Albistea entzun

TXAPELA BURUAN. Iñigo Exposito. Bergenen bizi den bilbotarra

«Norvegiarrek ez dute eztabaidatzen»

Mendiek eta itsasoak ezaugarritzen dute Norvegia, eta bertan da Exposito urtarriletik. Lasaiago bizi da, eta bakardadeaz gozatzen ikasi du. Petrolio eta gas asko dagoen arren, garraio elektrikoa da nagusi.
PIA KLUGE Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2020ko apirilak 28

Itsas baliabide biologikoen nazioarteko masterra bukatzear da Iñigo Exposito (Bilbo, 1996). Espainian, Portugalen, Irlandan eta Suedian egon ondoren, Norvegiako Bergen hiria du azken geralekua. Iaz, Norvegiako Itsas Ikerketako Institutuan egin zituen praktikak, eta master amaierako lana bertan gauzatzen ari da orain. Arrantzaren kudeaketara bideratutako azterketa du hizpide.

Nazioarteko master bat egiten ari zara eta herrialde askotan egon zara; zergatik Bergen amaierako lana egiteko?

Praktikak hemen egin nituen, eta iaz bildutako datuekin lanean ari naiz orain. Izan ere, masterreko espezialitateen artean kudeaketa aukeratu nuen arrainekin lan egin nahi nuelako. Orain, inguraketa-arrantza simulatzen ari naiz, arrainen portaera aztertu eta gerora arrantza kuotak ezartzeko. Etorkizunean erabakiak hartzeko informazioa jasotzen dut ikerketarako.

Arrantzarekin lotura estua duzu?

Bai, edo. Urpeko arrantza egiten dut Euskal Herrian. Biologiako gradua ikasi nuen, eta arrainen atala interesatzen zait gehien.

Bergenen ibili zara urpeko arrantzan?

Egia esan, ideia buruan bueltaka nekarren, baina ez nuen pentsatzen egingo nuenik; ura oso hotza dago. Baina, azkenean, bai, pare bat aldiz egin dut. Jakin nuen Bergenen urpeko arrantza elkartea zegoela, eta kontaktuan jarri nintzen eurekin. Lehenengo aldiz eurekin egin nuen, eta gero beste pare bat egun joan naiz neure kabuz.

Oso ezberdinak dira Euskal Herriko kostako eta Norvegiako itsas hondoak?

Erabat ezberdinak. Hasteko, uraren tenperatura. Bergenen, lehen aldiz joan nintzenean, uraren tenperatura 3-4 gradukoa zen. Gainera, jantzi zahar xamar bat utzi zidaten, eta hotza pasatu nuen. Bigarren aldian, hobeto. Euskal Herrian, asko jota, 11 gradura jaisten da tenperatura neguan. Gainera, hemen dena fiordoak direnez, sakontasuna oso azkar aldatzen da. Espezieak ere ezberdinak dira. Norvegian espezie aniztasun txikiagoa dago, baina espezie bakoitzaren arrain kopurua askoz handiagoa da. Adibidez, bakailaoa eta abadira oso ohikoak dira.

Arrantzaz gain, nolakoa da zure egunerokoa Bergenen?

Koronabirusaren aurretik institutuan pasatzen nuen eguna lanean, eta gero saiatzen nintzen norbaitekin garagardo bat hartzen edo. Bi norvegiarrekin bizi naiz, eta, eurei esker, norvegiar ugari ezagutu ditut. Orain, etxetik ari naiz, eta askoz ere denbora libre gehiago daukat. Mendira joateko aprobetxatzen dut. Hiritik ordu erdi eskasera mendian galduta egon zaitezke, eta oso polita da. Ura eta mendia dena batera dago, fiordoak, eta harrigarria da.

Koronabirusa ondo etorri zaizu?

Horrelako zerbait. Hemen ez dago kalera irteteko debekurik, eta inguruko paisaia zoragarrietan gehiago disfrutatzen ari naiz.

Bizi ohiturak aldatu dituzu?

Nire elikadura askoz osasuntsuagoa da, eta kirol gehiago egiten dut. Arraina eta lekaleak jaten ditut batez ere. Norvegiarrek ere hala egiten dute. Alkohola ere oso garestia da, 7-8 euro garagardo bat, eta gutxitan hartzen dute. Halere, hemen ez dago arrandegirik, eta horrek asko harritu nau. Pila bat arrantzatzen dute, tradizio handia dago, baina, gero, arraina plastikoan bilduta saltzen dute supermerkatuetan.

Eta norvegiarrak nolakoak dira?

Oso bakarzaleak dira. Norvegiarrentzat, hezibide ona ez gogaitzea da. Pentsatzen dute hitz egite hutsa bestea molestatzea izan daitekeela. Gainera, ez dute eztabaidatzen. Liskar bat egon daitekeela uste dutenean, gaia aldatu edo isildu egiten dira. Talka saihesten dute beti. Halere, uste dut nik zortea izan dudala; inguruan ditudan norvegiarrekin oso ondo moldatu naiz.

Herrialde aberatsa eta garestia ere bada Norvegia.

Aberatsa da petrolioa eta gasa dituelako, baina paradoxikoki dena da elektrikoa: autobusak, autoak, etxean ere gailu guztiak elektrikoak dira... Gobernuak ere auto elektrikoen salmenta sustatzen du; zerga gutxiago ordaintzen dituzte.

Zergatik?

Uste dut aurreikuspen bat dela. Badakite petrolioa eta gasa agortuko direla, eta hori gertatzen denerako prest egon nahi dute. Are, petrolioa ikaragarri jaisten ari da, eta euren txanpona, koroa, debaluatu egin da. Nire kasuan, txanpon aldaketa dela eta, dirua aurrezten ari naiz.

Eguraldiarekin eta hotzarekin zer moduz?

Egia esan, nahiko ondo. Bergenen ia egunero egiten du euria; dagoeneko ohitu naiz. Banekien nora nentorren.

Bergenen biziko zinateke?

Betirako ez dut uste. Herrialde tropikalagoak ezagutu nahi ditut. Orain arte Europako toki hotz eta hezeetan ibili naiz. Halere, ez naiz batere txarto bizi. Bizitza hemen oso lasaia da, bakea arnasten da. Zoriontsuago sentitzen naiz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.
 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
 ©IKER MARKINEZ

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Uxue Gutierrez Lorenzo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.