MAITE DITUT MAITE. Elena Caballero, 'La Basu'. Rap abeslaria

«Gutxik dakite, baina hip-hopa emakume batek sortu zuen»

Roxanne Shante rap abeslaria hautatu du Caballerok: raparen emakumezko aitzindaririk ezagunena. Caballerok argitu du, baina, dezente lehenagotik datorrela emakumeen eta raparen arteko lotura.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Peru Azpillaga Diez -

2020ko uztailak 2

Rap musikak betetzen du Elena Caballero La Basu-ren (Etxebarri, Bizkaia, 1983) bizimodua. Txikitan ezagutu zuen bonbo kutxa eta errimen artea, eta, geroztik ezin izan da aldendu. Urtero «hiruzpalau aldiz» utziko duela erabakitzen duen arren, aitortu du ez duela beste bizimodurik ezagutzen. Rapean hasi zenean, Euskal Herrian batere ezaguna ez zen musika estilo bat zen, eta emakumea izanik are oztopo gehiago izan dituela nabarmendu du. Egun, emakumeek berak baino baldintza hobeetan aritzeko aukera izan dezaten dihardu lanean.

Nor da Roxanne Shante?

Emakumezko lehendabiziko rap abeslarietako bat izan zen. 1984an, 14 urte zituela, mundu guztiaren aurkako abesti bat egin zuen, eta oso famatua egin zen: Roxanne's Revenge. Historiako lehenengo beef-a bota zuela esan daiteke. Orain pelikula bat ere egin diote.

Zergatik aukeratu duzu?

Arazoa da mundu guztiak uste duela bera izan zela lehendabiziko emakumezko rap abeslaria, eta hori ez da inondik inora egia. Aurretik ere badira sekulako lana egin duten hainbat emakume, baina historian galdu egin dira. Horregatik, dokumental bat egiten ari naiz emakumeak eta rapa gaitzat hartuta, desinformazio handia dagoelako.

Esaterako?

Bada, gutxik dakite, baina hip-hopa emakume batek sortu zuen; kultura horren sortzaileetako bat emakumezkoa izan zen. Munduarentzat haren anaia da ezaguna, baina, bera gabe, ez zen hip-hopa existituko ezagutu dugun moduan. Ildo berean, historian ere izan dira beren errimak gizonei ematen zizkieten emakumezko rap abeslariak, bestela ezinezkoa egiten zitzaielako beren lanak kaleratzea.

Nolakoak izan ziren raparen munduan eman zenituen lehen pausoak?

Ni Burgosko herri txiki batean hasi nintzen rapean. Bertan igarotzen nituen udak. Tipo batek rap zinta bat erakutsi zidan, eta txundituta utzi ninduen. Nik betidanik idatzi izan ditut olerkiak eta halakoak. Beraz, jolas moduko bat izan zen: idatzitakoa bonbo kutxetan sartu eta rap bihurtzea. Zer gertatzen zitzaidan? Bilbon ez zegoela mugimendurik. Duela 25 urte, Bilbon oso arraroa zen rapa entzutea; hip-hop joera beti izan da arraroa, eta, gainera, den-denak gizonak ziren.

Zergatik erabaki zenuen rapean hastea?

Zinten bila aritzen nintzen beti. Baina izenbururik gabe eta txarto grabatuta heltzen ziren. Bertan, emakumeak agertzen ziren batzuetan, baina inoiz ez rapean; beti abesten edo koruak egiten. 90eko hamarkadaren amaieran zinta bat heldu zitzaidan arte: rapa erdaraz eta emakume batek egina. Ariana Pueyo zen.

Zeintzuk dira emakume izateagatik izan dituzun oztopo nagusiak?

Hainbat izan dira, baina, batik bat, erreferente eta ikusgaitasun falta. Gizonen mundu bat izan da hau beti, eta nik haien artean leku bat irabazi behar izan nuen. Irabazi, beti nuelako beharra balio nuela frogatzeko. Horrekin batera, fisiko aldetik ere askoz gehiago eskatu didate, eta, haiek ez bezala, ni kritikatu egiten naute; nik rapean jardun baino ez dut egin nahi.

Aldatu egin da egoera gaur egun?

Esaten da gauzak asko aldatu direla, baina, egia esan, ez dira hainbeste aldatu. Lan handia egin da, eta gaur egungo emakumeek ez dituzte nik nituen arazo berak. Internetek lagundu egin du, erreferenteak daude, gutxi baina badaude, eta sareak osatu ditugu gure artean. Hala ere, erroko arazoak hor jarraitzen du. Oraindik ere, oholtzara igotzen naizenean, bada emakumea naizelako harritzen den jendea.

Beraz, badira oraindik ere oztopoak bidean...

Hala da. Esaterako, lehengo egunean, orain rapean hasi den neska gazte batek deitu zidan instrumentalak egiten zekien tipo bat ezagutzen zuela esanez, eta bere etxera joango zela grabatzera. Handik gutxira berriz deitu zidan: antza, larrua jotzea zen haren helburu bakarra, eta orain neskak abesteari utzi nahi dio... Ez da batere erreza; mundu zaila da hau, eta horregatik gaude borrokan.

Zer proiektu jarri dituzu zuk martxan?

Lehenik, 1999an Jungla Urbana sortu genuen, emakumezko lehendabiziko rap taldea. Gero, bestelako ibilbide bat egin dut, autogestioa oinarri hartuta, eta euskaraz abestera salto eginez. Gainera, Esquina Femenina proiektua ere jarri nuen martxan, emakumeei ikusgaitasuna emateko, eta orain rap tailerrak ematen nabil, batik bat eskoletan, umeekin, baina kartzelan ere egon naiz eskolak ematen. Oraindik ere lan handia dugu egiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Dena gelditu zen Gasteizen Martxoaren 3an; egunak historia markatu zuen»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hainbat borrokarekin «konprometitua» egon dela adierazi du Razkinek, hala nola euskalgintzarekin eta langile mugimenduarekin. Lantegietan egin du lan; baita Osakidetzako euskara zerbitzuan ere.
Txillardegiren horma irudia eta haren senitartekoak, atzo, Donostian egindako omenaldian. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Loratu dadin txilarra berriz

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil zenetik bederatzi urte bete ziren ostegunean. Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak omenaldia egin dio Donostian, senitarteko eta lagunez inguratuta.
 ©HAMAIKA TELEBISTA

«Begi berriekin ezagutu ahalko dugu Nafarroa»

Jakes Goikoetxea

Nafarroa ezagutzen ez duenaren baina ezagutzeko jakin-mina duenaren begiradarekin erakutsiko du herrialdea Khris Maansrik, Hamaika Telebistako 'Nafar away' programa berrian, astelehenetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Peru Azpillaga Diez

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna