ATZEKOZ AURRERA. Amaia Elizagoien. Ipuin kontalaria

«Ipuin guziak dira egoki helduendako»

Elizagoienek uste du haur eta gazte literaturak guneak behar dituela eskolatik kanpo. Agudo dabilen mundu honetan, ahozkotasuna patxadaz lantzeko eskatu du, eta ipuinak irakasbideekin ez nahasteko.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ahoz aho ipuinak zabaltzen ditu Amaia Elizagoienek (Oronoz-Mugairi, Nafarroa, 1994). Gehienetan Irati Celestinorekin aritzen da, Ameli Xirrikituen Jostunek taldean. Orain, Ipuingarria izango da egitasmoa antolatzen aritu da; gaur abiatuko da, eta igandera arte ipuin kontalariak eta liburuen aurkezpenak bilduko ditu Iruñeko azokak.

Zer da ipuingarria izatea?

Errango nuke dela sormena, euskara, plazera eta literaturari lotutako zenbait esperientzia elkartzen diren unibertso batean murgiltzea. Fantasia handitzea, azken finean.

Ipuinak eskatzen ari zarete?

Espazio bat sortu nahi dugu haur literatura hobeki ezagutzeko eta daukan emankortasunaz gozatzeko. Garrantzitsua da Iruñerriko haurrek eta helduek jaialdiaren bitartez lotura egitea euskararekin eta euskarak ematen digunarekin.

Ez da hainbeste ezagutzen, edo zokoan ikusten duzue haur eta gazte literatura?

Ez da hainbertze zokoan gelditzen dela, baizik eta eskoletan gelditzen dela anitzetan, eta eskoletako praktikei oso lotua. Haur eta gazte literaturak espazio gehiago behar ditu, denek gozatu dezakegulako horretaz. Iruditzen zaigu haurren eskaintza zabalagoa dela helduena baino, baina alderantziz da: ipuin batzuk ezin dizkiegu haurrei irakurri, baina guziak dira egoki helduendako.

Zergatik ipuinak?

Azken urteetan ipuinak pedagogizazio handia jaso du, eta akaso lotzen ditugu aholkuak jasotzeko praktikekin edo gauzak lantzeko tresna gisa. Baina ipuinak erabili ditugu lekutik mugitu gabe bidaiatzeko eta komunitate sentipena sortzeko; orduan, sentipen horiek guztiak erdigunean jarri nahi ditugu berriz ere, ez daitezen liburutegietan eta eskoletan gelditu.

Zergatik kostatzen zaie helduei ipuinetara gerturatzea?

Batetik, garai batean belarritik mundua jasotzen ahal genuen bezala, gaur egun begien bitartez jasotzen dugulako. Sare sozialak adibide ezin hobea dira: azkar-azkar pasatzen duzu dena begiekin. Ipuinak badu entzutetik, eta bertze erritmo bat du. Azkartasun horretan, ahaztu zaigu zer goxoa den imajinatzea, eseri eta entzutea. Horrek urrundu gaitu ipuinetatik. Bertzetik, kontalaritza modernoa iritsi zenean, asko zentratu zen eskoletan. Ohartu ziren ipuinak tresna pedagogiko on bat izan daitezkeela. Orduan, ipuinaren unibertsotik atera zen heldua. Horri buelta eman nahi diogu.

Esan duzunez, dena agudo igarotzen da, baina denbora behar da ipuinak kontatzeko. Zaila da egoera horretan ipuinak kontatzea?

30 segundo luze da batzuentzat. Asko nabaritzen da haurrendako saioek zenbat irauten duten; lehenengo 20 minutuak igarotzean nabaritzen duzu halako tentsio bat giroan; gero lasaitzen dira. Hala ere, kontaketetara joaten direnek asko disfrutatzen dute. Azkenean, ahozkotasuna zerbait oso primarioa da.

Ahozkotasunari garrantzia handia ematen diozu. Zergatik?

Hizkuntzarekin atxikimendua lortzeko beste arrazoi bat delako. Horrez gain, gure arbasoek erabiltzen zuten praktika batekin konektatzen gaituelako; ez da kasualitatea hainbertze urtetan ipuinek bizirik iraun izana. Azkenean, ipuinek sentipen kolektibo bat sortzen dute; entzuleak zerbaiten parte sentitzen gara, bidaia bat elkarrekin egiten dugulako. Su txiki bat pizten da denak berotzeko. Hori gaur egun oso gutxitan gertatzen da; bakoitzak telesailak bere etxean ikusten ditu, eta Spotify nork bere kaskoekin aditzen du.

Zeinu hizkuntza erabiliko duzue jardunaldietako saio batean.

Ohartu ginen badela komunitate bat gizartetik kanpo geratzen dena. Iruñerriko gorrei eman nahi genien ipuinekin gozatzeko gune bat.

Zer aholku emanen zenituzke ipuinak kontatzeko?

Garrantzitsua da ipuina aukeratzerakoan ez pentsatzea zer gai lantzen duen. Gaia zentzugabea izan arren; ipuinak mugitzen bazaitu, zerbait berezia sentitzen baduzu, gorde, eta ikusiko duzu zer landu. Bestela, gomendioak kontatzen ditugu, ipuinak kontatu beharrean.

Musika lagungarria da ipuinak kontatzerakoan?

Gitarrak egiten du filmetan soinu bandak egiten duena: biltzen zaitu, atmosfera bat sortzen du, eta, bat-batean, nahi gabe, zure garunari informazio gehiago ematen diozu ipuin hori marrazteko. Horretaz gain, uste dugu euskal kanta zaharrak galtzen ari direla, haurren imajinarioan batez ere, eta horrekin oso kezkaturik geunden.

Kontatzeko bilatu izan duzu beste leku batzuetan inspirazioa?

Mundu osoko ipuinak irakurtzen ditut, edo parean suertatzen zaidan eta interesatzen zaidan oro irakurtzen dut, baina gero saiatzen naiz ipuin horiek Euskal Herrira ekartzen. Istorio bat gustatu bazait, gure herrietan, hirietan, itsasoetan edo mendietan kokatzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.