ATZEKOZ AURRERA. Maximiliano Cosatti. Diseinatzailea

«Nire kartela ez da kopia bat; pop artean oinarritu naiz»

Pop artean oinarritutako Marijaia batekin irabazi du Cosattik Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketa. Estiloaren ezaugarririk behinenak erabili ditu, hala nola kolore primarioak, puntuak eta betaurrekoak.

MAXIMILIANO COSATTI.
amaia igartua aristondo
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Marijaia ile hori deigarridun eta betaurrekodun bat izango da aurten protagonista Bilboko Aste Nagusian. Hala irudikatu du pertsonaia Maximiliano Cosattik, Iruñean bizi den diseinatzaile argentinar batek (Buenos Aires, 1979), eta diseinu horrekin gailendu da kartel lehiaketan, publikoaren eta epaimahaiaren boto gehien lortuta. Marijaia gehiago ezagutu nahi du orain.

Zergatik parte hartu duzu Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan?

Normalean, parte hartzen dut Interneten topatzen ditudan kartel lehiaketa ia denetan. Bat Bilboko jaiena izan zen; asko jakin gabe jai horiez, ikertzen hasi nintzen. Orain ari naiz konturatzen zer handia den festa.

Marijaia ezagutu zenuenean, zer iruditu zitzaizun?

Ikusten hasi nintzen zer pertsonaia dauden, zer den ohikoena, eta Marijaia topatu nuen. Gustatzen zait; aurreko kartel ia denetan egon da. Marijaiak pop artea iradoki zidan, eta estilo hori erabili dut.

Zergatik lotzen duzu pop artea Marijaiarekin?

Ileko kiribilengatik, makillaje koloretsuagatik, eta, oro har, dituen askotariko koloreengatik. Iruditzen zait 1980ko urteetako janzkera duela.

Nola joan zinen diseinua osatzen?

Aztertu dut zeintzuk diren pop estiloaren ezaugarri komunak, eta ikusi nuen betaurreko asko zeudela. Marijaiaren aurpegiaren lehen planoa egin nahi nuen, eta horretarako erabili nituen betaurrekoak, eskuak haietan txertatzeko, besoak igota egoten baita.

2017an, sanferminetako kartel lehiaketa ere irabazi zenuen. Gustuko duzu formatu hori, ezta?

Hala da. Zaletasun bat da. Orain ez naizenez horretara dedikatzen, laguntzen dit diseinuan trebakuntza ez galtzen; gustatzen zaidan zerbait bilatzen dut, eta neure burua probatzen dut lehiaketetara aurkeztuz.

Orokorrean, zein da gakoa?

Nire irudiak festetako pertsonaiengan oinarrituta daude. Normalean, erraldoietan eta buruhandietan zentratzen naiz, eta bazter uzten ditut zezenketak, adibidez.

Jaietako kartelak ez ezik, zure gainontzeko diseinuak ere pertsonaiengan ardazten dituzu?

Ez daukat estilo jakin bat. Kartelei dagokienez, aurreko urteetako irabazleak bilatzen ditut, ikusten dut zer proposamen egin dituzten eta zer gustatzen zaion jendeari, eta estilo horren arabera egiten dut lan, baina nire ekarpenak egiten.

Nolakoak dira ekarpen horiek?

Argazkiekin muntaketa egiten dut, eta irudia distortsionatzen dut: irudi askotatik bakar bat egiten dut. Aurpegi bat bada, seguruenik pertsonaia beraren hiru bisaia izango ditu diseinuak. Orain, ahalegintzen ari naiz ilustrazioa gehiago jorratzen.

Bilboko jaietara joateko asmoa duzu?

Ez dakit, urrun dago.

Beste urteren batean, agian?

Noizbait joango naiz, seguru. Baina galdu ditudan festa asko daude oraindik.

Sare sozialetan esan dute litekeena dela zure kartela kopia bat izatea, pop arteko beste irudi baten antz handia baitu. Zer diozu?

Ikusi dut, bai. Ez nago ados sare sozialetan esaten ari direnarekin. Interneten begiratu nuen pop artea zer zen, eta irudi pila agertzen ziren. Estilo horretan oinarritu nintzen: kolore primarioak, puntuak, marra beltzak. Bazeuden betaurrekodun batzuk; hasieran, betaurrekorik gabe egitera nindoan. Estetikak bat egiten du, diseinatzaile grafiko askok estilo horretara jotzen dutelako. Nire diseinua beste horren oso antzekoa izan da azkenean, baina nire asmoa ez zen kopia bat egitea. Antza du marrazketa estilo bera delako, besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.