ATZEKOZ AURRERA. Nahia Garat eta Neju. Argazkilaria eta artista plastikoa

«Lurrari lotzeko beharra genuen»

Nahia Garaten 'Izaki Basatiak' argazki seriea eta Nejuren 'Uns' proiektua —soinua eta grabatuak— ikusgai dira Miarritzeko Atabal aretoan. Hiritik landagunera «goxotasun» bila abiatu dira biak.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Miarritze
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Nahia Garat (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1992) eta Neju (Tolosa, Okzitania, 1994) sortzaileek gela bereizietan muntatua dute beren erakusketa Miarritzeko Atabalen (Lapurdi); lehenak, Gorputz Basatiak; bigarrenak, argazkiak: Uns; irudiak, zeintzuek musika ere baitute disko batean. Ikusezinak dira haien lurpeko loturak. Abenduaren 11 arte ikusgai egonen dira.

Zerk lotzen zaituzte?

NAHIA GARAT: Atabalek gomitatu gaitu biok aldi berean, baina ez genekien. Elkar ezagutu, eta berehala lotu ginen, gure lanak bezala; energia bera baitugu: hiritarra baina aldi berean lurrari lotzeko beharra. Biok gure lana bideratzen dugu introspekzio batetik. Barne galderak karrakatzeko idazketa, musika eta irudiak baliatu ditugu. Gure lana maitasun prisma batetik egin dugu, bortizkeria egoerak pairatzeagatik.

Hiritik natura basatira itzuli nahi izan duzue?

GARAT: Ez zen kontraesanik enetzat. Maite dudan izaki basatia ikusten dut ene lagunengan; hori dut berpiztu nahi argazkietan. Potreta horiek izan dira laguntasuna eta goxotasunari lotzeko aitzakia bat. Konfinamendua zaila egin zitzaidan eta hiritik eskapatu behar nuen lagunengana. Une intimo hau partekatu dut haiekin.

NEJU: Bi urtez bidaiatu dut grabatua tailer ibiltariarekin, eta hiria hain erakargarria izatea absurdo bilakatu zait; landagunean bizitzeko beharra sortu zait. Bidaian zait agertu ahotsa.

Gorpuek hilak dirudite.

GARAT: Herioa oroitarazten dute, baina gehienek goxotasuna erakusten dute. Egia da anitzetan deserosotasuna sentitzen dela, baina hori dut maite: ingurumenarekin erabateko harmoniarik ez egotea. Bada giro distopiko bat.

Paisaia basatiak eta argazki lanketak kontrastean direa?

GARAT: Bai, dualtasuna lantzen dugu biok. Biak ezinbestekoak dira, ez baita bata ona eta bestea ez: basatasuna eta harmonia. Biak biziarazten ditugu.

Uns: bozen eta grabatuen arteko solasa dela diozu...

NEJU: Musika eta irudiaren arteko elkarrizketa bat da. Progresiboki egin dut, manera organikoan. Lehenik, ene buruarekiko elkarrizketa izan da. Irudiak nola aurkeztu gogoetatzean da sortu erakusketa-kontzertu kontzeptua. Alabaina, bisitariak ene kontrolpetik at den elkarrizketa sortzean datza ideia: irudi bat ikusi eta gero ni kantuz entzutean loturak egitea inguratzen duen guziarekin: denbora, jendea, espazioa...

Tatuajeak argazkitan.

GARAT: Gorputzaren gaineko botere hartze bat da; larruan atxiki nahi ditugun gorputzaren istorio batzuk dira. Bada ere larrua gordetzeko nahia, marrazkiei so egiten baita eta ez larruari. Bada erromantizismo nahi bat, gorputza markatzekoa. Ikusten dut nola gorputza eta lurra mintzen ahal diren.

Hain intimoa den ariketa kolektiboa bilaka daiteke?

NEJU: Preseski galdera hori pausatzen diot ene buruari albumean. Kantuen hautua eta hurrenkeran dagoen mugimendu hori dago: intimitatetik hasi eta bertzearengana doa: gizaki eta naturarengana...

Mugimendua eta geldiaren arteko dantza dirudi erakusketak.

GARAT: Usu zuri-beltzezkoak mugimenduan dira; kolorezkoak, berriz, geldian.

NEJU: Mugimendua lotua da jada bilatzen dudan horri.

Zergatik?

GARAT: Maite dut flash agerpen hori: zuri-beltzezkoak iduri baitute filma batetik ateratzen direla, eta delirioari lotzen ditugu. Ikusi dut ez dela batere sinple inguru naturalera itzultzea, barne gatazkak baitira eta erakutsi nahi nituen.

Ingurumenaren egoera salatu nahi izan duzu edota zure barne bidea erakutsi?

GARAT: Biak lotuak dira. Helburua izan gabe, baina anitz maite ditudan istorio intimoen berezko paisaia distopikoa da; beraz, salaketa ere bada.

Gorputzek badutea memoriarik?

GARAT: Tatuajeek diote baietz. Seriean agertu zait ingurumenarekin bizitzeko beharra. Maite dut gorputzak, ura eta landareak nahastea, jakin gabe zer den zer.

Artea: bide ala xede?

GARAT: Sorkuntza idazkera mota bat da, are, izateko molde bat, distantzia bat atxikiz eta aktibo sentituz. Ikerketa ere bada. Lehenik bota, eta gero analizatzen dugu.

NEJU: Hirugarren kantuan galdetzen diot ene buruari nor naizen. Galdera pertsonala bada ere, bertze batzuk ere pizten dituzte: zein da ene tokia bizidunen artean? Ikuspegi darwindarretik tiratuz, arrokatik nator. Beraz, denok baldin bagara mundu honetakoak, hola segitu beharra dugu? Baina galdera politikoak atera dira, helburu izan gabe, ez baitut moralista izan nahi.

Ez zara bakarra bakarrik izaten.

NEJU:Astuna bezain indartsua da, kultura eta inteligentzia aniztasuna bizi marka baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.