ATZEKOZ AURRERA. Andoni Salamero. Heriotza agurren ospatzailea

«Hitza ez da nahikoa doluan denarentzat»

Heriotzari aurrez aurre begiratu; doluan dagoena entzun, lagundu; Andoni Salamero poeta agur omenaldien bideratzaile moduan dabil aspaldion. Urretxuko herrian hildakoak agurtuko ditu gaur.

JON URBE / FOKU.
gorka erostarbe leunda
Urretxu
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Irakasle gisa zuen lanpostua utzi, eta duela zortzi bat urte ekin zion heriotza agurren eta dolu prozesuen bideratzaile, laguntzaile eta ospatzaile jardunari Andoni Salamero poetak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1966). «Edurne Salegi eta Ione Eizagirreren laguntza izan nuen hasieran». Bere kabuz dihardu orain. Gaur, zeregin berezia du: Urretxun (Gipuzkoa) hildako guztiei agur omenaldia egingo die herriko portaloian (18:00etan). Lehenago, hitzaldia emango du.

Heriotza alboratzea bizitza alboratzea da?

Niretzat heriotza da bizitzaren zati bat. Badakigu gertatu behar den zerbait dela, eta amankomuna dela. Nahiko presente izan behar genukeen zerbait da, eta patxada osoz hitz egiten ikasi behar genuke...

Galdu egin da heriotzaz hitz egiteko patxada?

Bai, aspaldi samarrean galdu zen. Gure aititita etxean hil zen, adibidez, eta hil kutxa eduki genuen gurasoen logelan. Han agurtu zuten familiakoek, gertukoek... Ohikoa zen hildakoa ikustea eta heriotza aurrez aurre izatea.

Errespetu gehiegi zaio heriotzari edo errespetua galdu zaio erabat?

Errespetua baino gehiago, beldurra zaio heriotzari. Hitz egiten hasten garen orduko ikara sortzen zaigu, eta baztertu egiten dugu. Hitz egin ere, ez da hitz egin nahi.

Poetaren begirada lagungarri izan zaizu heriotzari beste sosegu batez erreparatzeko?

Ez dakit den poetaren begirada, den sinestun izatea, baina beti egin dut bizitzaren alde. Niretzat bizitza da samurtasuna, beratasuna, gertutasuna... Ezin dugu galdu goxotasun hori. Elkarri hurbildu behar gatzaizkio. Eta heriotza agurrak ere badira horretarako bide.

Isiltasunetik askotan?

Bai, isiltasunaren aldarri egiten dut: doluan dena entzuteko. Eta garrantzitsuak dira hitzez besteko keinuak ere: ferekak, besarkadak, muxuak. Dolu prozesuan dagoenari laguntzeko hurbiltzea garrantzitsua da, eta horretarako keinuak ezinbestekoak dira. Mina duenarentzat, shock egoeran dagoenarentzat, hitza ez da nahikoa. Behar ditu beste keinu horiek. Keinuek gizakiagotzen gaituzte.

Doluaren beharraz noiz ohartu zinen?

Zehazki ez dakit, baina zortzi urte-edo badira ohartu nintzela dolurako eta agurrerako erritualak zaharkituak geratzen ari zirela. Neure behaketa pertsonala eginez, beste zerbait egin behar zela jabetzen hasi nintzen. Garrantzitsua zela hildakoaren senideekin, ingurukoekin hitz egitea. Jasotzea haiek transmititu nahi zutena. Eta jasotako horrekin gero agur duin bat prestatzea. Familiaren, gertukoen dolu prozesua errespetatu egin behar da, eta gero ia onarpenetik, agurra prestatu liteke. Agurrak izan behar du presiorik gabekoa, taxuz eta desorden emozionalik gabe prestatua.

Zeu horren bitartekaria zara?

Bai, halako zerbait litzateke, agurraren ospatzaile bat. Mina duenak, doluan dagoenak esan ezin dituen horiek hartu eta neuk neuretik plazaratzea, agur duin eta gertuko bat emateko.

Erritu berriak behar ditu doluak, agurrak?

Oso nabarmena da hori. Lehen erlijioak baitzuen ardura hori. Erritu berriak behar dira, baina bateratuko gaituzten errituak: gaur egun norbanakoaren bidea gailentzen da, indibidualki egiten diegu aurre bizitzaren kontuei: baina baditugu bestelako adibide ederrak. Gure asabek cromlechak borobilean egiten zituzten, egun oraindik Urretxun, adibidez, San Joan gauean suaren inguruan dantza egiten da, biribilean eta abar...

Agur ospakizuna, taldean, baina dolua, bakarka ala kolektiboki?

Nire ustez dolu prozesuan dagoenak lehenik bere baitara begiratu behar du. Hori ezinbestekoa da. Eta zaila da, gaur egun ez baitakigu askotan. Barne kontzientzia hori lortzeko hiru ate badaude: bat da arnasketa; bestea da eskertzaren keinua, zintzoki egina hori bai; eta hirugarrena da norberaren dohainen bidearen lanketa, nork bere konfiantzak eta segurtasunak sendotzeko eta beldurrak uxatzeko.

Agur handi bat egingo duzu gaur Urretxun: zer-nolako ardura da?

Ardura bada, baina ez naiz bortxaz sentitzen, oso neure baitako jardueratzat daukat. Gainera, taldean egingo dugu, herriko pertsona eta eragile desberdinen laguntzaz: dantza, bertso, hitz... Herria gutako bakoitza da, gutako bakoitzean gorpuzten da herria deitzen duguna, eta dolua pasatzen ari diren hautsitako gorputz eta arima horiei babes kolektiboa emango diegu, izanagotzen gaituen hori partekatuz.

Agur esatea, mina gainditzeko ezinbestekoa?

Bai, propio erabiltzen dut agur hitza. Euskaraz oso esanahi ederrekoa baita. Agurra ez da lineala. Ume bat jaiotzean agur esaten diogu, eta norbait hiltzean ere bai, ziklo zirkular bat osatuz, berriro gugan jaioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.