ATZEKOZ AURRERA. Angel Garcia-Sanz Markotegi. Historialaria

«Euskara ez da gaizki politizatu behar»

Nafarroan 1860. eta 1936. urteen artean euskarari buruz argitaratu zituzten testuak bildu ditu Garcia-Sanzek. Uste du nafarrek euskara bazter utzi zutela, nagusiki, erabilgarritasunik ez ziotelako ikusten.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroan euskarak atzerakada handia izan zuen 1860. eta 1936. urteen artean, eta, hori aztertzeko, garai horretan eragile sozialek euskarari buruz zer esaten zuten ikertzea erabaki du Angel Garcia-Sanz Markotegi historialariak (Morentin, Nafarroa, 1949). Liburu batean bildu ditu garai hartako argitalpenak: La situación del euskera en Navarra (1860-1936) (Lamiñarra, 2021).

125 testu bildu dituzu liburuan. Zer ekarpen egin nahi diozu euskararen inguruko eztabaidari?

Gai hau asko landu zuten lehenago ere Blanca Urmenetak, Xabier Erizek eta Juantxo Madariagak. Bide horri jarraitu diot, baina erakutsi nahi izan dut eragile sozialek zer esaten zuten beren komunikabideetan. Pizkundearekin hasi naiz, euskararen aferak indarra baitzuen, eta 36ko gerra arte, Nafarroako matxinatuek zehazki zer esaten zuten ez baitago argi.

Sarreran diozu adostasun minimo bat lortu beharko litzatekeela garai horretako euskararen historiari buruz. Posible da hori?

Historia aldaketa eta transformazioa da. Harrigarria da 36ko gerra arte euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsuenak eskuinekoak izatea eta orain ezkerrekoak izatea babesle nagusiak. Biek defendatu dute euskara garai ezberdinetan; beraz, egon liteke elkar ulertzeko oinarri bat.

Euskararen politizazioa salatzen dute sektore batzuek. Hori da?

Arazoa da politikan susmoa dela nagusi, bestearen asmo ezkutuak. Baina politika gizartearen antolaketa ere bada; beraz, logikoa da euskara politizatzea, baina ez da gaizki politizatu behar. Euskara afera politikoa da giza eta finantza baliabideak eskaini behar zaizkiolako.

Zein da arazoa, orduan?

Afera politikoa beti egon da. Bonaparte euskara ikertzera etorri zenean, XIX. mendean, egunkariren batek argitaratu zuen herrialdea Frantziari lotzeko ustezko asmo batzuk bazirela. Baina Euskararen Adiskideak gero hasiko zen haur euskaldunak saritzen, eta lehendakaria Iruñeko alkatea zen, Primo de Riveraren Union Patriotica alderdikoa. Autogorrotoaz hitz egiten denean... esan liteke ez zutela euskararekiko maitasuna praktikara eraman, baina hori ezberdina da.

Bakoitzak historia nahi duen bezala interpretatzen duela diozu. Hori ez al da alor guzietan gertatzen?

Noski, ohikoa da hori. Baina testigantza bakarrak ez du egoera bat erakusten. 1904an, Pensamiento navarro-n agertu zen Iruñean haur aetz bati irri egin ziotela euskalduna zelako; baina lana bilatzen ari zen iruindar batek iragarki bat paratu zuen prentsan, eta euskalduna zela nabarmentzen zuen. Ezin duzu soilik horietako batekin gelditu.

Zergatik da garrantzitsua historia hori adostea hizkuntza politikoa hitzartu ahal izateko?

Historia arma gisa erabiltzen da, eta hori loturik dago ikuspegi batekin, esaten duena iraganaren oinarrien arabera eraiki behar dela etorkizuna. Hori, noski, eztabaidagarria da. Kontua da politikari askok ezjakintasun penagarria dutela Nafarroaren euskaltasunari buruz, baina, era berean, beste batzuk ez dira zuzen ari Nafarroa homogeneo eta bakarra aurkeztuta.

Euskararen atzerapena ere eztabaidagai da, beraz?

Zer baino gehiago, nork esaten duen begiratzen da askotan. Euskaroek behin eta berriz aipatzen dute nafarren zabarkeria, utzikeria, irainak... Deigarria da: euskararen aldeko publizitatea dagoen garaia zen, eta, hala ere, euskara galtzen ari zen; eta hori bertatik bertara ikusten ari ziren.

Zein izan zen euskararen galeraren arrazoia, zure ustez?

Xabier Zabalzak dio nafarrek ez ziotela erabilerarik ikusten euskarari, eta hitz egiteari utzi ziotela. Nik ere hala uste dut. Izan ere, duela 40 urte egoerari itzulia ematen hasi zitzaion hain zuzen ere komunikaziorako, hezkuntzarako eta abarrerako erabilgarri zela erakustean. Errepresioa faktore bat izan zen, bai, baina hori balitz arrazoi nagusia, galera ez zen hasiko herri handienetan.

Baina inguruak ere eraginen zuen euskara uztea erabakitzean, ezta?

Ezin da orokortu, baina kasu batzuetan, Amerikara joan behar zutela-eta, gaztelera jakin beharra aipatzen dute. Erronkarin eta Zaraitzun, ganaduarekin Erriberara joatean edo almadiekin ateratzean, gaztelera behar zuten. Emazteekin etxean euskaraz aritzen ziren, bai, baina hizkuntza egoera subsidiarioan legoke hor. Zaraitzun ikus daiteke nola galtzen den herriz herri. Inguru ahula da, ekialdeko hegal osoa dutelako. Zegaman errazagoa zen euskarari eustea.

Hala ere, errepresioa ere izan zen euskararen kontra. Horrek ez zuen eraginik izan?

Bai noski, baina neurtzeko zaila dela dirudi. Eraztunarena, adibidez. Eragina izanen zuen, baina zenbat irakaslek egin zuten? Noiz? Zenbat herritan? Zein zen helburua? Ez diot garrantzirik kendu nahi, baina iturri falta dagoela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.