ATZEKOZ AURRERA. Nikola Duplaa. Korrikalaria

«Espartinetan, oin puntetan ari zara»

Nikola Duplaak Marokoko Hareetako Maratoia burutu berri du, espartinetan. Mundrunean, mendian nola harean lasterkan aritzeko hiru pare berezi ditu. Zuberoa eta espartinak sustatzea du xede.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
Maule
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bizia jokoan ezar lezakeen lasterketan parte hartu berri du Nikola Duplaa (Atharratze, Zuberoa, 1986) korrikalariak: Marathon des Sables edo Hareetako Maratoia, Marokon. Mauleko espartinetan korritu ditu Sahara basamortuko 250 kilometroak. Onik eta loriaturik etxeratu da, nahiz aurtengoa sekula baino «latzagoa» izan den, korrikalarien erdiek amore eman baitute eta bat zendu baita. Apirilean egiten dutena urrian dute antolatu, COVID-19a dela medio: beroa bortitzagoa da sasoi honetan; artetan, 50 gradukoa.

Etxeratu berri zara, nola zaude?

Aste batez sekulako beroaren pean, erosotasun guti... Gorputza unatua sendi dut oraino. Valentziako [Herrialde Katalanak] maratoiari so nago orain.

Badea lanketa berezirik Hareetako Maratoirako?

Edonork parte har lezake, oinez ere bai; prezioak du mugatzen: 3.500 euro balio baitu dortsalak. Erratz autoak bi dromedario ziren! Ni entseatzen nintzen etapen hasieran ahal zen guzia lasterka egiten, hola, gero, bero handian edo harea guriegia zelarik, ibiliz egiteko. Hala ere, behar da entrenatu: agorrilaz geroztik, bizkarrean hamar bat kiloko pisua garraiatuz aritu naiz. Hareetako Maratoian egun guzietako jana zure gain baita, lo zakuez eta badaezpadako erremedioez gain. Horiek denek hamar kilo pisatzen dute. Helburua lortu dut: heltzea.

Nolako janaria da?

Liofilizatua da: hautsetako janaria. Ur beroa gehituz gero, apairua egiten dizu: mueslia, txokolate moussea... bikaina da, baina aste baten buruko asea zara. Atharratzeko saltxitxoia eraman nuen, sari gisa!

Kargan ez ezik, bertze zerbaitetan ere trebatu zarea?

Bai, Landetako hondartza luzeetan entrenatu naiz, espartinetan. Hilabete eta erdiz astero 130 kilometro lasterkatu ditut. Luzaz aritzea da gakoa, ez bereziki fite. Nahiago dut aitzin sufritu, lasterketan gozatzeko. Bestalde, oinak azkartzeko protokoloak badira, krema bereziak emanez eta limoi urez igurtziz, zeren eta harea ale bakar batek sekulako desmasiak sor baititzake, eta lasterketaren etete frankoren eragile da. Lasterketa aitzin sekulako prestaketa fisiko eta materiala bada.

Psikologikoa ere bai, ezta?

Bai, ezin duzu lasterketa osoa helburutzat hartu, baizik eta urrats bakoitza. Pausatzen zara amiñi bat, jan eta edaten duzu, jendea ezagutzen... Goxo da. Etapa luzeena hogei orenetan egin dut, 82 kilometrokoa; luze da! Goizeko lauretan iritsi nintzen, zerbait jan eta ohera. Bi orenen buruko, gaua bukatu da, berotzen hasi delako. Ez da lasterketa bat, baizik eta abentura bat!

Zola gogorrak punpe handiagoa; guriak, berriz, urratsa irensten.

Hoberenak marokoarrak dira, eta badakite harea leitzen; dunen eta haizearen arabera, non dagoen gogorra eta non ez. Guk, alta, ez; oin herexei segitzen diegu. Uroski, harea baino pista haboro bazen. Luze da.

Espartin arruntetarik zer dute zureek desberdin?

2018ko Peruko 120 kilometroko lasterketan jada esprabatu nituen. Jean Pierre Prodiso ene espartin egile mauletarrak azpantarrak josi dizkit, galtzerdien goiko zatia.

Ezpeletako (Lapurdi) mendi kaskoetako lasterketan hasi zinen espartinekin korrika. Mota bakarra duzua denetarako?

Hiru pare dauzkat: mundrunerakoak, harean ibiltzekoak eta mendirako kranpoidunak sortu ditut, Donibane Garaziko zapatagin bati esker. Gainera, Mendikotako [Zuberoa] Pierre Mixel Etxeberriri lagundu diot, baitzuen proiektua espartinen irazgaitzeko. Gustagarria zait korrika egitea eta gainera laguntzea!

Munduan bakarra zara.

Basamortuko espartindun bakarra naiz munduan! Irrigarria zait; horrek Zuberoaz eta espartinaz mintzatzeko parada ematen dit.

Zergatik egiten duzu?

Ene lurraz amoros bainaiz. Hunkitzen nau hau zabaltzea ene lasterketei esker. Xiberotarrak Lasterka elkartearen lehendakaria ere banaiz, eta antolatzen ditugu lasterketak Zuberoan gaindi. Neurri txikian, baina eskualdeari lana ematen diogu. Gainera, espartinei esker historia bat transmititzen dut, eta babesleak errazago atzeman ditut.

Ohiko zapaten prezioaz trufatzen dira zure espartinak.

Hamabost euroko espartinekin lasterketa bururatu dut. Horrek frogatzen du zein kalitate onekoak diren. Ohiko zapatekin, orpoaren gainean egiten duzu korrika, espartinekin, aldiz, ez dutenez indargetzerik, oin puntetan ari zara, belaunek eta bizkarrak sufri ez dezaten; zango sagarrak ariaraziz. Horregatik Maulen antolatzen dudan lasterketa ez da bost kilometrokoa baizik, jendea zango sagarreko minez pleini baita.

Espartina ez baita espadrille.

Amañik eta aitañik euskaraz bazekiten, baina, debekatu egin zieten belaunaldikoak zirenez, gure gurasoek entelegatu bai, baina ez zuten ematen. Egun batez Euskal Herrirat itzultzen banaiz, ikasiko dut!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.