ATZEKOZ AURRERA. Marti Buckley. Idazlea eta sukaldaria

«Jatea duzue buruan denbora guztian»

Euskal sukaldaritzako errezeta tradizionalak hartu, eta haien atzean dauden istorioekin kozinatzen ditu liburuak, bizipenak eta begiradak. Sukalderaino sartu da Buckley. Pintxoei buruzko liburu bat ondu du orain.

ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Kanpotik etorrita begiratu dio barruari, eta horren berri eman etorri nahi duenari. Askok famatu dute, eta fenomeno bat bihurtu dira Marti Buckley (Alabama, AEB, 1984) eta haren liburua: Basque Country: a culinary journey through a food lover's paradise (Euskal Herria: sukaldaritza bidaia bat jatekoa maite dutenen paradisuan). Blank palate blogean jasotzen ditu bere bizipenak. Amaitzear du bigarren liburua.

Mito bat: Euskal Herrian oso ongi jaten da.

Hori ez da mito bat. Erabat zuzena da. Hori hala da.

Egokiagoa: Euskal Herrian janaria asko estimatzen da.

Nik ezagutu dudan munduko edozein tokitan baino gehiago.

Paradisu bat dela diozu zuk?

Klima ez beste guztia, bai [barrez].

Beste mito bat: AEBetan oso gaizki jaten da.

Hori ez da egia. Ezin da horren herrialde handi bati buruz horrela orokortu eta hitz egin. Zona batzuetan oso ondo jaten da, eta asko zaintzen da produktua. Hegoaldean, adibidez. Ni hangoa naiz, eta plater oso bereziak eta tradizionalak ditugu, sustrai afrikarrak dituztenak ere bai. Horri buruz oso ideia gutxi duzue zuek.

Janariarekin dagoen harremana da agian ezberdina?

Zuek jatea duzue buruan denbora guztian, baita jaten ari zaretela ere. Estatubatuar asko, mahaian janari kantitate hori ikusten dutenean, pentsatzen hasten dira zenbat kirol egin beharko duten hori erretzeko. Hemengoek, platerkada bat datorrela ikusi, eta pentsatzen ari zaretezer prestatuko duzuen afaltzeko [barrez].

Erasmus batekin hasi zen dena?

Eta egin nahi ez nuen batekin, gainera. Zeren nik Madrilen edo Bartzelonan egin nahi nuen, baina Iruñean amaitu nuen. Ez nekien non zegoen ere.

Zerekin egin zenuen topo?

Denak harritu ninduen: eraikinen tamainak, barran jateak, jendeak, manifestazioek, dena kalean egite horrek... Egoera ekonomiko, politiko eta soziala ezagutzeko aukera izan nuen. Zerbaitek lotu ninduen, eta bueltatu egin nintzen.

Hamabi urte joan dira, eta familia bat osatu duzu Donostian.

Bai, eta edozein euskal herritarren modukoa naiz orain: ez dut bizitzeko moduko pisurik topatzen, lanean ari naiz une oro, eta ez dakit ongi zer egin nire bizitzarekin.

Zergatik tradizioaren aldeko apustu hori?

Liburua idazten hasi nintzenean, zerrenda bat egin nuen atera nahi nituen plater guztiekin: hirurehun inguru atera zitzaizkidan. Baina hemengo jendearen historia kontatzea zen helburua, ez errezeta liburu bat egitea bakarrik. Pentsatu nuen hori hobeto egingo nuela janari tradizionalarekin, eta ez pintxo sofistikatuekin eta sukaldaritza berriarekin.

Turismo gastronomikoan aditua zara. Ez ote dago jendea horrekin gogaitzeko arriskurik?

Hemengo jendea? Edo kanpoko jendea?

Zuk esan.

Hemengo jendearengan, alde zaharretan-eta, turismo gastronomikoak eragin kaltegarria izan du, uxatu egin ditu. Jendeak ez du bere tokian dagoela sentitzen kanpotarrez inguratuta dagoenean, eta kanpotar horiek bertakoen arauekin funtzionatzen ez dutenean.

Beraz...

Onerako edo txarrerako, turista gastronomiko asko dago oraindik etortzeko, jende askok ez baitu ezagutzen hau oraindik.

Noiz arte da bat kanpotarra?

Ez dakit [barrez]. Tarteko lurralde gris batean nago, non ez naizen ez bertakoa eta ez kanpotarra.

Baina zenbaitetan esan dizute: «Kanpotarrak dabiltzanetik, dena da garestiagoa Donostian».

Gaizki egindako gauzak izan dira turismo masibotik salbatu gaituztenak: Donostiako aireportua, garraio eskasa, dena garesti kobratzea... Oraindik iristeko zaila den toki garesti bat da hau kanpotarrarentzat.

Egia da liburuko errezeta guztiak kozinatu dituzula?

Denak, eta behin baino gehiagotan.

Baina Ipar Euskal Herriko makarroiak ez zaizkizu ongi irteten...

Batez ere, etxera neka-neka eginda iristen naizenean [barrez].

Kontxako hondartzan galletak saltzen ibilitakoa zara.

Bai, eta niri bizitzako udarik onena izan zen hura. Gozogintza ona zer den erakutsi nahi nion jendeari. Sentitzen dut, baina hemengo gozogintzan bazaio halako beldur bat gantzari, azukreari... dena da oso osasuntsua, eta hortik ez da postre gozorik ateratzen.

Euskaraz zer moduz?

Pixka bat badakit [euskaraz].

Sukaldeetan entzungo zenuen, bada, euskara?

Poliki-poliki esamoldea asko gustatzen zait. Uste dut hau guztia ongi laburbiltzen duela: bizitzeko modua, kozinatzeko modua... Ez zarete jabetzen zeinen barruraino duzuen hori sartua, eta zeinen garrantzitsua den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.