ATZEKOZ AURRERA. Pierre Lapeyrade. Film egilea

«Bi pasioak juntatu ditut: surfa eta filma»

'Bizi Belharra' filma atera berri du Pierre Lapeyrade lapurtar gazteak. Kausitu du urtean bizpahirutan gertatzen den fenomenoa gatibatzea: betaurrekoei esker, 360 graduan bizi daiteke uhin erraldoia.

GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko azaroak 24

Errealitatea birtuala bilakatzean datza Pierre Lapeyraden (Miarritze, Lapurdi, 1991) lana, eta birtuala errealitate egitean. Film egilea errealitatean berean egoten da, eta gatibatzen duen errealitate hori bera sekula bizi izanen ez dutenei biziaraztea du xedea. Horregatik egin berri du Bizi Belharra filma.

 

Surflaria film egile, ala film egilea surflari?

Gure enpresan [Space in vr] hiru adar ditugu: eskaerei erantzutea errealitate birtualean espezializatuz, guhauren filmak guk nahi gaien gainean egitea, edo oraintxe garatzen ari garena: adinekoei edota patologiaren bat sufritzen dutenei begira. Film honetan ene bi pasioak juntatu ditut: filma eta surfa.

Zer helburuk altxatu du filma?

Lehen xedea zen bi pasioen lotzea, eta, bigarrenik, jendeei biziaraztea sekula bizi ezingo dutena. Hori bai, ez du balio dena errealitate birtualean jartzeak: ez du interesik, adibidez, baratzeaz egitea.

Ezintasunen bat dutenei bereziki zuzendu diozu?

Ez, ahal bezainbat lagunei dedikatu nahi izan diet: bai surflariei bai surfaz deus ez dakitenei; jakin dezan zer den uhin horren hartzea, non den, nolakoa den, zer den besoaren indarrez edo itsas motoz joatea, zer arrisku hartzen den...

Zer da, xuxen, Belharra?

Erlaitzetik 2,5 kilometrora den urpeko arrokazko mendiak dio ematen izena, zeinak uhinak hautsarazten baititu. Funtsean, uhinak erregularki hausten diren tokia da. Berezi egiten duena da itsasoaren erdian dela, eta itsasoaren indarra sekulakoa da! Besoen indarrez harat heltzeko oren bat beharko zenuke. Belharra mistikoa da, arraroa, bakanetan gertatzen baita. Alta, gertatzen delarik, izugarria da, naturaren indarraren adibide garbia da, errepresentazio harrigarria da.

Zerk du Belharra eragiten?

Atlantikoaren iparrean depresio handi bat baldin bada, horrek galerna sortzen du, eta horrek itsasoa mugiarazten eta uhinak serieka igortzen, milaka kilometro zeharkaturik. Kostarat heldu direlarik da hori gertatzen baldintza berezietan.

Zein dira baldintza berezi horiek?

Belharra izateko hiru baldintza halabeharrezkoak dira: uhinaren sagailoak gutienez lau metrokoa behar du; koefizienteak aski handia, hots, marea zenbatez handitzen eta apaltzen den; eta, uhinen arteko periodoak ere handia behar du, erran nahi baita, uhinen arteko denbora tartea gero eta luzeagoa, orduan eta uhin handiagoak osatuko dira.

Eta, zure grabaketarako portatu dira?

Badirudi 2015az geroztik ez zela halakorik gertatu! Erabat! Hirurak bete ziren behar bezala; horrez gain, haizerik ez egon izanak sortu ditu hain uhin politak. Baldintzak bikainak ziren. Ttipitan, Erlaitzetik ikusten nuen, eta betidanik amestu izan dut uhin horren parean izatearekin.

Nolakoa da parean izatea?

Izugarria! Itsasoa bare-bare da, harik eta hogei minutu guziez guti goiti-beheiti lau uhineko seriea pasatzen den arte. Orotarat, hamabortz bat serie izan ziren; lau bat orenez egon ginen grabatzen. Uhinik tipienak 7-8 metrokoak izaten dira. Urtean bizpahiru aldiz gertatzen da. Pasatzen delarik, ez da hutsik egin behar.

Nola egin duzu Belharra biltzeko?

Gautier Garanx eta Julien Molia surflari bikotea segitu dugu. Itsas moto batean abiatu dira biak, eta ni haien adiskide batek gidaturik bertze batean. Uhin handietan surfean egiteko, behar duzu sekulako konfiantza izan kidearengan: eroriz gero, ahal bezain fite joan behar baita xerka serieen artetik. Bada bizi arrisku handia.

Eskuz ari den surflaria ere ageri da.

Antonin de Soultrait da, Getariakoa [Lapurdi]. Beti eskuz ari da, itsas motorik baliatu gabe, hamazazpi kiloko surf oholarekin. Garrantzitsua zitzaidan surfean aritzeko filosofia hori ere islatzea. Xantza ukan dut, harrapatu baititut uhinak hartzen.

Zenbat kameren obra da?

Birena. Bata nik eskuan atxikitzen nuen makilaren puntakoa, eta bertzea, bi surflariek aldizka janzten zuten kaskoaren gainean. Azken horrentzat nylonezko lotzeko sistema bat asmatu dut: surflaria eroriz gero, kamera bisaiarat joan ez dakion. Biak 360 gradukoak dira.

Laurden bateko filma da. Film laburra dea?

Errealitate birtualean esperientzia indibiduala denez, ez dira luzeak egiten. Honek hamazazpi minutu irauten du, eta kontsideratzen da formatu luzekoa. Egiten ari garen bigarren atala laburragoa da, hamar bat minutukoa.

Bigarrena ere Belharra dea?

Bai, baina urriaren 29an grabatua. Otsailekoan hamabi metroko uhinak harrapatu bagenituen, honako honetan oraindik altuagoak dira. Urte hondarrerako prest ukanen dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Atmosfera berezia sortzen saiatzen gara»

Olatz Enzunza Mallona

'Kateak' diskoa aurkezten ari da Jon Gurrutxaga. Gospela, bluesa, folka eta pop-rocka modu pertsonalean azaleratu ditu elgoibartarrak. Zuzeneko emanaldietan, Urbil Artolarekin batera ari da elkarlanean.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU - BERRIA

Komunitate bati, zuzenean

Iker Tubia

Twitch sare sozialak euskara hizkuntza gisa onartzeko eskatu dute 4.000 lagunek. Komunitateari zuzenekoak eskaintzeko baliagarria da plataforma, eta bideo jokoengatik ezaguna egin zen, baina denetariko jarduerak ikus daitezke bertan. Euskaraz geroz eta gehiago ari dira twitzlariak.

 ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

«Kulturaren memoria dibulgazio bidez eman behar da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek gaur gauean emango du 'Izan ginelako' saioaren hirugarren atala; azkena, «oraingoz». Memoria historikoarekin lotutako hiru istoriotan, «bitartekari» aritu da Ariztondo.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainize Madariaga

Informazio osagarria