ATZEKOZ AURRERA. Johnny Cabianca. Surf oholen egilea

«Surflariak ezin du oholean pentsatu»

Gabriel Medina aurtengo munduko surf txapeldunaren oholak egin ditu, Euskal Herrian, Zarauzko Basque Country Surf Company lantegian. Bere kabuz ikasi zuen ofizioa, sorterrian, Brasilen.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Zarautz
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Shaper-a da Johnny Cabianca (Sao Paulo, Brasil, 1964), urteetan pilatutako eskarmentuarekin surf oholei forma ematen dien espezialista. Ona da: berak egin dizkio oholak Gabriel Medina surflari brasildarrari irabazi dituen hiru munduko txapelketetan: 2014an, 2018an eta aurten. Bizitza bidaiatzen pasatu eta gero, Euskal Herrian errotuta dago, etxean sentitzen da, eta lantegi bat ere sortu zuen Mikel Agote shaper oriotarrarekin, Zarautzen (Gipuzkoa): Basque Country Surf Company. Cabianca Surfboards da bere marka.

Anaiekin partekatzen zenuen surf ohola konpontzen hasi zinen. Zeure kabuz ikasi duzu dakizuna?

Bai. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran Brasilen ez zegoen inor esan ziezazukeena surf ohol bat egiteko erretxina nola nahastu behar zen katalizatzailearekin. Esperimentatuz joan ginen; alkimistak ginen.

Zaletasuna negozio bihurtu zenuen.

15-16 urterekin oholak konpontzen nituen. 18-19rekin tailer bat sortu eta oholak egiten hasi ginen.

Gurasoei ondo iruditu zitzaien?

Ez zitzaien gustatzen horretan aritzea: surfa, surflariei buruzko estereotipoak, drogak... Surfa ez zen kirola, errebeldeen kontua baizik.

Unibertsitate garaian surf oholak egiteari utzi zenion?

Ez, gauez ikasten nuen eta egunez oholak egiten nituen.

Gaur egun surf ohol bat egin nahi duenak informazio ugari izango du eskura. Nola egiten zenituzten taulak garai hartan?

Eromena zen. Ez genekien nola forma eman, zenbat erretxina erabili... Hala moduz ibiltzen ginen, beste ohol batzuk kopiatuta-eta. Garai hartan, astebete behar genuen shape bat egiteko, ohol bati forma emateko; orain, ordubete. Guretzat eta ingurukoentzat egiten genituen.

Eta nola egin zenuten aurrera?

Saiatuak izan ginen. 1982an bederatzi ohol egin genituen hilabete batean. Ospatu egin genuen.

Zer material erabiltzen zenuten?

Muga zergak oso garestiak ziren, eta ezin genuen materiala inportatu. Brasilgo materialarekin moldatu behar genuen, kaskarragoa.

Zeintzuk dira zure bezeroak?

Goi errendimenduko surfarekin lan egiten dut batez ere. Hemen sartzen direnen %70ek goi errendimenduko ohol bat nahi dute. Bestelakoak ere egiten ditugu.

Zer eskatzen dizute goi mailako surflariek?

Gauza asko. Xehetasun asko zaindu behar dira, bai oholarenak, bai atletarenak: altuera, pisua, maila, zer eratako olatuetarako... mundu bat. Nik, psikologo baten moduan, entzun, interpretatu eta haren eskaeraren barruan sartzen den zerbait egiten saiatu behar dut.

Profesionalen kasuan, ohol bereziak lehiaketa bakoitzerako.

Gutxi gorabehera. Lehiaketa bakoitzean olatua ezberdina da, eta hori aintzat hartzen da. Surflari bakoitzak ohol sorta bat eraman behar du, ohol bat olatuaren angelu bakoitzarentzat.

Zer bilatzen duzue?

Ohola atletaren gorputzaren barruan egon dadila, hari egokitu dadila. Surflariak ezin du oholean pentsatu: oholaz eta nitaz ahaztu behar du. Nitaz gogoratzen bada, seinale txarra.

Zure oholek marka bat, nortasun bat, izango dute, ezta?

Nik ohol ereduak egiten ditut, baldintza ezberdinetarako pentsatuta. Eredu horretatik abiatuta, hainbat neurritarako oholak egiten dira.

Eredu hori da shaper-aren ikurra? Cabianca eredu batek ez du beste ohol batzuen antza izango.

Ez. Ekoizle baten oholak eta beste batenak oso ezberdinak dira. Bakoitzak bere ezagutza islatzen du.

Iritsiko da garaia non makinek surf oholak hasieratik bukaerara arte egingo dituztena?

Surf oholen ekoizpena ez da negozio erakargarria enpresa handientzat.

Zenbat ohol egiten dizkiozu Medinari?

Lehen, 50 ohol urtean; gero, hamar bat hilean; pandemia garaian gutxi; eta aurten, 70.

Zuretzat erakusleiho bat da, ezta?

Nire sinesgarritasuna eta sona handitzen ditu. Duela urte batzuk, Euskal Herriko gazte batek surf ohol bat erosteko orduan ez zuen pentsatuko nire ohol bat erostea; gaur egun, bai.

Brasilgo surflariek eten egin dute estatubatuarren eta australiarren nagusitasuna. Ernegatu ditu?

Bai. Brasildarra gose da, eta irabaztera doa. Amorru pixka bat behar da irabazteko.

Eta badu eragina Brasilen?

Eromena gertatzen ari da. Gaur egun, surflaria errespetatu egiten da Brasilen. Medina miretsi egiten dute Brasilen; AEBetan, Australian eta Europan, berriz, gorrotatu, hegoamerikarra baita. Ez gaituzte nahi, baina sartzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.