MAITE DUT MAITE... AHUZKI. Niko Etxart. Musikaria

«Artzainek didate eman euskararen gustua»

Euskal rockaren erroak Ahuzkiko uretan hazi ziren. Bortuko ur haiek ernatu zuten hain sarkorra den boza, hain polibalentea. Etxart indarberritzeko itzultzen da beti: haren egarria sekula ez zaio ase.

FRANÇOIS BERLAND Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko uztailak 22

Ahuzkiko uretik anitz edan du Niko Etxartek (1953, Altzürükü, Zuberoa). Emari handiko artistaren egarria sekula ez du asetzen ur horrek, beti baitu indarberritzen, eta askaziengana igortzen.

 

Zer oroitzapen duzu Ahuzkin?

Parisen hazi, baina 8 urtetarik 14 urte arte artzaingoan ari izan naiz hemen, Nabolegin, aitaita Johañe Jaragoienekin: amaren aita. Ola bakoitzeko zazpi edo zortziko txotxa genuen, eta familia bakoitzak behar zuen bederen aste batez egon. Pilak kargaturik, mundua beste begi batzuez ikusten dut gero. Ene bizia orekatzeko gunea da; erran nezake hil arte hala izanen dela. Mistikoa ez banaiz ere, leku hau halakoa da: hemen elementu zenbait atzematen ditut.

Iturri zaharretik, ur berria.

Ahuzkik ez zuen orain duen larrain zabal hori, ez ere harresia. Jende anitz gurutzatzen zen, eta inguruan egoten luzaz kokoriko. Ez dut Georgian baizik berriz ikusi nola jendea gai den hain luzaz hala egoteko. Artzainak biltzen ziren hemen, ortutsik, eskalapoiak saihetsean, eta pegar edo ontzi zerbait ekarririk. Ahuzkin ezagutu ditudan artzain zaharrek didate eman euskararen gustua. Jende aberatsak eta artzainak gurutzatzen ziren hemen. Haurron lana izaten zen urka joatea, egunean bitan. Orain, aldiz, ola guziek badute ura, eta badira bideak orotan. Dena oinez egiten zen.

Zuk ere ekarri duzu ontzia.

Enetako, munduko urik ederrena Ahuzkikoa da. Whiskia edo rona bezain ona da; haiek gabe egon naiteke, ur hori baldin badut. Badakit plazer psikologikoa dela, baina berdin zait. Mozkortzetik begiratzen nau. Baditu bertute diuretikoak.

Iturria, aitaitarekiko lokarria.

Aitaitarekin jostatzen ginen Ahuzkin: nork zenbat baso edan. Kondaira ere kontatzen zigun: Maule gazteluko kapitainak orkatza ehizatzeagatik heriora kondenatu zuenari galdetu zion nola zuen hil nahi: «ur hartzetik», erantzun zuen. Orduan, bi soldadu igorri zituen Ahuzkirat barrikotearen betetzera. Ahoz gora etzan zuten kondenatua, xortaka erortzen zitzaizkion ur tantak, barrikotetik ahorat. Edan ahala txiza egiten zuenez, salbatu zen!

Bortian mendi gainetik kantua idatzi zenuen Nahasteka diskoan, 1979an. Zer da kantuko besta?

Ahuzkiko bestak dira, agorrilaren 15ean. Lasterketa antolatzen dute. Haurretan hiru aldiz irabazi nuen. Haatik, helduetan bigarren gelditu nintzelarik, 16 urterekin, deliberatu nuen kirolik ez egitea. Barra txapelketa ere bazen: barraren jaurtikitzea da. Hiru manera ditu: zankartea, zankarte-gibel eta apetxo. Bai ere jauziak. Eta, kantu txapelketa, zeinean guk usu irabazi baitugu. Leheneko artzainak joko horiekin engainatzen ziren. Besta handia izaten zen, eta milaka jende biltzen zen.

Kantuak dioen Lohitzunia hori Ahuzkiko ostatuaren izena da?

Ostatuko jabeen behereko etxea da; Altzürüküko karrikakoa. Negua behean iragaten dute; uda, berriz, hemen. Haren parekoa ostatua ere izana da: aita zenak ezagutu zuen. Xexili deitzen zioten, eta egunero oihal bat zintzilikatzen zuen Xexilik leihoan. Oihal horren kolorearen arabera, Altzürükü zolatik ogi edo beste bidaltzen zioten mandoz.

Haririk gabeko konexioa?

Filmetan bezala ikusten genuen Olhatzezarre aldetik heldu zela behera auzoko artzaina. Momentu batean ekuratzen zen, eta hasten zen: «Johañe, hor hiza?». Horrela hasten ziren biak txikitoka. Batzuetan berdeak ere bai. Aldi batez, ene aita hemen baitzen, Pernod edanik: «E! Dominika, Miñiñika, hire Pernodari ura prest ezak!». Kar-kar. Anitz ari ginen kantuan, ez baginen cowboy eta indianoetan ari.

Mendia bizi zen orduan...

Pentsa, bost ostatu izan ziren Ahuzkin! Han gibelean, bazen Harribibilia hotela, zeinak arrakasta bildu baitzuen II. Mundu Gerla aitzin. Garai hartan, autoz ez zen posible iristea; jendea behiekin heldu zen honat.

«Bortuan Ahuzki, hur honak osoki...»

Ikasi dugun lehen kantuetarik da, betidanik ene errepertorioan izan da. Kantu herrikoia da, XIX. mendekoa izan daiteke. Ez dakigu nor den idazlea.

Nor da kantuko Xiprian Phino?

Istorioa zuritu dut amiñi bat. Gure herria aldizkarian irakurri nuen mauletar bat zela Phino, baina interesatzen hasi naiz deuseztaturik izan diren etxeez. Zuberoako karrikarik handienetarikoa zen Altzürükükoa. Desegin ziren etxeetarik bat Phino deitzen zen. Xiprian Phino altzürükütarra ikusten dut, duda gabe.

Lehen, orain eta gero: lotsa zara turismoak agortuko duen Ahuzki?

Ez naiz sekula izan gauza ederrenak guhaurendako begiratzearen alde. Hau ororena da. Egia da erraza dela jitea, baina oraino ez dut ikusi hainbeste jende: ez zait kezkagarria egiten. Beti toki aparta da, eta hola segi dezala Jainkoak gura badu!

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.

Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Hiru pertsona maskara jantzita ©Jon Urbe / FOKU

Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko

Aloña Beraza Peña

Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.

Koronabirusaren agerraldiak

Koronabirusaren agerraldiak

Berria

Koronabirusaren aurreneko olatua makaldu eta konfinamendua arintzen hasi ondoren, agerraldi gehiago izan ditu COVID-19ak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainize Madariaga

Informazio osagarria