ATZEKOZ AURRERA. Joseba Martin Aiala. Ipuin kontalaria

«Hitzak askabide bat emanen zien andreei»

Martinen eleek garai batean latsagietan erranen zirenak isurtzen dituzte. Emazteak eta pairatzen duten zanpaketa dituzte protagonista bortz ipuinek: 'Latsagietako eleak'. Gaur entzungai dira.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Joseba Martin Aialak (Bilbo, 1960) bere esku hartu du mendeetan latsariek burutu duten lan bortitzetik isurtzen zen «espazio libreen» islatzeko ardura: Latsagietako eleak; bortz ipuinen bidez, emazteen zanpaketa kontatu nahi du. Euskararen Urtaroa kari, bi aldiz eman ditu jada; azkena, egun, 17:00etan, Kanboko (Lapurdi) gaztetxean.

Nola joan dira dira bi kontaketak?

Ongi! Baionakoa pixka bat hotz, jende gutixko zegoelako, eguraldiagatik edo... Baina Urruñan [Lapurdi] ederki! Maite dut jende aurrean aritzea, topaketetan beti ongi sentitzen naiz.

Latsagietako bortz ipuin horiek zuk idatzitakoak direa?

Lau bai, nireak. Bosgarrena, berriz,Pinar Selek turkiar idazle erbesteratuaren liburuxkatik ateratakoa da, Vert et les oiseaux [Berdea eta txoriak]; itzuli nuen eta asko laburtu. Duela bi urte elkar ezagutu genuen Errobiko festibalean; Okzitanian bizi da bera. Haren irudia aurkeztu nahi nion jendeari.

Nola aurkezten duzu zuk?

Istorio hori bukaerarako utzi dut, preseski, Selekez mintzatzeko, egiten duena oso garrantzitsua delako: atzerritik heldu diren emazteen alde ari delako lanean etengabe. Ekainean, adibidez, ekitaldi bat antolatu zuen: Denak mugetara.

Zer iturritatik edan duzu zure lau ipuin horiek idazteko?

Munduko ipuinetatik edaten dut,baina gure ukitua jartzen diot beti. Horrela sartu ditut, laminak, sorgina baina alde onetik, ez sartu ziguten sorgin txar hori. Alde baikorra ematen diot beti. Gizaki pertsona bat da sorgina, ongia egiten duena. Beti manatu ditugu maitagarriak eta ez sorginak; hori bukatu da ene istorioetan.

Latsagiak unibertsalak direa?

Bai. Fred Fort idazleak atera zuen liburu bat Ipar Euskal Herriko latsagiez. Hortik sortu zen ideia. Eta aitzakia izan zen emaztea protagonista duten lau istorio asmatzeko. Bost latsagitan kokatu ditut, kalakan ari.

Latsatokiak emazteen askapenerako lehen tokiak ziren?

Garai batean bai, argiki toki bakarra baitzen biltzen zirela gu gabe.

Ez dea paradoxikoa? Latsatokietako lan bortitz hori izan daitekeelako emazteen zapalketaren irudia ere, baina zuk txanponaren bertze aldea erakutsi duzu.

Sekulako itzuliak eman dizkiot ideia horri; lan bortitzak etxean eta kalean eginen zituzten, guk aginduta eta manipulatuta. Baina hitzak askabide bat emanen zien. Orain bezala: lagunekin mintzatuz, barneko dudak eta beldurrak aterako zituzten. Halako zerbait izanen zen. Irakurri dudanetik naiz.

Zerk bultzatu zaitu Seleken lana eta emaztearen egoera zanpatua erakustera?

Gauzak mugitu behar dira, eta nik uste dut denok egin behar dugula urratsen bat. Hau da nire ekarpen xumea.

Entzuleak usuenik haurrak dira; ttipitik hasi behar da gauzak bertze gisa batera erakusten eta buruari eragiten. Eta egiten dute. Selekena adiskidantza da, oso gaizki pasatu duen emazte bat da, oraindik baditu hainbat auzi bere herrian. Emazteen ordezkaria da, errepresaliatua, erbesteratua...

Latsagiak unibertsalak badira, hemengoak euskaraz ari ziren. Zapalketa bikoitza, beraz.

Ipuinetan ez dut hizkuntzaren zanpaketa islatu. Euskaraz ari naiz naturalki.

Ipuinek nola islatzen dute emakumeen zanpaketa?

Ikusten da neskak bortxatuak zirela gaztedanik ezkontzera, baina sorgin onari esker ez da ezkonduko. Bertze batean, emazte batek gizonaren tratu txarrak pairatzen ditu etxean, baina gero libratzen da, bertze lagun batekin bilatzen baitu bere bidea. Itsas laminaren bidezsaiatzen naiz islatzen ematen diguten kanpoko irudia hausten ahal dugula eta aldatzen.

Gizona izanda, nola murgildu zara emazteen uretan?

Erraza izan bada, baina ni ez naiz emaztea. Baina niri zerbait gustatzen ez bazait, emazteei ezta ere. Emazteek zanpaketa bikoitza dute.

Iturri zaharretik ur berria; gaur egun, zerk ordezten ditu latsagietan sortzen ziren espazio libreak?

Gaur egun, zorionez, badira hainbat toki argi eta garbi mintzatzeko; ez da behar latsagirik; karrikan eta lagunekin , ez da horren mugatua.

Nola bizi duzu ipuin kontalaritza?

Oso zaila da, nehork ez gaitu errekonozitzen. Ahoz ahokoari esker bizi gara. Zoritxarrez, istorio hau muntatu dutenetik oso gutxi ari naiz lanean. Bai, ipuin kontaketak, tailerrak-eta egiten ditut, eta Gabonetan ariko naiz, baina iaztik hona iturria agortu da. Osasun ziurtagiriarengatik bortz ipuin kontaketa ezeztatu behar izan ditut...

Proiekturik baduzu?

Bai, Seleken bigarren ipuin liburuxka euskaratuko dugu, eta hortik kontaketa bat atera nahiko nuke.

Ele gehiagorik?

Jendea oroitu dadila otoi gutaz, eta beldurrik gabe jin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.