TXAPELA BURUAN. Olatz Iurrebaso. Medikuntza ikaslea

«Hemen, etxean geratzeko joera handia dute»

Medikuntza ikasi ahal izateko joan zen Iurrebaso Eslovakiara, Kosicera, hain zuzen. Han ikasturte osoa eman ostean, etxera noiz itzuliko zain dago, ez baitu eskolarik, koronabirusaren ondorioz.

OLATZ IURREBASO.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Medikuntza ikasketak egin nahi zituela argi zuen Olatz Iurrebasok (Bilbo, 1999). Notak, ordea, ez zion ematen hori Euskal Herrian egin ahal izateko modurik, eta, horregatik, gauzak batu eta Eslovakiarako bidea hartu zuen iaz. Lehenbiziko ikasturtea amaitzen dabil Kosiceko unibertsitatean, eta, aitortu duenez, ez du guztiz atsegin hango bizimodua. Koronabirusaren ondorioz, telematikoki amaituko dituzte klaseak, eta, beraz, orain, etxera itzultzeko bidea hartzeko zain dago.

Ia urte bat daramazu Eslovakian bizitzen. Nolakoa da hango bizimodua?

Bueno, apur bat aspergarria da niretzat. Hemengo bizimodua nahiko geldoa da; kalean ez dago gauza handirik egiteko. Astean zehar unibertsitateak betetzen du gure egunerokoa, eta asteburuan zerbait edatera ateratzen gara, baina, egia esan, herriak ez du bizitza handirik. Eguraldiak, gainera, ez du asko laguntzen: neguan tenperaturek ez zituzten zero graduak gainditu, eta iluntasunak hartzen zuen egunaren zatirik handiena.

Talka kulturala handia izan da, beraz, zuretzat?

Nahikotxo, egia esan. Desberdintasun handiak daude gure kulturen artean. Hemen hotzagoak dira, eta ez dago harremanak egiteko hainbeste joera. Esate baterako, ez zaie gustatzen kanpotarrekin kontaktu handirik izatea. Horrekin batera, jendeak etxean geratzeko joera handia du; oso goiz ixten dute dena, eta oro har oso itzalita dago dena denbora guztian.

Unibertsitatean ere asko nabari da aldaketa?

Egia esan, eslovakiarrekin ez gara asko erlazionatzen. Hori bai, unibertsitatean darabilten metodologia azpimarratuko nuke, gurearen oso desberdina delako. Hemen oso talde txikietan gaude, eta horrek asko aldatzen du ikasketa prozesua. Adibidez, berrehun ikasleko ikasgai batean, hamazazpi taldetan banatuta gaude: bereziagoak dira eskolak, eta irakaslearekin daukazun kontaktua hurbilagoa da.

Zuk ez zenuen bertako hizkuntza menperatzen. Nola konpondu zara?

Zaila izan da, oso hizkuntza desberdina delako gainera niretzat. Hasieran gogorra egiten zitzaidan hizkuntza hori leku guztietan ikustea, eta ezer ulertzeko gai ez izatea. Dena den, apurka-apurka, egiten zara, eta oinarrizko gauza batzuk gutxienez ulertzen dituzu. Izan ere, hemen jende askok ez du ingelesik hitz egiten, eta, beraz, ahal duzun moduan komunikatzen saiatzen zara.

Ez da erraza izan zuretzat hara moldatzea...

Ez, baina, beste alde batetik begiratuta ere, agian hori izan da gehien gustatu zaidana. Hau da, herrialde guztiz ezezagun batean ere moldatzeko gai naizela ikusteak asko poztu nau. Nahiz eta bizimodua edota herria ez zaizkidan gehiegi gustatu, edota ez naizen hemengo jendearekin guztiz eroso egon, moldatzeko ahalmena izan dut, eta hori ezinbestekoa da. A! eta gainera oso herrialde merkea da!

Nolako eragina izan du koronabirusak Eslovakian?

Ez dira kasu asko egon; Europako beste herrialdeetan gertatzen zena ikusita, martxo hasieran dena ixtea erabaki zuten. Horri esker, nahiko kontrolatuta izan dute egoera; konfinamendua ez da izan hain zurruna, eta jada hasiak dira are gehiago leuntzen. Nik uste dut oso ondo egin dutela.

Nola eraman duzu?

Hasieran lasai nengoen, baina gero egoerak nola eboluzionatzen zuen ikusita, asko kezkatu nintzen. Familiarengandik urrun nengoen, eta kanpoko jendea hemendik alde egiten hasi zen. Hor nahiko txarto pasatu nuen, baina bueno, aurrera egitea tokatzen da; badakit laster itzuliko naizela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.