ATZEKOZ AURRERA. Iris Dominguez. LGTBI aktibista

«Jendeak behin eta berriro esaten dizu alde bat aukeratzeko»

Trans ez-binarioa eta pansexuala da Iris Dominguez. Bisexualitatea oharkabean igarotzen dela esan du: ikusezina dela, jendeak ez duela ulertzen, eta aurreiritziak daudela. «Gazte asko identifikatzen dira bisexual gisa».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Lanez lepo dabil Iris Dominguez LGTBI aktibista (Iruñea, 1992): astelehenean LGTBIfobiaren kontrako eguna izan zen. Ekainaren 28a ate joka dago, eta, gaur, sarri ikusezin eta anitzentzat ulertezin den gai bati buruz ariko da Iruñean: bisexualitateaz. Harrotu LGTBI guneak antolatu du tailerra, 18:30ean, Iturrama auzoko Civivoxen.

B letra beti hor dago, baina ez da sobera ikusten?

Askotan G eta L letren atzean ezkutaturik geratzen delako. Uste da bisexualek jasaten duten diskriminazioa dela homosexualekin nahasten dituztelako; beraz, kosta egiten da jabetzea badagoela opresio zehatz bat bisexuala izateagatik. B hori oharkabean pasatu da; lan gutxiago egin da kultura hori garatzen.

Zergatik ez da hain ikusgarria?

Orain gutxi arte harreman onargarri bakarra betirako eta monogamoa zen. Eredu horretan bisexualitatea ikusezina da, homosexualtzat edo heterosexualtzat hartuko baita pertsona. Azken hamarkadatan joera da denboran bikotekide monogamo zenbait izatearena, orduan jende bisexualak indar pixka bat hartu du. Baina oraindik jendeak behin eta berriro esaten dizu alde bat aukeratzeko.

Nahiko ohikoa da pentsatzea bisexualitatea iragankorra dela?

Okerrena da LGTB kolektiboan ere gertatzen dela hori: heterosexualitatetik ikusten da oso gay bezala; eta LGTB aldetik gutxiegi bezala, edo sobera heterosexual eta normatibo bezala. Erdian geratzen zara.

Gezurretako zerbait balitz bezala?

Oraindik bada maitasunaren ikuspegi erromantiko bat. Aurreko harremanak ikusten dira proba edo akats moduan, osoak izan ez balira bezala. Ikuspegi horretan bisexualitatea fase bat da, pertsona zuzena aurkitzen duzun arte.

Zergatik behar izaten da dena bi tiraderatan banatu?

Pertsona ez binario gisa, generoaren aldetik ere bizi dut hau. Gizartearentzat oso ezerosoa da jendea eskema normaletatik ateratzea: lehenbizi ezikusiarena egiten dute eta ezkutatu, eta, azkenean, txoko bat egiten diote horri, ez molestatzeko. Horrela sortzen da kapitalismo arrosa eta salgai diren ortzadarrak.

Zein dira bifobiaren ezaugarriak?

Iraintzeko maritxu esaten dizutenean, egia da parte batean homofobia dela, iraina esaten duenak ez baitaki bestea bisexuala den. Baina jasotzen duenak bifobia gisa hartzen du. Gizarteak homofobotzat duenaz gainera, estrak gehitu behar zaizkio: ikusezintasuna, ulertezintasuna, gainditu beharreko fasetzat hartzea, aukeratzeko exijitzea eta aurreiritzi sorta bat, tartean, promiskuitatearena.

Aurreiritzi sorta hori nondik heldu da? Nola aztertu dezakezu?

Deigarria da gizarteak LGTB dena normalizatzeko gizon gay bat edo emakume lesbiana bat normalak direla demostratu beharra. Askotan kolektiboan horri heldu diogu, bizirik irauteko, erabat ulergarria da. Ikuspegi horretan bisexualek molestatzen dute, zailagoa baita normalizatzea. Horrek aurreiritzi anitz sortu ditu. Are, kolektiboan badira bisexual batekin egoteko segurtasun handia behar duzula diotenak.

Alegia, alde batera edo bestera egon beharra dagoela?

Gizartean orientazio sexualari hainbesterako garrantzia ematen zaio azkenean sortzen dela gerra moduko bat, eta hartu behar duzu jarrera argi eta zehatz bat: espaloi batean edo bestean, baina erdian ez, auto batek harrapatuko zaituelako.

Nola ikusarazi bisexualitatea?

Bide luzea da: lehenik, jendeak jakin behar du badela, gutxienik erreferenteak sortuta. Bigarren partea da askotan kapitalismoak sortzen dituen erreferente horiek sustatzen dituzten aurreiritziak zuzentzea.

Belaunaldi berriek zergatik onartzen dute hobe bisexualitatea?

Hitza ikusgai egitean jendeak erabili dezakeelako. Harrigarria da: gazte asko identifikatzen dira bisexual gisa. Badirudi kolektiboaren %50 inguru izan gaitezkeela. Jende gazte pila bat heldu da landutako diskurtso oso indartsuarekin, nagusiagoei alde ederra ateratzeraino.

Zure Twitter kontuan diozu pansexuala zarela. Are ikusezinagoa den termino bat da hori?

Genero teorietatik heldu garenoi, binarioak ez diren identitateez mintzo garenoi, arrotz zaigu bi hori erabiltzea. Egia da bisexualitateaz gehien zabaldutako definizioak binarioak ez diren lagunak onartzen dituela, baina pansexual etiketa argiagoa da niretzat, genero guziek erakartzea baita pansexualitatea.

Heterosexualitate presuntziorekin bukatzeak lagun dezake bisexualitatea ikusgai egiten?

Inguruan soilik eredu heterosexualak dituztenentzat zaila da ulertzea ez dutela zertan denak horrela izan. Poliki ari da jendea ulertzen itxuragatik ezin dutela jakin zer genero edo sexu orientazio duen besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.