ATZEKOZ AURRERA. Shandra Martinez. Artista plastikoa eta ilustratzailea

«Halako emakumeak ateratzen zaizkit»

'Mihise digitala, trazu analogikoa' izeneko erakusketa paratu du Martinezek Errenteriako Xenpelar Etxean: emakumezkoen irudiak, tekniken arteko kontrasteak, eta aurpegirik gabeko aurpegiak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Errenteria
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun

Bi munduren artean dilindan dabil Shandra Martinez (Errenteria, Gipuzkoa, 1977): artisauaren eta digitalaren artean. 2019tik 2021era bitartean egindako hamazazpi ilustraziorekin ondu du Mihise digitala, trazu analogikoa izeneko erakusketa, bere jaioterriko Xenpelar Etxean. Paper eta pintura usainak eragindakoez, tableta grafikoaren ahalmenez, emakumearen figurari buruz dituen begiradez, eta horren guztiaren sormen prozesuaz ari da bertan. Katapulta Plataformak sustatuta, Errenteriako Udalaren kolaborazioarekin, eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, hilaren 31 arte egongo da zabalik.

 

Nola uztartzen dira mihisea eta digitala esaldi berean?

Arte plastikoetan hasi nintzenean, olioz pintatzen nuen, eta, beraz, mihisean. Tokiz eta bizitzaz aldatzearekin bat, nire lanerako tokia txikitu egin zen nabarmen, eta mihiseak gorde eta tableta grafikora egin nuen jauzi. Teknika batetik besterako jauzia adierazi nahi nuen hitz joko hori eginez: mihise analogikotik digitalera.

Garapen edo aldaketa pertsonal bat ere badago atzean, beraz?

Hori da. Nire lan egiteko moduan egindako aldaketa bat da. Olioarekin eta bozetoarekin aritzen nintzen beti, eta ilustrazio digitalera aldatu nintzen.

Baina papera, pinturaren usaina, zikintzea... hasi zinen faltan botatzen?

Asko. Aurten, berriro ukitzeko behar hori sentitu dut: papera ukitzeko beharra, nahasketak egiteko beharra, pinturari usaina hartzeko beharra. Eta horren denborak, horren erritmoak... Horregatik jokatzen dut horrekin erakusketan: zati bat tradizionala da, aurten bertan landu dudana; beste zatia digitala da, asko landu nuelako pandemia garaian. Baina ukitzeko behar hori neukan berriz. Etxeko sukaldea estudio gisa moldatu nuen; ez neukan tokirik, baina modu horretan topatu nuen. Olioarentzat ez neukan tokirik, baina tenperarentzat, bai. Ukitzeko eta usaintzeko beharra neukan, eta denbora beste era batera hartzeko beharra. Digitalaren abiaduratik tenperaren erritmo geldora, koloreen nahasketara, pintzelaren trazuetara. Pandemiak, izan ere, gelditzera behartu gaitu, eta erritmo horri balioa ematera.

Zer erakutsi nahi duzu?

Nire sormena eta nire lana. Ilustrazio digitalean 2019an hasi nintzen, eta sekulako zortea izan nuen liburu batekin hasi nintzelako, bete-betean, Gunter-en alegiak liburuarekin, eta pasioz bizi dudan gai baten inguruan: ekonomia zirkularra. Asko gozatu nuen. Jarraitu nuen ikasten, eta hemen emakumezkoen zenbait figura erakusten ditut, lanbide ezberdinetan agertzen direnak, modu digitalean eginak. Ukitzeko behar horrengatik, ordea, beste batzuk egin nituen, urtebeteko ikerketaren emaitza direnak. Ikusi nahi nuen emakumearen figura nola joan den aldatzen denboraren poderioz, bai kulturaren munduan, bai modarenean...

Aurrez aurre daude, baina ez dute aurpegirik.

2017an hasi nintzen ilustrazioaren munduan. Hasiera hartan bizkarrez margotzen nituen, eta bi zatitan, erdibituta bezala. Asko gustatzen zaizkit emakumezkoen bizkarrak, ilea jartzeko moduak... Iaz erabaki nuen buelta eman behar niela; aurrez aurre ikusi nahi nituen, baina aurpegirik gabe. Zati hori margotzea ez zait oraindik barrutik irteten. Gorputzaren jarrerak eta espresioak aurpegia ere jartzen diela iruditzen zait. Niretzat badute espresio bat, baina hori ez dut nire ikuspuntutik adierazi nahi. Interpretazioari zabalik dago. Halako emakumeak ateratzen zaizkit.

Eta prozesuaren parte da prozesua bera erakustea?

Ikusten nuen honek guztiak azalpen bat behar zuela. Erakusketak ekoizten ere aritzen naiz, eta ikasi dudan zerbait da testuinguru bat ere sortu behar dela, elkarrekin kontatu eta prozesua erakutsi, bukaerako obra bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa izaten baita hori askotan. Erritmoak erakutsi nahi nituen. Horregatik ikusten da bideoan ilustrazio tradizionalaren prozesua erritmo normalean, baina digitalarena kamera lasterrean. Dualtasun horrekin jokatu nahi nuen.

Erroman, Parisen eta Madrilen egondakoa zara. Zer eman dizu hiriburu bakoitzak?

Asko. Erromara Erasmus beka batekin joan nintzen, baina, horrenbeste markatu ninduenez, urte askotan bueltatu naiz gutxienez bi asteko edo hilabeteko egonaldiak egitera; oso etxekoa egiten zait Italia. Paris ere bai: askotan joan naiz; asko gustatzen zait hiri hori pasieran ibiltzeko. Ez naiz hara sortzera joaten; behatzera joaten naiz, eta handik ekarritakoa transformatzen dut gero hemen. Madrilera, berriz, master bat egitera joan nintzen duela lau urte. Hogei urte lehenago ere izan nintzen, baina akitu egin ninduen, eta bueltatu beharra izan nuen. Bigarren aldi horretan, ordea, beste heldutasun batekin ezagutu dut. Asko eman dit; proiektu hau bera han ondutakoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.