ATZEKOZ AURRERA. Estitxu Ortolaiz. Argazkilaria

«Galtzen ari den lan bat azaleratu nahi dut»

Ontzi bat da, esamolde bat da, eta arrantzalearen azalean jarri nahi bat da 'Axalian'. Izen hori jarri dio Ortolaizek Zarauzko Photomuseumen paratu duen erakusketari: «Mundu eder bat da itsasoa».

GORKA RUBIO / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Zarautz
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Kresal usaina dario». Halaxe idatzi du bisitari batek erakusketako koadernoan. Eta nekez deskribatu daiteke hobeto Estitxu Ortolaizek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1975) ondu duen erakusketak sorrarazten duen sentsazioa. Itsasontzi bat baita Axalian, aitonarena eta osabena; esamolde bat baita axalian, arraina ur azalean dagoela adierazten duena; eta larruazal bat baita axalian, arrantzale jardunarena. Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumen dago ikusgai, otsailaren 27ra arte.

Erakusketa ikusita, lehen ondorioa: itsasoan ez zara mareatzen.

Ez da hala. Mareatu nintzen. Eskerrak biodraminari. Aurreneko aldiz joan nintzenean, esan zidaten proba egiteko hura hartu gabe, baina oso itsaso txarra zegoen, eta segituan mareatu nintzen. Behin sei egun daramatzazunean, hirugarrenetik aurrera, ez duzu behar.

Erakusketa ikusita, bigarren ondorioa: asko maite duzu itsasoa.

Pila bat, eta txiki-txikitatik. Madrilen ikasi nuen argazkilaritza. Handik bueltatzen nintzenean, lehen gauza izaten zen, etxetik pasatu ere egin gabe, kaira joan, itsasoa ikusi, usaindu, eta etxera joatea.

Zer ematen dizu, bada?

Lasaitasuna. Baretu egiten nau.

Axalian ez da erakusketaren izena bakarrik. Zer gehiago da?

Nire osaben itsasontzietako baten izena da Axalian. Eta bada esamolde bat ere arrantzaleek erabiltzen dutena esateko arraina axalian dagoela, gosea duela, eta arrantzatuko dutela. Eta izan da arrantzaleen axalian jartze bat ere.

Ez da erakusketa bat axalian gelditzeko egindakoa, beraz.

Galtzen ari den langintza baten berri eman nahi dut, azaleratu eta ikusarazi. Balioa eman.

Zer kontatu dizute arrantzaleek?

Denetik: istorio pila bat, eta istripu pila bat ere bai. Ikusita nola ibiltzen diren, gutxi gertatzen dira. Mundu eder batekin egin dut topo. Han, itsasoan, itsasontzian, ez dago beste ezer. Ura bakarrik. Ez dago lurrik, ez dago telefono seinalerik, ez dakizu hemen zer gertatu den, baina beste perspektiba batekin bueltatzen zara handik: balioa ematen diozu benetan daukanari.

Mundu baten berri ematen duzu. Galtzera doan mundu bat?

Egoera ez da batere ona; ez dago errelebo askorik, baina saiatzen ari dira buelta ematen. Egin diote tokia immigrazioari —senegaldarrak dira asko—, eta horri eskerrak; bestela, akabatuta legoke mundu hau. Ari dira pixkanaka, baina geroz eta itsasontzi gutxiago daude. Testigantza bat eta aitortza bat da hau.

Azalak aipatuta, zure bigarren azala da argazkilaritza?

Bai. Beti izan dut halako interes bat argazki zaharrekiko, atzean zegoen historia jakiteko. Argazkiak momentu batera eramaten zaitu beti. Nire bizitzeko modua da. Momentu guztiak berriro berreskuratzeko. Bai nireak, eta bai besteenak.

Zer ematen dizu horrek?

Lurrerako nire harguneak dira argazkiak. Beti presaka bizi gara: haurrak, familia, lana, etxea... Argazkiek geldiarazi egiten naute: burua gelditu, eta arnasa hartu. Normalean, gauza mordoa izaten dugu buruan, baina, argazkiak ateratzen ari naizenean, gauza bakarra izaten dut: nola gelditu une hori, eta nola azaldu ahalik eta hoberen.

Itsasoan arrantzaleekin egon zara, baina lurrean egon zinen saregileekin. Zer gelditzen zaizu egiteko serie horretan?

Itsasoko emakumeak. Ez baitira bakarrik saregileak. Badaude itsasontzian joaten diren biologoak, badaude arrain saltzaileak, kaira iristean arraina antolatzen dutenak, eta, noski, arrantzaleen familietako emakumezkoak. Nire lehengusuak joan ziren itsasora, baina haien emazteak etxean gelditzen dira haurrekin, eta bakar-bakarrik. Horiei ere garrantzia eman nahi diet. Hori izango da nire aurtengo lana. Oraintxe hasiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.