oso ezberdina da.

Askatasuna ezberdin ikusten duzu?

Bai, orain ikusten dut gauzak pentsatzeko eta horiek gauzatzeko gai bazara gai zarela bizitzeko, eta gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.