Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Jordi Cortes. Dantzaria

«Mugak buruan sortzen dira: ikusteko eran»

Cortesek urteak daramatza mugak arrakalatzen, perfekzio eta edertasun kanon ezarrietatik haragoko gorputzekin dantzaren bidez harremanak sustatzen. Euskal Herrian ikastaro bat eman du.
ULISES PROUST Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko urriak 6

Jordi Cortes dantzariak (Bartzelona, 1964) ikastaro bat eman zuen irailaren 26an Errenterian (Gipuzkoa), Dantzagunean. Ari Sormena eta Mugimendua proiektuaren bidez egindako saio bat izan zen, Bizipozak, Artaziak arte hezkuntzako egitasmoak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak sustatutakoa. Cortes erreferentziatzat dute: urteak daramatza dantza ulertzeko modu inklusibo bat sustatzen.

Dantzan maiz egiten duzu gizartean goraipatzen diren edertasun ereduetatik aparte dauden gizon eta emakumeekin, elbarritasunak-eta dituztenekin. Beste edertasun kanon batzuk daude hor...

Dudarik gabe. Ahaldundu egin behar du bakoitzak bere gorputzean, ezkutatu gabe. Urte asko daramatzat dantzan, baina beti egin zait erakargarria gorputz ezberdinekin lan egitea, beste ingurugiro esperientzia batzuetatik datorren jendearekin, elkarrizketa komun bat bilatzeko. Horrek asko ikasteko era eman dit. Aniztasun funtzionala duen jendearekin harremanetan jartzean, esaterako, goizean goiz jaikitzen direnetik, espazio eta denborarekin bestelako harreman bat dute haiek; hori beti oso erakargarria egin zait.

Non da edertasuna?

Edertasuna aurkitzen dut gauza askotan. Adineko pertsonekin, adibidez, lan handia egin dut: liluratu egiten naute. Jaioberriek ere bai. Eta haien arteko antzekotasunek: haien zimurrek. Begietan ere edertasuna bada sarri; gurpil aulkian guztiz konfinatuta dauden pertsonen begiradetan, adibidez, perlak aurkitu izan ditut, bestela aurkituko ez nituzkeenak. Gogoan dut nola orain dela urte batzuk Alison Lapper artistak talidomidaren ondorioz besorik ez zuen andre haurdun baten eskultura jarri zuen Londresen, Trafalgar Squaren; ikaragarrizko eztabaida piztu zuen. Zergatik? Pertsona erreal bat da; niri, gainera, oso ederra iruditzen zitzaidan. Maldiziotzat hartu dira askotan era horretako gorputzak, ezkutatzera egin da: hori aldatzen ari da, baina ez da erraza. Oraindik gorputzaren gurtza nagusitzen den gizarte batean bizi gara.

Dantzan ere nagusitzen da usu edertasun kanon jakin bat...

Dantzaren eremu batzuetan, bai. 80ko hamarraldian, hasten ari nintzen sasoian, entzuna naiz inguruan: «Nora zoaz gorputz horrekin? Ez zoaz inora!». Orduan, jada, erotzekoa iruditzen zitzaidan. Irakasle batek hori esatea! Nik, ordea, urteak daramatzat oso bestelako mundu batean, ikuskera apurtzaileagoa duten egitasmoetan, zeintzuek esperimentazio bat bilatzen baitute,.

Non dira dantzaren mugak?

Ez da mugarik. Bi gorputzen arteko elkarrizketa bat sortzen duzun bakoitzean, horietako bat esperientzia ezberdin batetik datorren heinean, mugak apurtu egiten dira. Mugak norberak jarritakoak dira, buruan sortzen dira, ikusteko eran. Baina pertsona edo talde bakoitzarekin egin dezakezun lanean, ez dago mugarik. Askotan, orain, taldeekin-eta lan egitera noanean, zera galdetzen didate: «Beti al dakizu zer egin?». Eta, sarri askotan, galdera izaten da ea joan aurretik jakin nahi dudan zer aniztasun mota dituzten taldean egongo diren pertsonek. Baina nik ez dut jakin nahi izaten; jakingo dugu elkarrekin, elkarrekin izango dugun elkarrizketa horretan ikusiko dugu hori. Aurreko informaziorik ez dut behar. Nik uste dut hori dela onena, esperientzia urteek, behintzat, horixe erakutsi didate; gainerakoan, aldez aurreko erreparoekin joango naiz. Lan egiteko era sotila da, hauskorra, baina oso indartsua eta organikoa: benetakoa.

Zer ekarpen egin dizu urteotako ibilbideak? Zer ikasi duzu?

Bada, mugak harago daudela. Eta badakit, gainera, hau dela amaierarik gabeko bide bat, zeinean zerumuga urrun baitago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txalupa uretaratu zutenean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Uretaratze gozo-gozoa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Txokolatez egindako 1.500 kiloko txalupa bat itsasoratu dute Pasaiako badian. Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dute, Euskal Herri osoko gozogileen artean. Eta bai: flotatu egin du.
Izokin bat, Bidasoa ibaian gora. ©JOSE ARDAIZ GANUZA

Joan-etorriko arrainen balioa

Iker Tubia

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Arrain horiek ibaitik itsasora edo itsasotik ibaira migratzen dute, eta haien populazioak arriskuan daude. Adituek babes neurri «bateratuak» eskatu dituzte.
Natalia Garriga eta Rosa Roma i Monfa, atzoko agerraldian. ©ARNAU PASCUAL / KATALUNIAKO KULTURA DEPARTAMENTUA

Kataluniak ehunka bikoizketa eta azpidatzi emango dizkie plataformei

Jakes Goikoetxea

TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako film eta telesailak jartzen ari dira 'streaming' plataformen esku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...