ATZEKOZ AURRERA. Aitor Etxebarria. Musikaria

«Molestatzea baino gehiago, ekarpenak egitea gustatzen zait»

Soinu bandek telesailei izaera emateaz gain magnetismoa behar dutela uste du Etxebarriak. Bi aldiz pentsatu gabe onartu zuen 'Hondar ahoak' telesaileko soinu banda egiteko proposamena.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Gernika-Lumo
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Harrera oso ona izan du ETB1eko Hondar ahoak telesailak. Aitor Etxebarria musikariak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1985) ere badu ardurarik horretan: soinu banda sortu du. Harro eta emozionatuta dago izandako erantzunagatik; hitz onak soilik ditu: «Enkargu bat baino gehiago, opari bat izan da».

Espero zenuen telesailak horrelako harrera izatea?

Bai. Nik, pertsonalki, espero nuen telesailak jendearengan interesa piztea. Koldo Almandoz zuzendariak irudi interesgarria dauka zinema munduan; aktoreak oso onak dira, eta lantaldea, oro har, indartsua da. Niri dagokidanez, inoiz ezin duzu espero zer harrera izango duen. Telesailak, oro har, telebistan ikusten diren harmoniak baino ilunagoak eskatzen zituen, intriga gehiagokoak, eta ikusi da jendeari gustatu zaiola. Batik bat, sarrerako musika gustatu zaio jendeari.

Zein da arrakastaren gakoa, kasu honetan?

Lantaldea. Gauzak ondo egitea bilatu da une oro, eta horrek eragina du.

Nola batu zinen lantaldera?

Zinema jaialdi batean egin nuen topo zuzendariarekin. Esku artean zuen proiektua kontatu, eta aipatu zidan musika nik egitea gustatuko litzaiokeela. Proiektuaren berri izan nuenean, gidoia irakurri aurretik ere, erantzun nion, zalantzarik gabe, deitzeko behar zuenerako, asko gustatuko litzaidakeela musikaz arduratzea. Gero, gidoia bidali zidaten; izugarri gustatu zitzaidan: ileak tente nituen emozioaren emozioz, eta hala hasi nintzen lehen zirriborroak egiten.

Zer eskatu zizun Almandozek?

Zinema proiektuetan, hasieratik lan egitea gustatzen zait; gidoia irakurtzen dudanetik ekarpenak egitea. Hala, grabatzen hasi aurretik jada banituen zirriborro batzuk. Zuzendariaren baitan sartzea gustatzen zait; hura ezagutzea. Koldok askatasun handia eman dit, eta oso pozik nago horregatik. Harritzea gustatzen zitzaiola esan zidan, berari ez eskatzeko zer egin behar nuen. Horretan bat gentozen biok.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Gidoia irakurtzean, jada hogei zirriborro inguru nituen. Beti neukan beldurra ea irudiarekin funtzionatuko zuen, eta, zorionez, funtzionatu du.

Erreferentziarik izan duzu?

Ez, oso gutxi. Urtebete inguru eman dut telesailik ikusi gabe, badaezpada. Sorkuntza prozesu batean murgilduta nagoenean, eragin askorik ez izatea gustatzen zait, telesailari buruzko zerbait pertsonala egin ahal izateko; telesailak sortu dezakeen mikro munduan ekarpenak egin ahal izateko.

Kasu honetan, zer ekarpen egiten dio soinu bandak telesailari?

Melankolia ilun batean oinarritzen da. Pertsonaia denek daukate zerbait barnean; hots, tentsioa ez da besterik gabekoa. Alde horretatik, musika gizatiarra da. Molestatzea bainoago, ekarpenak egitea gustatzen zait soinu bandekin. Pixka bat laguntzea eta giroan sartzea da nire funtzioa.

Telesailaren soinu bandako deigarriena, agian, sarrera da. Nondik dator?

Intituitiboki atera zen. Pianoan harmonia arraro batzuk egiten hasi nintzen. Hasieran, ez neukan kantatzeko asmorik; Boga boga marinela abestia desestrukturatzea zen ideia. Gero, harmoniak sortu, eta abesten hasi nintzen: hor ikusi nuen egokia litzatekeela momentu goren baterako. Orkestra txiki batekin grabatu nuen. Hainbeste gustatu zitzaigun, sarrerarako gelditu baitzen. Sarrera oso garrantzitsua da: telesailaren izaera markatzen du.

Marinelen gisan, zu ere urrutira joan zara: Texasen (AEB) sortu zenuen sarrerako musika.

Mongoliako abestiak kantatzen dituen lagun mexikar bat dut han. Sarri kolaboratzen dugu elkarrekin. Kantu guturalak egin izan ditu, eta ahots altuak oso garbi egiten ditu. Hasieran entzuten diren Bo-Ga silaba solteak harekin grabatu nituen, Texaseko Sony Ranch estudioetan.

Nola deskribatuko zenuke azken emaitza?

Behe lainoa, kresala eta, aldi berean,iluna, zerbait ezkutatzen duena.

Nork konposatu du soinu banda, Aitor Etxebarriak edo El Txef-ak?

Aitor Etxebarriak. Urte asko eman ditut El Txef-a gisa, eta soinuen estetika, harmonia konbentzionalak ez diren maiztasunak, elektronikak ikertzen aritu naiz. Telesailak harmonia klasikoak, kadentziak ditu batik bat, baina soinu estetika ez litzake berdina izango El Txef-a gisa hamar urte egin izan ez banitu.

Zertan ari zara orain?

Bi urte daramatzat zinema munduan. Orain, besteak beste, Evelyn Glennierekin ari naiz pelikula batean lanean, Londresen. Ezin naiz kexatu: azken urtean hiru proiektu indartsu izan ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.