ATZEKOZ AURRERA. Julen Basterra Garmendia. Musikaria

«Kontatu daitezke gauzak hitzik gabe»

«Esplorazioan» dabil Basterra: metaletik instrumentalera egin du, eta filosofiatik nekazaritzara. Zer sortzeko gai den esan nahian sortu du 'Sormen': gitarra klasikoa, akustikoan, hitzik gabe istorioak kontatzeko.

GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Lasarte-Oria
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hitzekin dituen «zailtasunez» eta horietan sakonki sinetsi ezean galtzen den «magiaz» mintzo da Julen Basterra Garmendia (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1993). Gitarra klasikoa altzoan eta modu soil eta instrumentalean kontatzen du kantatzen ez duena, baina hitzez ere ez da batere gaizki moldatzen.

Zer da Sormen? Diskoaren izenburua? Ofizioa? Jarrera?

Zer sortzeko gai naizen esateko modu bat da Sormen.

Disko instrumental bat da. Aspergarri fama du instrumentalak?

Ez [barrez]. Niretzat errazagoa da modu instrumental batean nire barne mundua kanporatzea.

Hitzik gabe?

Hitzekin zailtasunak izan ditut, eta ez nintzateke gustura egongo behin eta berriro hitz horiek publiko baten aurrean defendatzen. Uste dut hitzek euren magia galduko luketela nik haietan ez banu sakonki sinetsiko. Hitz horiek aurkitzea oso zaila iruditzen zait, baina musika instrumentalak modua ematen dit behin eta berriro modu ezberdinetan nik egindako lana berrinterpretatzeko.

Hitzik gabeko istorioak dira?

Hori da. Badaude oso pertsonalak diren esanahiak. Kontziente naiz jendeak ez dituela nik bezala ulertuko, baina musikak badauka esanahi asko sortzeko gaitasun hori.

Konta daiteke hitzik gabe?

Bai. Erabat. Nik horretan asko sinesten dut. Bizi dugun egoera honetan, are gehiago. Komunikatzeko mila modu garatu dira: komunikatu gara isiltasunarekin, maskarekin... musika instrumentalarekin ere bikain komunikatu daiteke.

Hitzekin zailtasunak dituzula diozu, baina poesian eta narrazioan sariak jasotakoa zara.

Orain, ordea, atzera egin dut, edo aurrera egin dut, beste espresio bide bat garatzeko. Sormena horren zabala izanda, bizitza honetan esploratzeko denbora dago.

Hitzetatik hitzik gabekora, eta metal mundutik akustikora?

Lasarteko musika eskolan ikasitakoa naiz, eta gitarra klasikotik nentorren. Nerabezaroan metalerako joera hartu nuen; gero, poesia eta kantautore garaia izan nuen —ez nuen diskorik atera—; baina, orain, instrumentalarekin erosoago eta ziurrago sentitzen naiz jendaurrean zerbait aurkezteko.

Soiltasunerantz zoaz? Burrunbatik lasaitasunera?

Garai hura neronek neukan burrunba mentalaren ondorio ere bazen. Nekazaritzara gerturatzeak lagundu dit nire ustez musika harmoniatsuago bat sortzen.

Filosofiatik nekazaritzarako jauzia nola ematen da?

Onura zerk sortzen didan eta gizartean zer behar ikusten dudan pentsatuz. Naturarekin kontaktuan jartzen gaituen guztiak gizaki egiten gaitu. Osasun kontu bat ere bada, eta, testuinguru honetan, erabaki hori berretsi egiten dut. Karrera amaieran banuen baserrira joateko ideia, baina hori gertatu arte urte batzuk pasatu dira, nik ere nire ikasketa prozesua behar bainuen.

Zer ikasi zenuen Abaltzisketako Sasiainen?

Bizimodu berri bat.

Zer ematen dizu lurra lantzeak?

Ezagutza, osasuna eta sustraitzea.

Nekazaritzatik bizi zara?

Oraindik ez naiz ekonomikoki independentea. Bidea egiten ari naiz. Urte eta erdi egon nintzen Abaltzisketan, sei hilabete Oiartzunen, urtebete Igeldon, eta orain Lezoko proiektu batean nago.

Etxekoak agertzen dira diskoan: aitari eskainitako abesti bat minbizia diagnostikatu ziotenekoa, amak egindako azala...

Etxean egindako disko bat izaki, normala da haiek agertzea. Lasarteko pisu batean egindako disko bat da, ez da baratze batean egindakoa. Aita egongelan zegoela, ama telebista ikusten ari zela, eta ni nire munduan nire gelan diskoa sortzen ari nintzela egin nuen. Seme gisa haiei egindako opari bat ere bada.

Zure amaren marrazki bat du diskoaren azalak?

Artista da ama, berak batzuetan sinesten ez badu ere. Zirriborroa neronek sortu nuen, Abaltzisketan, karabana barruan, ordenagailu eramangarrian hauteskundeetako eztabaida ikusten ari nintzela, boligrafo batekin, koaderno batean. Etxera eraman nuen, eta amari eskatu nion hura diskoko azala bihurtzeko. Kostatu zitzaion, egin zuen koadroa, baina gero koadroa bera konfinatuta egon zen Tabakaleran, eta etxera iritsi arte egon nintzen zain diskoa kaleratzeko.

Eta orain zer?

Sortzen jarraitzen dut. Hurrengo diskorako abesti ia denak buruan dauzkat. Ez dakit noiz grabatuko ditudan, zeren oraindik disko hau ez baitut ofizialki aurkeztu. Gitarra klasikoarekin sortzen segitzea da asmoa, eta orain arte bezala, modu instrumentalean.

Non lor daiteke Sormen?

Youtube eta Spotify plataformetan entzungai dago, eta nahi duena jar dadila nirekin harremanetan basterra86@gmail.com helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.