ATZEKOZ AURRERA. Maider Beldarrain Iribar. TheNiu komunikazio agentziako kidea

«Marka ez da arazoa, marka soluzioa da»

Nortasuna Sarean jardunaldia egingo dute bihar Donostian. Hizlarietako bat da Beldarrain, eta markaren zaintzaz eta buruhausteez jardungo da: «Ez da logo bat edo lelo bat. Markaren atzean kontakizun bat dago».

MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ta Puntuk antolatutako Nortasuna Sarean jardunaldia egingo da bihar Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean (18:30). Hizlarietako bat da Maider Beldarrain Iribar (Getaria, Gipuzkoa, 1986) TheNiu komunikazio agentziako kidea —Ion Ansa estrategia aholkularia da bestea—. Haien ostean, mahaiaren inguruan ariko dira honako hauek: Itsaso Muñoz (Ordiziako Udala), Alexander Padilla (Tabakalera), Aitziber Onaindia (Euskaltzaleen Topagunea) eta Arturo Villanueva (Biba ardoak). Aurtengo jardunaldiaren goiburua: MarMarka. Markaren zaintza eta buruhausteak.

«Marmarka» eta «buruhauste» aipatzen direnez, badirudi arazo bat dela marka.

Ez, marka ez da arazo bat. Marka da soluzio bat. Kontua da markaren prozesua izaten dela oso prozesu nekeza, eta barrura begirakoa. Noiz deitzen digute TheNiura?

Noiz?

Marka berri bat behar dutenean, edo enpresa edo erakunde bat ez denean eroso sentitzen jada bere markak dioenarekin. Izan ere, marka bat ez da logo bat edo lelo bat.

Zer da?

Marka baten atzean dena dago: kontakizun bat, munduari zeure burua aurkezteko modua, eta munduari esaten diozuna. Buruhausterik handiena sortzen da norbera ohartzen denean bere markak ez duela ordezkatzen.

Ez da arazo bat, aukera bat da?

Aukera ezin hobe bat da zeure burua aurkezteko, zeure burua aztertzeko, barrura begiratzeko, eta esateko: «Jantzi honekin eroso nago, eta jantzi honekin nahi dut munduan zabaldu».

Euskaldunak ongi ari dira horretan? Eurena markatzen?

Euskaldunok, oro har, oso gutxi begiratu diogu komunikazioari; oso gutxi. Ez diot ezer berririk produktuak ekoizten eta zerbitzuak zaintzen iaioak izan garela, baina marka bat edo kontakizun eguneratu bat edukitzeko orduan, ez. Zer gertatzen da?

Zer?

Enpresa askok deitzen digutela—eta horretan benetako altxorrak ditugu hemen—, ekoizpenari begira produktu ezin hobeak dituztenek, baina salmentara begira jartzen dira, eta nahiz eta produktu berbera egin, lehiakideak dituzte, komunikazio mailan jauzi kualitatibo nabarmen handiagoa eman dutenak. Orain, nahi dutena da esprinta. Ikusten dugu badagoela gogo handia markak aldatzeko, eraberritzeko, eta esateko: «Ez naiz eroso sentitzen esaten dudan honekin, mesedez, berritu gaitezen».

Ez baita berdin marka on bat edukitzea edo markatuta egotea.

Ez, inolaz ere ez.

Euskaraz ongi ari gara horretan?

Zorionez, orain, euskaraz sortzen dugu. TheNiu agentzian euskaraz bizi gara, eta euskaraz egiten dugu lan. Marka bat sortzen dugunean, ez du hizkuntza bat, marka bera da hizkuntza. Gauza da, orain arte, kanpainak sortu ditugunean, euskaraz sortu beharrean, gazteleraz sortu ditugula. Eta euskaldunak ohitu egin gara gaztelaniaz ikustera eta gero euskaratuak izatera. Orain, aldaketa ari gara ikusten: euskaraz ari garela hasieratik sortzen. Eta ez naiz ari TheNiuri buruz bakarrik, beste hainbat agentziari buruz ere ari naiz. Eta horrek izan behar du urratsa: «Euskaraz pentsatzen badut, zer hizkuntzatan sortuko dut? Bada, euskaraz».

Zer da branding-a?

Branding-a da marka, markagintza. Eta ez da markatuta egotea [barrez]. Marka aztertzea da, marka egitea, eta kokapena ongi ikustea. Marka batek beti joan behar du pauso bat aurrerago, eraman behar zaitu etorkizunera. «Nora goaz?» galdetzen dugu, eta markak horra eraman behar zaitu.

Eta hori dena sareetara eraman?

Ez dago zertan. Hemen dena ez da online; offline ere online bezain garrantzitsua da. Euskarri guztiak zaindu behar dira. Zer gertatzen da? Bereziki salmentara bideratuta dauden enpresen kasuan, online salmenta edo erreserba gehienak webguneen bidez egiten direla. Beraz, gehien jantzi behar dituzunak zure leihoak direla, alegia, zure webgunea eta zure sare sozialak. Hori da salmentara bideratutako enpresen kasua, baina beste gauza bat da prestigioa, marka bera; hori guztia landu egin behar da, eta hori ez dizu sareak bakarrik ematen. Dena zaindu behar da. Eta komunikazio estrategia bat ez da online edo offline, dena da.

Alegia, marka landu egin behar dela.

Marka eguneratu egin behar da. Marka bat ez da bat egin eta harekin hogei urtez egotea. Zein egongo litzateke hogei urtez jantzi berberarekin eroso? Pertsonak aldatzen diren gisara, markak ere aldatu egiten dira. Kontua da, horretarako, askotan, norbere barrura begiratu behar dela, eta nor sentitzen da eroso barrura begiratu behar horretan? Ez da erraza, baina marka estatiko bat baldin badaukazu, esaten ari zarena, ematen ari zaren mezua, hori da: ez zarela hortik mugitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.