TXAPELA BURUAN. Ainhoa Iturzaeta. Moskun bizi den billabonatarra

«Beti duzu Moskura itzultzeko gogoa»

Moskun irakasle laguntzaile lanetan ari da Iturzaeta; beka bati esker, gaztelera klaseak ematen dabil eskola batean. Bertan dagoen bigarren aldia da, eta ez du baztertzen etorkizunean berriz itzultzea.

BERRIA.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Irakasle lanetan ibili arren, itzulpengintza ikasketak egindakoa da Ainhoa Iturzaeta (Villabona-Amasa, 1996). Hain zuzen ere, Erasmusen ezagutu zuen Moskuko hiria orain dela pare bat urte, eta, geroztik, buruan ezin kendurik izan du Errusiako hiriburura itzultzeko ideia. Han eman zituen bost hilabeteak motz egin zitzaizkion, eta, beraz, hango eskola batean gaztelerazko hizkuntza laguntzaile aritzeko beka baliatu du aurten hara itzuli eta hango hizkuntza eta kultura hobeto ezagutu ahal izateko.

Zerk bultzatu zaitu Moskura itzultzera?

Azken finean, bost hilabetean ez dizu aukera ematen dena ikusteko eta bertako bizimodura ohitzeko. Moskuk, nahiz eta oso desberdina izan kulturalki, badu zerbait berezia, beti duzu itzultzeko gogo hori. Oso hiri handia da, eta egunero zerbait berria ezagutzeko aukera ematen dizu; beraz, beti duzu gehiago jakiteko grina. Horrekin batera, Errusiak aldaketa handia jasan du urte gutxitan, eta hori ere asko nabari da Moskun. Gauza asko gertatu dira lurralde honetan historikoki, eta hemen bizitzeak ere beste ikuspuntu bat ematen dizu; hortaz, gehiago ulertzen duzu gauzen zergatia eta kultura honen atzean dagoena.

Nolakoa da Moskun egiten duzun lana?

Azkenean, gaztelaniazko hezkuntza laguntzaile gisa nabil, ikasleei hizkuntza praktikatzen laguntzen diet, modu natural batean. Era berean, kulturaz aritzeko betebeharra ere badut, eta saiatu egiten naiz Espainiako kultura aniztasuna azaltzen eta egon ohi den estereotipo hori desmitifikatzen.

Nolakoa da zure ikastetxea?

Elebiduna da, eta gaztelera ikasten dute atzerriko lehen hizkuntza gisa. Moskun halako lau ikastetxe daude. Berezia da; berez publikoa da, baina ideia bat egiteko, Euskal Herrian itunpeko ikastetxe baten antzekoa da, hemen eredu hori existitzen ez den arren. Gaztelerazko batxilergoaren moduko bat ere egiten dute, gaztelera, literatura eta historia biltzen dituena; horretan ematen ditut nik klaseak.

Eta zer esango zenuke zure ikasleei buruz?

Bada, nire eskolako ikasleak gutxienez oso diziplinatuak dira, eta lehiakortasun handia dute bere artean. Horrek ere agerian uzten du zer ereduren alde egiten duten: norbanakoaren jakintzak garatzea da helburua. Egia esan, oso indibiduala da dena.

Kulturari lotuz, handia da dagoen aldea?

Bueno, egia da hasiera batean jendea hotzagoa dela. Baina normala da, klimak eta egoera sozialak asko egiten dutelako. Errusiarrek bizi izan duten guztia eta haien bizimoduak eragin handia dute garatu duten izaera ulertzeko. Hasieran zaila da jendearekin harremanak egitea baina, gero, egiten dituzun loturak oso bereziak dira; agian, alde horretatik, gurekin antz pixka bat badute. Hori bai, uste dut ezin garela orokorkeriatan erori.

Zergatik diozu hori?

Bada horretarako joera handia dugulako. Nik, esaterako, Moskuko jendea ezagutzen dut batik bat. Hemen, izaera jakin bat dute, baina Errusia oso handia da, eta asko aldatzen da pertsonen izaera toki batean edo bestean. Espainiara joan eta Madril soilik ezagutuko bazenu bezala da.

Zerk harritu zaitu gehien?

Esaterako, Martxoaren 8ko ospakizunak asko harritu ninduen.Genero kontuan alde handia dago oraindik. Hemen, egun horialdarrikapenerako izan beharrean, ospakizunerako erabiltzen dute. Emakumeak haien egitekoaondo betetzeagatik zoriontzen dituzte, eta txokolatea eta loreak oparitzen dizkiete, baita gure eskolan ere.

Zer sumatu duzu gehien faltan?

Batez ere giroa. Guk aisialdi eredu desberdina dugu; denbora gehiago ematen dugu kalean. Igual klimak ere egiten du, baina, hemen, harremanak beste era batera egiten dituzte. Horrekin batera, mendien falta ere sumatu dut. Moskun hamaika parke daude, baina dena laua da.

Osasun krisi batean dago mundua. Zelan bizi da bakartzea etxetik hainbeste kilometrora egonda?

Hasiera batean ezjakintasuna zegoen. Guri iristen zitzaigun Euskal Herriko informazioa, eta bagenekien zer gertatuko zen. Ni hasieran gehiago larritu nintzen hemen egoteagatik, familiatik hain urrun, eta jakin gabe ere zer garapen izango zuen honek: mugak ixten hasi ziren, hegaldiak bertan behera uzten, bakartzea ezarri zuten... Nahiko azkarra izan zen dena, baina orain gauzak pixka bat egonkortu direla dirudi, eta, egia esan, oso lasai nago. Etxetik egiten dut lan, eta egunero jartzen naiz familiarekin harremanetan. Nik ez daukat itzultzeko presarik, eta, hemen, oro har, nahiko lasai dago dena; askok lanera joaten jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.