TXAPELA BURUAN. Jon Etxeberria. Brasilen bizi den arrasatearra

«Polita izango litzateke Brasilgo egonaldia luzatu ahal izatea»

Etxeberria proiektu bat dela-eta joan zen Brasilera; urtebete pasatxo igaro da joan zenetik. Proiektu hori mundukide fundazioarena da, eta kooperatibei laguntzea eta gizartea eraldatzea ditu helburu.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Urtebete pasatxo da Jon Etxeberria (Arrasate, Gipuzkoa, 1983) Brasilera joan zela bizitzera: proiektu batean parte hartzera joan zen. Bi urteko iraupena du proiektuak. Ahal balitz, egonaldia luzatu nahiko luke.

Zerk eraman zaitu Brasilera?

Mundukiderekin batera lan egiteko aukera suertatu zen: proiektu bat zegoen Brasilgo hegoaldean. Iazko martxoan etorri ginen, eta Curitiban bizi gara. Ez da Hego Amerikan bizi izan garen lehenengo aldia: Argentinan, Txilen eta Uruguain ere izan gara.

Zein da proiektu hori?

Bi urteko iraupena duen proiektu bat da, Brasilgo Lurrik Gabeko Langileen Mugimenduarekin ari gara lanean. Aurrez ezagutzen nuen mugimendu hori; interesgarria zela pentsatu nuen.

Zein da zuen eginkizuna?

Erabilerarik gabe dauden lur eremuak okupatzen eta lur horiek produktibo izaten laguntzea da MST mugimenduaren helburua: nekazaritzan lan egiteko egokitzen ditu. Gero, kooperatiba bat sortzen dute, lur hori landu eta lortutako produktuak saldu ahal izateko. Mundukideren lana kooperatiba horiei laguntza ematea da, hala gizartea eraldatzeko. Kooperatiba horiei laguntzen diegu elkarlanean.

Nekazariekin egon ohi zara?

Hirian bizi den jendearekin egiten dut lan, bereziki. Aldi berean, asko bidaiatzen dut Santa Catarina eta Parana barrenera, nekazariekin egoteko. Haiek kudeatzen dituzte kooperatibak. Haiekin egoten naiz hango kokalekuetan.

Nola definituko edo laburbilduko zenuke esperientzia hori?

Oso aberasgarria da, asko ikasten duzu: beste kultura bat da, bizitza ikusteko beste era bat.

Ikasteko bidea eman al dizu?

Bai, azken finean, kalekume bat naiz. Erritmoa desberdina da, eta ni kooperatibetatik nator: erritmoa biziagoa da, estres puntu handia du. Hemen erritmoa lasaiagoa da: egiten duzun horretan pentsatzeko denbora duzu. Konturatzen zara gauzen atzetik gabiltzala, korrika, presaka, eta ez dugula disfrutatzen egunerokoaz.

Lana amaitzean, zer egiten duzu zeure denbora librean?

Oso desberdina da hemen dagoen eskaintza kulturala. Bikotekidearekin eta umearekin parkera joaten naiz, ibiltzera... Kostaldea ere ez dago oso urruti, eta hondartzara joaten gara. Brasil eguzkitsu eta tropikal baten irudia dugu, baina Curitibako klima guztiz desberdina da: antzekotasun handia du Euskal Herrikoarekin.

Kultura aipatu duzu. Horrez gain, bizimodu, ohitura... aldetik, zerk harritu zintuen gehien?

Brasildarrez dugun irudia da oso irekiak direla; Curitibako gizartea, aldiz, oso itxia da. Azkenean, euren eragina oinordekoak alemanak, italiarrak... dira, oso kultura itxia dute. Zaila da taldeetan sartzea edo kuadrillatxoak egitea. Hala ere, gure antzekoak ere badira: gustuko dute kalean eta tabernetan egotea.

Zer moduz hizkuntzarekin?

Ondo; hasieran, gehiago kosta zitzaigun. Azkenean, portugesa eta gaztelania antzekoak dira. Hala ere, bizkor hitz egiten dutenean ez da ongi ulertzen. Hitz egiteko modua oso desberdina da. Eskolak hartu genituen lehen hiru hilabeteetan. Denborarekin eta lanarekin ikasten da. Gainera, barnealdera zoazenean guztiz desberdina da: hitz indigena ugari erabiltzen dituzte.

Proiektua bukatzen denean, zein asmo dituzu gerorako?

Amaitzen denean, ikusi beharko dugu jarraitzeko aukera dagoen edo ez. Polita izango litzateke Brasilgo egonaldia luzatzea, baina aukerarik egongo ez balitz, Euskal Herrira edo Kataluniara itzuliko ginateke; izan ere, emaztea kataluniarra da. Seme bat dugu, eta oso gogorra da senideengandik urrun egotea. Aitor martxoan jaio zen: aitona-amonek ezin izan dute ezagutu.

Beraz, luzatzerik badago, bertan gelditzea da asmoa, ezta?

Bai, oso gustura gaude, jada egin gara hemengo bizitzara, lagun asko egin ditugu. Oso aberasgarria da proiektua, pertsona batentzat oso desafiatzailea da: asko ikasten da.

Zerk bultzatu zintuen Mundukideren proiektuetan parte hartzera?

Mundukide betidanik ezagutu izan dut. Helburua ez da pertsona edo pertsona talde txiki bat aberastea. Helburua da kooperatiben bidezhorien atzean dauden komunitateen bizi kalitatea hobetzea, eta ez dago egiten duzun lana horretan islatzea baino gauza hobeagorik.

Koronabirusa zabaldu da Brasilen. Zein da egoera?

Brasil errepublika federal bat izaki, estatu bakoitza bere kontura ari da egoera kudeatzen. Iparraldeko estatuak bakartuta daude; hemen, hegoaldean, Santa Catarinan esate baterako, zabalik dago dena: guztia zabaldu zutenetik hirukoiztu egin da kutsatuen kopurua. Kaosa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.