ATZEKOZ AURRERA. Mariano Garmendia. Talidomidaren eraginez kaltetua

«Medikuak amari esan zion naturaren fenomeno bat nintzela»

Legorreta jaioterrian talidomidak kalte egindakoen aldeko lasterketa egin dute berriki, eta Garmendia «oso harro» dago herrikideez. Borrokalari petoa da, eta artista. 'White Lines' telesailean aritu da, aktore.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Legorreta
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Malformazioak akats baten ondorio direla dio hiztegiak. Botika baten ondorio ere izan daitezkeela dio errealitateak. Mariano Garmendiaren (Legorreta, Gipuzkoa, 1977) errealitatea talidomidak eragindako malformazioek baldintzatu dute jaiotzatik, baina haren jarduna akatsik gabekoa da.

Legorretan jaio zinen, eta...

Medikuak amari esan zion naturaren fenomeno bat nintzela. Ama lasaitu zen horrekin.

Eta herrian?

Arreba ni baino 11 urte zaharragoa da. Hark eramaten ninduen orgatxoan pasieran. Emakume asko inguratzen zitzaizkion ni ikustera, mantatxoa altxatzera, nire besoak ikustera. Amak beti kontatzen du nola gerturatu zen behin emakume bat, esanez: «Anaia berezi samar bat izan omen duzue?». Eta arrebak: «Bai, baina oso gustura gaude». Eta tapatu ninduen, eta aurrera egin. 11 urte besterik ez zuen.

Askotan eman behar izan dituzu azalpenak?

Naizen bezalakoa izanda, nik ez diot garrantzirik eman horri. Umeak dira galdetzen dutenak, eta harritzen direnak. Helduek ez dute galdetzen, eta askotan okerragoa da hori, atzetik aritzen direlako hizketan.

Aita ere bazara?

Bi alaba dauzkat.

Beldurrez hartutako erabakia?

Erabakia hartzeko garaian, ez; lehen ekografia ikustean, bai. Nire ama oso kezkatuta zegoen. Gurekin etortzeko esan genion, propio. Nola diren gauzak. Ekografia egiten hasi, eta umeak pantailan jarri zituen eskuak, bost atzamarrekin. Zerbait entzun edo sumatuko zuen. Alaba zaharrena jaio zen garaian ez genuen oraindik talidomidaren berri.

Noiz entzun zenuen lehen aldiz?

Espainiako Estatuak 2010ean errekonozitu zituen lehen aldiz 24 kaltetu. Hedabideetan oihartzun pixka bat izan zuen hark. Ikusi nituen irudiak telebistan, eta esan nuen: «Ostia, nire antzeko jendea!». Avite izenarekin gelditu nintzen, eta Interneten begira hasi nintzen. Deitzea erabaki nuen, badaezpada. Amari komentatu nion: «Aizu, zuri zerbait eman zizuten haurdun zeundenean?». Eta esan zidan: «Bada, goragalea izaten nuen sarri, eta eman zidaten zerbait, baina ez dakit zer zen».

Eta gauzak lotzen hasi zinen.

Aviterekin harremanetan jarri nintzen, haiek ezagutzen zituzten mediku batzuekin azterketa batzuk egin, eta segituan esan zidaten aukera asko zeudela kaltetua izateko, ez zegoela kausa naturalik malformazio hauek sortzeko. Handik aurrera, ahalik eta hots handiena ateratzen hasi nintzen, eta borrokan.

Eta nolakoa da egungo egoera?

2020ko martxoan jaso nuen errekonozimendua kaltetu gisa. Ustez, ofizialki errekonozituta gaudenok, Errege Dekretu baten bidez, kalte ordaina jasotzeko moduan gaude. 2018ko aurrekontuetan onartu zuten; legea da. 2021ean gaude, eta dekreturik ez dago.

Ahaztuta zaudete berriz?

Ahaztuta, agian, ez. Baina ez zaie interesatzen. Tristea da hau esatea, baina zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta kaltetu gutxiago bizirik. Diru kontua da, erabat. Niri beti esaten didate: «Hi lasai. Hi gazteenetakoa haiz. Hik kobratuko duk». Baina adinduagoak? 1952koak dira lehen kaltetuak.

Zer moduz joan zen krosa?

Laugarren aldiz antolatu dugu, eta benetan harro sentitzen naiz. Legorretarrak erabat inplikatzen dira; babes hori jasotzea sekulakoa da.

Bideoa eta abestia sortu dituzue?

Ilobak Azken Hatsa taldean jotzen du, eta beti esaten zidan: «Osaba, zerbait egin behar dugu». Joan den udan, taldekideekin bazkaltzeko gelditu ginen, eta grabazio bat ekarri zuten. Ohartu nintzen hitz indartsuak zituela, eta saiatu behar genuela artista ezagun batzuk lotzen. Proposatutako lehen lau izenek baietz esan ziguten, segidan.

Aktorea ere bazara?

Kasualitate hutsez [barrez]. Arratsalde batean, mezu bat iritsi zitzaidan Messenger bidez: «Leyra y Serrano casting enpresatik idazten dizugu. Talidomidak kalte egindako norbaiten bila gabiltza telesail baterako. Interneten zure argazkiak ikusi ditugu, eta bideoren bat; ez dakit interesik izango zenukeen».

Eta?

Ideiarik ere ez neukan zeintzuk ziren. Esan nien: «Hemen duzue nire zenbakia, eta, nahi baduzue, deitu». Bi minuturen buruan deitu zidaten, eta flipatu nuen. Esan nien ni ez naizela aktorea, ez naizela sekula horretan aritu... Baina haiek baiezkoan jarri, eta aurrera egin genuen.

Zer telesail da?

White Lines, Alex Pinarena —La Casa de Papel ezagunaren sortzailearena—. Han joan ginen Madrilera. Juan Diego Botto, Nuno Lopes... sekulako aktore puskek parte hartzen dute. Lopesek asko lagundu zidan testuekin-eta. Hamar kapitulu izan ditu lehen denboraldiak; bost ataletan agertzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.