ATZEKOZ AURRERA. Marga Aldai, Nagore M. Jauregi eta Inge Isasi. Moonshakers taldeko musikariak

«'Girl' hitzak ezeroso sentiarazten gaitu»

Bizkaiko hamahiru rock musikari ariko dira 'Rabba Rabba Band' saioan, Erandion, hilaren 18an; tartean, Moonshakers taldeko kideak.

Marga Aldai, Nagore M. Jauregi, Alba Granados eta Inge Isasi, Bilboko Bolueta auzoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bizkaiko rockaren hainbat belaunaldi batuko dira irailaren 18an Erandioko (Bizkaia) Josu Murueta plazan, 19:00etan, Rabba Rabba Band ikuskizunean: Moonshakers talde bilbotarra dago oinarrian, eta Mamen Rodrigo (Vulpess), Ana Agirrebalzategi (Northaguirres) eta Coni Lisica (Capsula) musikariak ere arituko dira, besteak beste; hamahiru artista, orotara. Denak dira emakumezkoak, baina ezaugarri hori soilik nabarmentzearen aurka daude Inge Isasi (Bilbo, 1978), Nagore M. Jauregi (Bilbo, 1976) eta Marga Aldai (Barakaldo, Bizkaia, 1980) Moonshakerseko taldekideak—Alba Granadosek osatzen du laukotea—. Hala nola Eskorbutoren eta Celia Cruzen bertsioak joko dituzte.

Nola sortu zen Rabba Rabba Band ikuskizuna?

NAGORE M. JAUREGI: Txarlyk [Romero] Rabba Rabba Hey saioak antolatu zituen Bilboko Satelite T-n. Horren ondoren, Rabba Rabba Girl atera zen: emakumezko taldeen emanaldiak biltzen zituen. Ziklo hori biribiltzeko sortu zen ikuskizuna: Bilboko BBK aretoan egin genuen lehen aldiz, uztailean, eta, oraingo honetan, girl hitza kendu diogu, etiketatik aldentzeko.

Ez duzue nahi taldea soilik ezaugarri horrekin identifika dezaten.

JAUREGI: Kontu delikatua da. Ondo dago emakumeei ikusgaitasuna emateko ekitaldiak antolatzea, baina, aldi berean, salbuespen gisara identifikatzen zaituzte; arraroa zarela esaten dizute. Ikusgai egiteko garaia da, baina ez ezohiko egoera batean kokatuz. Konplexua da.

Horrek eragiten du taldea ezaugarri batzuekin bakarrik lotzea?

JAUREGI: Andreek osatutako talde bat garenez, emakumeen gainontzeko bandekin alderatzen gaituzte. Ez al dugu gizonezkoen taldeen antzik? Batzuetan, etiketak gehiegi sailkatzen zaitu, eta ematen du nabarmentzeko bakarra dela emakume bat zarela musika tresna bat jotzen, egiaz erakutsi nahi duzuna musika mota bat denean, ikuskizun bat, pertsona batzuk... Femeninoa izateak hori dena estaltzen du sarritan.

Sexu aldagaia hor dago, ordea.

INGE ISASI: Baina ez da aldarrikapen bat. Egitea bada berez esanguratsua. Beste ezaugarri batzuk ez dira hala azpimarratzen. Emakumez osatutako ikuskizun bat egiten ari gara, baina ez dago zertan hainbeste nabarmendu; pentsatzen dut desberdina delako egiten dutela.

Ikusgaitasuna modu zabalago batean planteatzen duzue, beraz?

MARGA ALDAI: Ikusgai egiten dugu zer den batzea jende batekin, zeinekin normalean ezin zaren batu, gauza ezberdinak egiteko. Estiloen nahasketa... uste duzu ez dituzuela gustu hain antzekoak, baina azkenean bat egiten duzu haiekin.

Musikari gonbidatuek zer diote?

JAUREGI: Guztiekin hitz egin dugu horren inguruan, azkenean, eta askotariko ikuspuntuak daude. Denen esperientziatik abiatuta ezarri dugu zer helarazi nahi dugun ikuskizunarekin. Girl hitzak, esaterako, ezeroso sentiarazten zituen gehienak. Interesgarriena da guztiak emakumeak izatea? Edo arreta beste ezaugarriren batean jarri beharko genuke? Hor dago zalantza.

Musikari asko egongo zarete, estilo ezberdinetakoak... nola uztartzen duzue?

JAUREGI: Lehendik ezagutzen genituen; nahiz eta haiekin inoiz ez aritu, jotzen ikusi ditugu, eta badakigu zein abestitan egingo duten distira, eta non bat egiten dugun.

Hainbat belaunalditako musikariak biltzen ditu Rabba Rabba Band-ek, rock talde klasikoetako kideak barne. Transmisioaz ere hitz egin daiteke?

JAUREGI: Bai, baliteke. Adibidez, Mamen [Rodrigo] dago: Vulpess taldearekin oihartzun handia izan zuen 1980ko hamarkadan. Gazteena, berriz, Iratxe [Perez] da, Desorden taldekoa, eta 21 urte ditu. 35-40 urteko aldea duten punk munduko bi emakume batu dira.

Transmisioaren ideiarekin lotuta, erreferenteen kontua ere badago. Adibidez, Moonshakers 2012an sortu zenuten, eta, garai hartan, ez zenuten ia esperientziarik musika tresnekin. Ikasi egiten duzue musikari horiekin.

ISASI: Oso ohituta geunden laurok bakarrik jotzera. COVID-19arengatik, gauza berriak egin ditugu, hasteko. Ikuskizunak ekarri digu beste batzuekin egon ahal izatea, eta asko ikasten da. Taldearekin, dena aurreikusten da, eta nahi gabe gauza beretara jotzen duzu. Baina beste musikari batzuekin zaudenean, aritzeko beste modu batzuk ikusten dituzu: nola egiten duten galdetu, eta barneratu egiten duzu.

Jarduteko modua aldatu dizue ikuskizunak, beraz.

ISASI: Besteak entzuten ikasi dut. Gu lau gara taldean, eta ikuskizun horretan hamahiru izango gara; ez gaude ohituta banda hain handi batera. Entzuten dituzu saxofoia, teklatuak, zure bateriarekin batera perkusio gehiago aditzen duzu, koro gehiago daude... oilo ipurdia jartzen zaizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.