ATZEKOZ AURRERA. Maider Zigarroa. Musikaria eta musika terapeuta

«Kantuz hastearekin, konfiantza hartu dut»

Musika jotzen hastearekin, bere buruari hizkuntza berri bat eskaini zion Zigarroak: konfiantza hartu, eta bertzeak laguntzeko gogoa piztu zitzaion. 'Gustuaren kantua' tailerra animatuko du bigarren aldikoz.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Euskararen Urtaroa kari, Maider Zigarroak (Senpere, Lapurdi, 1986) Gustuaren kantua tailerra animatu du asteazkenean, eta bigarrena ere eginen du heldu den abenduaren 1ean, 10:00etan, Itsasuko (Lapurdi) Atxondoa etxaldean. Sarde Sardexka elkartearekin batera, zentzua emanen diote zentzumenen eta emozioen arteko hitzorduari; musika dastatuz, eta janaria ongi behatuz.

Nola pasatu da lehen tailerra?

Biziki ontsa zen! Jendeak onartu du.

Janaria, musika eta emozioak uztartu dituzue. Ez dea soberaxko zintzurretik pasatzeko?

[Kur-kur-kur]. Hori da interesgarria, preseski: musika eta gustua lotzen aritu gara, sentitu dugu, esperimentatu. Bikaina zen.

Kozinatu duzuea? Musika jo?

Musika tresnak badira, baina ez usaiakoak: biperrak, sagarrak... ez ditut denak salatuko. Xerkatu dugu zer soinu ematen duten, zer oroitzapen edo sentimendu eragiten duten usaindu eta dastatzean. Zentzumen guziak baliatu ditugu.

Beraz, unean uneko sentsazioak lantzen dituzue?

Hori bera. Soinu horiek guziak baliatzen ditugu kantu bat sortzeko, borobilean eta taldeka.

Espero bezala atera da?

Bai, biziki ontsa zen. Bibrazioak ere sentitu ditugu.

Jateak eta musikak, beraz, emozioak pizten dituzte.

Bai, zeren eta buruan horrela gertatzen baita: biek ber bidea dute ibiltzen. Usaintzean eta baita entzutean ere oroitzapenak ateratzen baitira.

Oroitzapena eta emozioak, alta, ez dira gauza bera.

Ez, ez dira gauza bera, baina oroitzapen batetik emozioak atera daitezke. Hori ezin da aurreikusi, norberak baitu bere entzumena, emozioa, ikusmena...

Terapia musikatua da, ala musika terapeutikoa?

Musika terapeutikoa da, bai.

Musikak zenbateraino eragiten dio jendeari?

Ez da arraposturik ematen ahal, bakoitzak berea baitu.

Hala ere, musikak duen arrakastaikusirik, musika behar bat dea jendearendako?

Bai. Denok entzuten dugu bakoitzak bere heinean. Harreman berezia dugu musikarekin ttipitik; guraso edo aitatxi-amatxien kantuak...

Hiru Soinu musika taldeko kide zara. Hiru disko badituzue eginik. Ibilbidea terapeutikoa izan zaizu?

Bai! Ttipitik, gainera. Hiru Soinu aitzin ere bai. Kantuz hastearekin, konfiantza hartu dut, eta nire harremanak aldatu dira, kantatzerakoan ohartu bainintzen erraten ahal nituela mintzatuz ezin erran nituenak. Beraz, hizkuntza berri bat atzeman nuen, konfiantza bilduz. Ez da bururatu, bizi osoko prozesua baita.

Horrek zintuen akuilatu gero musika terapian ikastera?

Ohartu nintzen enetako atzeman nuen bidea interesgarria izan zitekeela bertzeentzat ere. Bordelen [Okzitania] ikasi dut, bertzeak zaindu ahal izateko.

Ikasketek zer ekarri dizute?

Handitzen ari naiz. Ene bidea zabaltzen ari da. Ikusi dut gauza anitz egin daitekeela musikari esker.

Zer, adibidez?

Patologia berezietan lagun dezakegu. Adibidez, dislexikoekin; buruan bide ezberdinak har ditzakegu musikari esker, eta haien eskola bizia errazten ahal diegu.

Nola egiten duzue?

Dislexiko batek denbora anitz behar du testu baten irakurtzeko. Denbora hori landu dezakezu musikaren laguntzaz. Lanketaren ondotik, irakurketa denbora hori laburtzen da, buruan bide ezberdina harrarazten baitiozu. Erritmoari esker gertatzen da hori.

Kontsulta baduzu.

Bai, Senperen. Patologiaren bat dutenei eta ez dutenei irekia da, denendako on baita, adibidez burn out bat zaintzeko. Bestalde, hilabetean behin kantu tailerra antolatzen dut.

Koral gisako bat da?

Ez, psikofonia baliatzen dut, gorputzeko bibrazioei esker kantatuz. Helburua ez da emaitza ederra kausitzea, baizik eta kantatzea.

Yoga saio bati konpara daitekea?

Batek, beharbada, emozio anitz biziko ditu: tristezia, adibidez. Lasaitu, ez du beti lasaitzen, baina on egiten duela, hori segur!

Hiru Soinuko kide izateaz gain, musikari bakarlaria ere bazara. Zertan zar(a)ete?

Hiru Soinu taldean jotzeko paraden beha gara; ez dugu utzia: beti ari. Bakarlari gisa, berriz, disko baten prestatzen ari naiz, ageriko da noizko.

Zure lehena izanen da.

Bai, hala da. Bestalde, Guraso taldean ere ari naiz. Ttipitik aditu ditugun euskal kantuak transmititu eta haurrak kantaraztea da xedea. Sei kide gara.

Bakarlari gisa, zein duzu estiloa?

Popa eta folka, soinu bereziak gehituz.

Zer gai dituzu gogoan?

Gai pertsonalak dira, adibidez: nola atzeman oreka egunerokoan; amodioa ere bai...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.