TXAPELA BURUAN. Natalia Tajadura. Casamancen bizi den iruindarra

«Herri borrokalaria da diola etniarena»

Caprandoulen herriko hondartza ertzeko «paradisu txikian» bizi da Tajadura. Diola kultura «oso sustraiturik» duen herri bat dela esan du, naturari estu lotua. Basoan egiten dute kultura transmisioa, ahoz.

BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Abenduaz geroztik Casamancen bizi da Natalia Tajadura (Iruñea, 1979). Egun, Senegal estatuaren menpeko lurraldea da, eta diola etnia da nagusi han. Oussouyetik Caprandoulen herrira lekualdatu da, Ginea Bissauko mugara. Zinemagileak Martxan GKEarekin joan zen.

Nola daramazue COVID-19aren pandemia Casamancen?

Orain ramadana da; beraz, gobernuak erabaki du meskitak irekitzea. Etxeratzeko agindua dugu 21:00etatik 05:00ak arte. Jendea kalean ibiltzen da maskarak jantzita, eta herrietako sarreretan Gurutze Gorriko jendea dabil tenperatura hartzen eta eskuak garbitzeko produktuekin. Arraroa da.

Nolakoa da Caprandoulen?

Oso turistikoa da, baina baditu bere auzotxoak, eta betiko jendea bizi da hor. Niretzat paradisu txiki bat da.

Ezagutzen zenuen herrialdea?

Duela bost urte etorri nintzen lehenengoz, GKE batekin. Aurretik hirutan etorri eta gero, orain, gelditzeko etorri naiz. Oso lurralde interesgarria iruditu zitzaidan, bereziki Casamance. Gambiaren azpian egonda, Senegaldik aparte dago.

Zergatik Casamance? Zerk erakarri zintuen?

Kultura oso sustraiturik daukate. Haien bizitzaren kontzepzioa da gehien gustatzen zaidana: animistak dira, eta bitxia egiten zait bizitza eta natura nola ikusten dituzten.

Zer lan egiten duzu Zinemagileak Martxan GKEarekin?

Traba handia izan dut hizkuntzarekin, ez nekielako frantsesez; beraz, batez ere lan administratiboa egin dut. Jendearekin egoteko, zuzendariarekin edo gizarte langilearekin joan behar dut beti.

Nolako hartu-emana duzu hango biztanleekin?

Hitz egitea ikaragarri gustatzen zaie: hitz egitera etortzen zaizkizu, bat-batean etxean sartzen dira... erraza da jendearekin harremana egitea. Haurrekin eta emakume taldeekin ere aritu gara proiektuetan. Baina ez da erraza lagunak izatea, gu zuriak baikara, eta kostatzen zaie konfiantza hartzea.

Normala izan daiteke...

Bai, bai. Hona etorri, dena hartu eta alde egin genuen. Orain berriz gaude hemen gauzak lapurtzen. Batzuetan harritzen nau zein ongi onartzen dituzten europarrak historia zein izan den kontuan izanda.

Diola etnia da nagusi zuenean. Zerk bereizten ditu?

Eremu hau oso urruti dago Dakarretik; orduan, beti izan dituzte aldarriak Senegalgo gobernuarekiko, oso zona deprimitua delako. Horrekin lotuta, hemengo identitatea oso indartsua da: diolak dira. Batzuk oso independentistak dira, beren kultura babestu nahi dutelako. Hemengo tradizio eta ohiturak oso ezberdinak dira beste guneekin alderatuta; beraz, sentimendu hori badute. Bertako jendearentzat, natura oso garrantzitsua da: haien basoekin, arrozaren kulturarekin oso loturik bizi dira. Horretaz gainera, Senegalgo beste lekuetako baldintza berak nahi dituzte. Pentsa, duela hamabost urte ez zuten errepiderik.

Atzendu egin dituztela, alegia?

Bai, eta diola gisa kontuan hartu behar dituztela exijitzen dute.

Zein da dioleraren egoera?

Eskolan ez da irakasten, eta oso gauza gutxi daude idatzita. Transmisioa ahozkoa da, eta basoan egiten dute: hilabetez edo bi hilabetez basoan sartzen dira gaztetxoei kultura transmititzeko. Han bizi dira, gizonak alde batetik eta bilerak egiten dituzten emakumeak bestetik.

Nolakoa da emakumeen eta gizonen arteko harremana?

Diola kulturan matriarkatu afrikarra zegoela esaten da; hori interesatzen zait, baina ez dira oso irekiak horretaz hitz egiteko.

Emakumearen rola zertan da ezberdina?

Haiek diote emakumeek erabakiak hartzen dituztela herrietan. Hemengo biztanleek errege propioak dituzte, eta erregeak emakume talde batengana jotzen du erabakiak hartzeko. Esaten dute emakumea zutabe garrantzitsua dela beren komunitatean, baina kanpotik genero rolak oso finkatuta ikusten ditut.

Eta hizkuntzei dagokienez, nolakoa da egoera?

Edozeinek lau hizkuntza hitz egiten ditu: frantsesa, wolofa, diola, eta mandinkera, fula edo balantera. Badira zazpi edo zortzi hizkuntza egiten dutenak. Trebeak dira hizkuntzekin; harrigarria da, euskarazko edozein hitz berehala harrapatzen dute.

Borroka armatua alde batera utzi zuten 2014an. Nola dago egoera? Zer ondorio izan ditu gatazkak?

Badirudi oraindik errebeldeak bizi direla eremu batzuetan. Hemendik hurbil omen daude. Herrietan jendeak asko sufritu du armadaren erruz, eta mina oraindik hor dago. Herrialde borrokalaria da hau, eta hori subkontzientean dute. Orain militar asko daude hemen, baina politikoki lasaiagoa da egoera. Erregeek bake prozesuan parte hartu zuten, eta, nolabait, hori itxi zuten. Dena den, zerbait gertatuz gero, argi dute borroka egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.