ATZEKOZ AURRERA. Olatz Silva. Kazetaria

«Neska migratzaile adingabeei ez zaizkie bermatzen eskubideak»

Neska migratzaile adingabeak «ikusezinak» direla jabetuta, haien egoera islatu du Silvak erreportaje batean: 'Hiru aldiz ikusezinak'. Gradu amaierako lanen lehen Berria saria irabazi du harekin.

OLATZ SILVA.
amaia igartua aristondo
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Kalean lo egin behar dute, hamabi orduko bidaia arriskutsuak egiten dituzte pateran, leku batetik bestera ibiltzen dira halabeharrez. Gainontzeko migratzaileen egoera bertsuak bizi dituzte neska adingabeek ere, Olatz Silva kazetari eta EHUko ikasle ohiak (Bilbo, 1999) bere gradu amaierako lanean islatu zuenez. Oihartzun txikia dutelako ondu zuen Hiru aldiz ikusezin erreportaje sakona, eta, harekin, gradu amaierako lanen lehen Berria saria irabazi du orain. Gaur emango diote, graduazio ekitaldian.

Zergatik aukeratu zenuen gai hori?

Gai posibleen zerrenda egin nuen, eta argi atera nuen feminismoa eta migrazioa batu beharko nituela. Okurritu zitzaidan bakarrik datozen neska adingabeen egoera islatzea, hedabideetan bilatzen hasi, eta ez bainuen albiste askorik aurkitu.

Ezta migrazioa sakon jorratzen dutenetan ere?

Hedabide askok hitz egiten dute migrazioaz, batzuek ikuspegi negatibo batekin, gorrotoa sustatzeko. Badaude migrazioaren beste ikuspuntu batzuk kontatzen dituztenak, baita adingabeen istorioak ere. Baina gehien-gehienak mutilei buruzkoak dira. EITBk atera zituen pare bat nesken ingurukoak, eta Público-k badauka arlo bat nesken ingurukoa. Baina, bestela, ez zegoen ia ezer.

Datuetan ere ikusezinak dira. Iturrietako batek aipatzen du batzuetan nahiago dutela ez esan adingabeak direla. Zergatik?

Horretaz hitz egin nuen EAEko Arartekoko Haur eta Nerabeen Bulegoko arduradunarekin, Elena Aiarzarekin. Esan zidan agian ez direla fidatzen, eta horregatik ez dutela ezer esaten. Egia da, eta Ukrainan ikusten da orain, badagoela emakumeen salerosketaren eta prostituzioaren kontua, eta agian neskek uste dute bide horretatik badoaz seguruago edo babestuago egongo direla.

Nola baldintzatzen ditu adingabe izateak?

Ikusezinak dira: ez zaizkie bermatzen eskubideak; instituzioek, babesa eskaini behar dieten horiek, ez dute ezer egiten haien alde. Orain, berriro hitz egin dut neska haiekin, eta batzuek nahiago izan dute beren izena ez agertzea.

Prozesuan arazorik izan al duzu testigantzak lortzeko?

Hasieran gehienbat. Erakunde eta instituzio guztietara mezuak bidali nituen, eta gehienek esan zidaten ez zutela neskekin lan egiten, han ez zutela neskarik. Arartekokoaren elkarrizketatik tiraka lortu nituen testigantzak. Euskal Herriko probintzia bakoitzeko egoera ere islatu nahi nuen.

Antzeman zenuen haien istorioa kontatzeko erreparorik?

Batzuek ez zuten halakorik, baina ez zelako inon aterako. Gainera, denak oso jatorrak eta irekiak izan ziren. Beste batzuek erreparoak izan zituzten, gerretatik ihesi zetozelako, edo familiarekin gaizki zeudelako. Orokorrean, familiari buruz hitz egiteko erakutsi zuten erreparo pixka bat. Bestela, dena ondo.

Elkarrizketatu batzuk jada ez dira adingabeak. 18 urte betetzea mugarri bat izan da haientzat. Nola aldatu zaie egoera?

18 urte betetzean, adingabeen babes juridikoa bertan behera gelditzen da, eta zorroztasun osoz aplikatzen da Atzerritarren Legea. Horrek zailtasun ugari dakartza, batez ere dokumentazioa lortzeko. Edo, adibidez, erreportajean badago neska bat 18 urte baino gehiago dituena, eta kalean bizi izan dena hilabete batez, zailagoa delako babes sistemetan sartzea. Aldundiek badituzte programak 18 urte bete eta gero bertan egoteko, baina agian urtebete itxaron behar dute babes sistema horietara sartzeko; orduan, urtebete hori kalean ematen dute.

Denek bat egiten dute alde batera eta bestera joan behar horretan.

Bai, batez ere hasieran. Hiru egun zentro batean, edo bi aste, gero beste batera... Badirudi ohikoena dela zentro batera bidaltzea denak, balorazio moduko bat egitea, eta gero bidaltzea egokiena den zentrora.

Zer-nolako harremana dute euren jatorriarekin?

Galdetu nien etorkizunean zer egin nahi zuten, herrira bueltatu edo hemen geratu: gehienek esan zidaten hemen gelditu nahi zutela eta, bueltatzekotan, bisitan baino ez.

Hizkuntzarekin kontu berezia izan duzu, ezta?

Beldurra nuen; gaia landu dut, baina baliteke pentsatzea hitz bat ez dela diskriminatzailea, eta haientzat okerrena izatea. Gazteei galdetu nien zuzenean, eta BERRIA hartu nuen erreferentziatzat, ze baditu migrazioaren inguruko albisteak: begiratu nuen nola idazten duten, eta kazetari bati ere galdetu nion, Maite Asensiori. Erabaki nuen migratzaile hitza erabiliko nuela gehienbat, eta atzerritar kontu instituzionaletarako utziko nuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.