ATZEKOZ AURRERA. Etxahun Galparsoro. Historialaria

«Osaba deportatuen artean zegoen erosoen; terapia egiten zuen»

Galpasorok liburu batean bildu du Marcelino Bilbao osabaren bizitza. 36ko gerran eta Bigarren Mundu Gerran borrokatu ostean, deportatu egin zuten Bilbao. Bizirik irten zen kontzentrazio esparru nazietatik.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Lazkao
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Etxahun Galparsoro (Donostia, 1980) historialaria da, eta, egun, Lazkaoko (Gipuzkoa) Beneditarren Fundazioko teknikaria. Marcelino Bilbao euskal deportatua (Alonsotegi, Bizkaia, 1920 - Poitiers, Frantzia, 2014) Galparsororen osaba zen, eta txikitatik etxean entzun ditu hark bizi izandakoak. Osabarekin zituen elkarrizketak grabatzen hastea erabaki zuen, asmo jakinik gabe. Testigantza azalpen historikoekin uztartu, eta Bilbao en Mauthausen (Bilbao Mauthausenen) liburua plazaratu zuen atzo, osabaren jaiotzaren mendeurrenaren aitzakian.

Marcelino Bilbao borrokalaria, deportatua eta Mauthausendik (Alemania) bizirik irtendakoa. Zure kasuan, baina, senidea zen. Nolakoa zen Marcelino Bilbao osaba?

Ez zen batere protagonista; bigaren mailan jartzen zen. Ez zuen hitza berak berez hartzen, baina, eskatzen bazitzaion, kontatzen zuen. Zeukan guztia emateko prest zegoen beti, eta laguntzeko prest.

Marcelino Bilbao 36ko gerran eta Bigarren Mundu Gerran borrokatu zen, eta Mauthausengo eta Ebenseeko (Austria) kontzentrazio esparruak ezagutu zituen. 1945etik aurrera Frantzian bizi izan zen, hil arte. Ezinezkoa dirudi bere memoria osoa liburu bakarrean biltzea.

Argitaletxekoek nahi zuten Mauthauseni buruzko liburu bat, eta ondo. Baina arrazoi politikoengatik eraman zuten Alemaniako kontzentrazio zelairik gogorrenera, eta nire osaba Alonsotegitik Mauthausera nola heldu zen azaldu beharra zegoen. Liburuak hiru zati dauzka: sarrera, Mauthausenera heldu arteko tartea azaltzen duena; gero, Mauthausengo bizipenak; eta, azkenik, epilogoa. Kontu hauek guztiak ez baitziren 1945ean bukatu; hurrengo hamarkadetan nazien deuseztatze programak aurrera jarraitu zuen.

Mauthausen aipatzen da, eta hala dakar izenburuak, baina Ebenseen igarotako garaia ere azaltzen da. Han egon zen estatubatuarrek kontzentrazio esparrua askatu arteko aldian. Hori ere kontatzen da?

Ebensee Mauthausenen menpe zegoen, baina, hain zen handia, ezen aparteko esparrutzat har zitekeen. Askatu zituzten egunean 18.000 gizon zeuden bertan. Osaba hasieratik egon zen han.

Gerra bere larruan bizi izan dutenek jarrera ezberdinak hartzen dituzte: batzuek ez dute ezer kontatzen; beste batzuk, berriz, etengabe aritzen dira gaiaren bueltan.

Bai. Nik hiru osaba izan nituen kontzentrazio esparruetan, eta oso jarrera ezberdina izan zuten: Jean Rocherrek ez zuen inoiz ezer kontatu;Jose Mari Agirre zahartzaroan konturatu zen merezi zuela gazteei kontatzea zer bizi izan zuen, eta orduan hasi zen. Marcelinok, kontrara, behin eta berriz kontatzen zuen pasatu zitzaiona. Hori zen bere gaixotasuna: trauma hori kontatu behar zuen barruan zeukan ezinegona askatzeko. Ingurukoek entzuten genion, baina ez genion ulertzen. Ikertzen konturatu naiz zer zegoen haren hitzen atzean. Horregatik, agian, osaba gainerako deportatuen artean sentitzen zen erosoen; terapia egiten zuten.

Ia ezinezkoa zen Mauthausengo kontzentrazio esparrutik bizirik irtetea. Bilbaok lortu zuen. Zer iritzi zuen heriotzari buruz?

Askotan esan zidan berak bere burua hainbeste aldiz ikusi zuela heriotzaren aurrean, ezen dagoeneko ez zion inongo beldurrik. Nazien kontzentrazio esparruetara sartzen zen preso oro hil behar zen, nahitaez; ez zegoen salbatzeko modurik. Heriotza zen aukera bakarra.

Nola salbatu zen, orduan, zure osaba?

Azalpen bakarra dago: zortea.

1945eko maiatzaren 6an askatu zuten estatubatuarrek Ebensee. Aske sentitu zen?

Berak oso gordin kontatzen zuen egin zuten lehen gauza izan zela euren gainetik zeuden presoei oldartzea; akabatu egin zituzten. Gainerakoek kontatzen ez duten zerbait da hori. Marcelinok bai.

Presoak?

Kontzentrazio esparruetan presoak hierarkizatuta daude. Piramidearen goiko aldean zeuden preso alemanak, ariarrak; haiek ere hiltzeko zeuden han, baina gainerako presoekin nahi zutena egin zezaketen. Hilketa gehienak presoen artekoak izaten ziren. Horregatik, askatu zituztenean, gainerakoak hil zituzten presoen aurka egin zuten.

Kontzentrazio esparrutik aske geratu zenetik eta hil arte Frantzian bizi izan zen; pena zuen Euskal Herrira bueltatu ez izanagatik?

Bai, erabat. Osabak 70 urte egin zituen Frantzian, eta beste 70 pasatuta ere bilbotarra izaten jarraituko zuen. Erbesteratuei hori gertatzen zaie: herrimina dute; beti ari dira etxera begira. Etxea Euskal Herriko gauzez betea zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.