TXAPELA BURUAN. Beñat Azkargorta. AEBetan bizi den algortarra

«Langile klasearen tradizio handia duen hiri bat da Chicago»

Hiru urte dira Azkargorta Chicagon dela: master bat egitera joan zen, eta gerora lanean jarraitu du. Software enpresa batean lan egiten du. Udaran etxera itzultzea da bere asmoa, «etapa amaitu» delakoan.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Beñat Azkargorta master bat egitera joan zen (Algorta, Getxo, Bizkaia, 1994) Chicagora, AEBetara. Hiru urte dira joan zela; izan ere, masterra amaitu eta bertan lanean gelditzeko aukera suertatu zitzaion. Gustura dago, baina uda honetan Euskal Herrira itzultzea da bere asmoa, ozeanoaz bestalde hasitako «etapa amaitu» delakoan.

Zergatik Chicagora eta ez beste edozein tokira?

Bilboko Ingeniaritza Eskolan ikasi nuen. Unibertsitateak akordio bat zuen Chicagoko Illinois Institute of Technology unibertsitatearekin, eta akordio horri esker oso erraza izan zen sartzeko prozesua. Bisarako eta lege kontuetarako ere laguntza izan nuen.

Iritsi berritan, zerk harritu zintuen gehien?

Hiri gisa zein bereizita zegoen ikusteak harritu ninduen gehien. Iparraldean gehiengoa zuria da, eta hegoaldean, beltza. Ni iparraldean bizi nintzen, baina unibertsitatea hegoaldean genuen. Hara joateko metroa hartzen nuen, eta geltoki batetik aurrera oso nabarmena zen ni nintzela treneko zuri bakarra.

Geroztik, zertan aldatu da zure ikuspegia?

Beti pentsatu izan dut Chicago oso hiri aberatsa dela, baina gerora ikasi dut langile klasearen tradizio handiko hiria dela. Sindikatuek indar handia dute, eta langile mugimenduek ere garrantzi handia izan dute historia errepasatuz gero.

Hiri gisa, nola definituko zenuke?

Chicago bizia eta plurala dela esango nuke.

Ba al du antzekotasunik Euskal Herriarekin?

Inola ere ez. Oso laua da orografia aldetik; ez du euri askorik egiten, baina kristoren hotza egiten du.

Zer moduz ingelesarekin? Izan duzu hobetzeko aukerarik?

Bai, nahitaez erabili behar denez, apurka-apurka gero eta erosoago komunikatzen naiz ingelesez.

Lan orduetatik kanpo, zer egiten duzu? Aisialdiari begira, nolako eskaintza dago?

Aisialdirako aukerak oso ugariak dira. Uda iristean etxetik kanpo egoten ahalegintzen gara denbora gehiena; izan ere, gutxi irauten du eguraldi onak. Hondartzan egoten gara, parkeetan... Baina neguan ere aukera kulturalen aniztasun oso handia dago. Bakoitzaren gustuaren arabera giro ugari topa daitezke.

Izan duzu batere denborarik ezagutzen ez zenituen tokiak bisitatzeko?

Bai; etxetik urrun bizi izanda, astia nuen bakoitzean ihesaldi txikiak egiten saiatu naiz lagunen batekin.

Zein izan da orain artean zure inguruan bisitatu ahal izan duzun lekurik bereziena?

Beharbada Yellowstone parkea izango litzateke, hemen inguruan egon naizen lekurik ikusgarriena. Ez dago Chicagotik hain hurbil; Wyoming eta Hego-Dakota artean dago.

Toki ikusgarriak bisitatu arren, faltan sumatuko duzu Euskal Herria, ezta? Herriminik izaten duzu, edo ez bereziki?

Zalantzarik gabe, herrimin handiko boladak izaten ditut. Gaur egun ez da hain gogorra egiten, etxekoekin etengabe konektatuta gaudelako, baina hala ere nostalgia puntu bat sentitzea saihetsezina da.

Zeren falta sumatzen duzu?

Lagunak, familia, jaiak, janaria...

Aurrera begira, bertan gelditzeko asmoa duzu?

Ez, uda honetan Euskal Herrira bueltatuko naiz. Hemen denboraldi luzea pasatu dut, baina etapa hori amaitu delakoan nago.

Koronabirusa ere iritsi da horra... Zein da egoera? Zer interpretazio egiten duzu?

Hemen oso gogor jo du birusak, eta gobernuaren erantzuna traketsa izan da. Osasun sistema publiko baten faltak arazoa asko larriagotu du. Jende askok ez dauka inolako asegururik, ezta gastu medikoak ordaintzeko dirurik ere. Gainera, Chicago bezalako hiri batean oso handia da etxegabeen kopurua, eta horientzat oso zaila izaten ari da konfinamendu neurriak hartu eta bete ahal izatea.

Une honetan, etxetik egiten duzu lan?

Bai. Martxoaren 13tik ari naiz etxetik lanean.

Zer moduz daramazu?

Batzuetan gogorra egiten da, orain bakarrik bizi bainaiz, baina oso kontziente naiz posizio pribilegiatu batetik hitz egiten dudala. Egoera honetan lanpostua eta soldata mantentzea, eta inolako arriskurik gabe etxetik lan egiteko aukera hori izatea sekulako pribilegioak dira.

Zer moduz daramazu pandemia garaian familia eta lagunak urrun izatea?

Ironikoki, lehen baino askoz ere gehiago hitz egiten dut orain lagun eta senide batzuekin. Baina, aldi berean, egia da urrunketa sozial horrek bakardade sentsazio hori nolabait areagotzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.