ATZEKOZ AURRERA. Eneko Garate. Libros de Ruta argitaletxearen sortzailea

«Egia da zorotzat hartzen gintuztela»

Kirol literaturari buruzko liburu denda bat ireki du Garatek, Bilbon. Ziklisten istorioak ditu oinarri eta abiapuntu. Pasioz bizi du berak, eta ez da bakarra. Zortzi urteko ibilian, irakurle talde fidela lortu dute.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Irailaren 25ean igo zuen Eneko Garate Iturraldek (Zarautz, Gipuzkoa, 1976) elkarrizketako egunean «ez aurrera eta ez atzera» gelditu zitzaion liburu dendako pertsiana. Konponduta dago geroztik, eta egina dago gonbidapena: «Jo tinbrea eta sartu lasai barrura». Kirol literaturari buruzko denda erreferentziazko bat Bilboko Gordoniz kalean. Libros de Ruta argitaletxearen beste urrats bat da: erakusleiho digitala zena pasio leku fisiko bihurtua.

Esan egia: txirrindulari frustratu bat zara.

Erabat.

Broma zen.

Ez, ez, hala da. Dudarik gabe. 20 urte nituen arte aritu nintzen lehiaketetan, baina ikasketengatik utzi nuen. Beno, hori esaten da, baina benetan uzten duzu onena ez zarelako.

Noiztik txirrindularitza?

Txikitatik. Gogoan dut nola etorri ziren behin ikastolara gazte batzuk galdetzera ea nor apuntatuko zen txirrindularitzara. Etxean aurkeztu nintzen esanez, 9 urte nituela, lasterketetan parte hartu nahi nuela, eta lasai egoteko, bizikleta haiek emango zigutela.

Txirrindularitzaren epikak katigatuta gauzka?

Txirrindularitzak pertsonak oso hauskor bihurtzen ditu, ahuldade eta sufrimendu guztiak agerian gelditzen dira.

Paris-Roubaix horren eredu?

Ikaragarri gozatu nuen. Zazpi orduz egon nintzen telebistari pega-pega eginda.

Amaierako garrasi hura?

Colbrellik, une horretan, garrasi harekin, ahaztu egin zuen zazpi orduko sufrimendua zer den.

Literaturarako gaiak berez emanak datoz txirrindularitzan?

Aliantzak daude taldeen eta ziklisten artean, traizioak daude, estrategia aldaketak... beste kirol gehienetan argi dago arerioa nor den, baina txirrindularitzan arerioak eta aliatuak aldakorrak dira, eta joko asko ematen du horrek.

Eta zer gehiagok?

Azken urteetan, dopinaren kontuak, azpigenero baterako eman du. Liburu asko idatzi dira dopinaren inguruan. Morboa sortzen du jakiteak ziklistek zer egiten duten kamerak aurrean ez daudenean. Hasieratik izan da horrela. Lasterketa handi guztiak kazetariek sortutakoak dira, gero beraien istorioak kontatzeko. Hasieratik egon dira oso lotuta txirrindularitza, literatura eta kazetaritza.

Epikoa dena da benetan gai horiekin editorial bat sortzea.

Niri ez zait iruditzen halako balentria ere. Egia da zorotzat hartzen gintuztela, eta egia da honekin ez garela aberastu eta aberastuko ere, baina poliki-poliki ari gara iristen publiko jakin horretara. Zortzi urteko ibilbidean, lortu dugu irakurle fidelak izatea.

Izan ere, kirolzaleek ere irakurtzen dute?

Bai, eta aitortuko dizut izan ditugula zailtasunak horrekin. Liburudendari eta banaketari dagokionez, kultura munduan eta literaturan badago halako esnobismo bat. Pentsatzen dute kirolzalea dela Marca irakurtzen duena. Eta asko daude Marca irakurtzen dutenak, edo Marca bakarrik irakurtzen dutenak, baina beste asko daude kirolari buruz irakurtzen dutenak irakurtzen duten moduan poesia, edo beste generoren bat. Bateragarriak dira, erabat. Kirolak jarraitzen dituzten askok ez dute irakurtzen, baina biztanleriaren zati gehienak ere irakurtzen ez duen modu berean.

Kirol kronikek, izan ere, badute literaturatik asko?

Marcos Pereda kazetaria egon zen hemen liburu bat aurkezten. Berak oso ondo kontatzen du, eta Carlos Arribasi ere gertatu omen zaio: alegia, irakurleak kargu hartzea esanez euren kronika batzuetan ahaztu egin zaiela esatea nork irabazi zuen etapa. Hori kazetari bati baino gehiagori gertatu zaio, ziur. Baina gaur egun Internet bidez berehala dakigu nor izan den irabazlea, eta kroniken balioa ez dago lehenengo edo bigarren nork egin duen esate horretan. Balioa daukana da beste ikuspegi bat ematea.

Espezializazioa da bidea?

Dudarik gabe. Argi daukat liburu denda generalistak desagertu egingo direla. Geldituko direla paper dendak eta liburu denda espezializatuak. Hori argi daukat, eta bizirik jarraitu nahi badugu, espezializazioa da bidea. Beste kontu bat da asmatu ote dugun espezializazioarekin, eta agian manga komikietan espezializatu behar ote genuen.

Euskal tropelak ez du jokorik ematen horrelakoetarako?

Zoritxarrez, ez. Ez dakit oso puritanoak garen, edo ez zaigun gauzak kontatzea gustatzen... Baina ez euskaldunei bakarrik, ezta espainiarrei ere. Adibidez, Chava Jimenez bezalako pertsonaia tragiko baten inguruan idazteko asko dago, irakurleak seguru izango zituela, baina kostatzen zaie kazetariei zein ziklistei beste herrialde batzuetan bezala lokatzetan sartzea. Euskal txirrindulariak, gainera, oso isilak eta oso umilak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.