ATZEKOZ AURRERA. Aitor Ruiz de Egino. Artista

«Eskuekin lan egitea behar bat da niretzat»

Aitor Ruiz de Eginok xuxen daki zeren beharra duen: eskuz marra okerrak sortzearena. Marra okerrak eta bere izaera «antzekoak baitira». Pintura eta eskultura erakusketa bat paratu du Uztaritzeko tTok galerian.

GEXI URMENETA MADARIAGA.
Ainize Madariaga
Uztaritze
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Aitor Ruiz de Eginok (Hernani, Gipuzkoa, 1971) badu metala goritu gabe berotzeko artea. Uztaritzeko (Lapurdi) tTok galerian ikusgai daude Marra okerrak tindu eta eskulturak, otsailaren 24ra arte.

Makurrak adierazteko direa marra okerrak? Naturaren eta biziaren arteko jolasa dela erran izan duzu.

Gorputzetik ateratzen zait: naturalagoa zait okerrak egitea zuzenak baino. Zuzenak egiteko jada pentsatua izan behar duzu; zailagoa da, eta behar duzu energia handiagoa. Beraz, marra okerra eta nire izateko moduak nahiko antzekoak dira.

Pandemiaren fruitua dea hau?

Bai. 2020ko itxialdian egin nituenak oso beltzak zirenez, 2021ean beltza kanporatu nuen; hauek dira.

Sorkuntza eta erritmo organikoa bat baitatoz...

Nire kasuan bai. Ez dut pentsatzen zer egingo dudan egin aurretik. Espresio librea da.

Inperfekzionista eta abstraktu zale borrokatua zara, antinaturaltzat daukazulako zuzentasuna.

Arte munduak dituen hitz egiteko eta sailkatzeko moduak ez zaizkit batere gustatzen: dogmak dira niretzat, mugak. Berdin zait zer egiten dudan, gustura naizen bitartean. Espresio bide bat da niretzat. Saiatzen naiz eskultura gehienak simetrikoak izan daitezen, baina (a)simetriarekin ere jolasten naiz, ez baitzait gustatzen perfekzioa.

Noiz eman zenion zeure buruari sortzeko tartea, gustura sentitzeko?

Niretzat bizitza filosofia da; ez da artea egitea egiteagatik. Oso garrantzitsua da arlo honetan ongi pasatzea, eta eremu bat izatea non oso gauza pertsonalak adierazten baititut. Nire lana lau zatitan banatzen da: pintura eta eskultura lan hauek, garaikur artistikoak, 3D lanak eta dekoratuak. Haiekin guziekin lortzen dut soldata. Baina arlo honetan berdin zait jendeak zer uste duen; nire eremua da eta kito.

Aita galdatzailea zen; osaba, uztarri egilea: praktikotasunari begirako artea haiena... Non kokatzen duzu zeure burua?

Hernanin Neolito eta erromatar garaitik daude metala lortzeko aztarnak, burdinolak asko egon dira, Urumea ibaitik joan izan dira mundu osora aizkorak, aitzurrak... Herria betitik egon da metalari lotua; bertan dago Orona enpresa. Txillidaklehen eskulturak hemen egin zituen... Eta basoak eta mendiak inguratzen dute. Beraz, metalak eta basoak baldintzatu didate dena. Metala lantzen gozatzen dut; egurra lantzen, ez; kristoren errespetua baitiot. Eskuekin lan egitea behar bat da niretzat. Eskulturak aluminioz egiten ditut, nire teknikak onartzen dituelako: koloreak nahastea, rotaflexa...

Euskarri batzuk zure adierazmenaren eroaleagoak direa, bertze batzuk baino?

Zeramikarekin hasi nintzen, harriarekin segitu nuen, baina teknikoki zailagoa zen, eta bizkarrean min hartu nuen. Gero, burdinaren herdoilaren kolorea ez dudanez maite, aluminioarekin moldatzen naiz, bertako galdategiari esker.

Obren beroak talka egiten du metal hotzarekin.

Aspaldiko borroka daukat hor. Txillidak eta Oteizak gehienbat burdina eta altzairua lantzen zuten, baina geroko herdoil hori ez zait gustatzen. Nire obran hoztasuna ikusten dute kritikoek eta, baina niretzat beroa da.

Inpultsiboa da formatua eta dimentsioa hautatzeko unean?

Sortzerakoan, ez dakit zer egingo dudan. Koloreek garrantzia dute, baina gustatzen zait neure burua harritzea. Zergatik beti kolore berdinak erabili eta beti berdinak berdinekin nahasi?

Zein da obra bakoitzaren prozesua? Zirriborrorik egiten duzua?

Zeramikan ez, oso organikoa baita. Aluminiozko eskulturak egin aurretik, poliestirenoz egiten ditut.

Adarretatik zabiltza.

Hernanin Adarra mendian beti ikusi izan dut pertsona bat etzanda. 23 urterekin sei hilabetez joan nintzen Australiara, eta han ezagutu nuen beste hernaniar bat, eta bere etxe ondoan bazegoen mendi txiki bat: berak Adarra mendia ikusten zuen! Handik itzuli nintzen Adarra buruan nuela. Nire obran adar asko ere agertzen da, bai.

Euskal Herrian ere adarrez adar ibili zara: Mendikotan (Zuberoa), Miarritzen (Lapurdi), Bilbon, Baionan...

Nire etxea da. Nire lana erakusteko modu bat da zazpi probintzietan ibiltzea.

Txinaraino ere heldu zara.

Sare sozialen bitartez gomitatu ninduten hara, baina, gure lehen haurra sortu berria zenez, obra bai, baina ni ez nintzen iritsi.

Ibikuitate dohaina baduzu: denetan zaude aldi berean.

Jendeak ez du ohiturarik erakusketetara joateko, eta sare sozialak, azken batean, modu bat dira egiten dudan lana erakusteko, hortik bizi bainaiz. Bitxikeria bat gertatu zitzaidan: itxialdian, New Yorkeko batek erosi zidan pieza bat, eta hiru egunen buruan iritsi zitzaion!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.