ATZEKOZ AURRERA. Oihana Orkolaga. Uliako interpretazio zentroko arduraduna

«Uliak aukerak ditu jende guztiarentzat»

Donostiako Ulia mendiko interpretazio zentroak hamar urte beteko ditu uztailean. Ezezaguna da oraindik ere donostiar askorentzat, baina jendea gero eta gehiago joaten dela uste du Orkolagak.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ulia. Mendi bat hirian, Donostian. Beste mundu bat zurrunbilotik metro eta minutu gutxira. Mundu hori hobeto ezagutzeko dago Uliako interpretazio zentroa. Oihana Orkolagak zuzentzen du (Donostia, 1976): «Hiritik oso gertu dago, eta mendi sinple bat ematen du, baina sekulako aberastasuna du». Cristina Enea fundazioaren esku dago kudeaketa. Zentroa hamar urte betetzear da. Irailaren 11ra arte zabalik dago goizez eta arratsaldez.

Hiri bateko interpretazio zentro bat da. Berezia da?

Zentro gehienak espezie edo habitat jakin bati buruzkoak dira. Uliakoaren berezitasuna da hiritik oso gertu dagoela eta habitat bereziak dituela. Zentro orokor bat egin nahi izan dugu, naturari garrantzia ematen diona, baina baita historiari ere.

Ulia, Urgull... Donostiaren partetzat hartzen dira?

Gero eta gehiago. Hiriko turismo guneak hain saturatuta daudenez, jendea beste toki batzuk bilatzen hasi da. Jendeak Uliara eta Urgullera jotzen du.

Donostia Uliari bizkar emanda bizi da?

Gero eta gehiago dira Ulia hiriaren parte sentitzen dutenak. Gros, Intxaurrondo eta Ulia auzoetakoek batez ere; beste batzuei gehiago kostatzen zaie Uliara etortzea.

Uliako zatirik ezagunena Donostia eta Pasaia arteko bidea da, GR-121a. Baina Ulia bidezidorrez beteta dago.

Ulia ibilbideen labirinto bat da. Nahi dituzun konbinazio guztiak egin ditzakezu.

Hiritik beste mundu batera pasatzen zara denbora gutxian.

Edozein bidezidor hartzen baduzu, mendian galduko zara.

Faunaren eta landarediaren aberastasuna erakusten duzue. Zer espezie nabarmenduko zenuke?

Itsaslabarrean daude berezienak. Armeria euscadiensis landarea dago, Euskal Herriko kostaldean bakarrik agertzen dena. Hori da eremu hori babestuta egoteko arrazoietako bat. Animaliei dagokienez, hegaztiak nabarmenduko nituzke: ubarroi mottoduna [Phalacrocorax aristotelis], belatz handia [Falco peregrinus]... Txori eta landare espezie asko daude.

Galdu da hegaztiak eta zuhaitzak ezagutzeko eta izendatzeko gaitasuna.

Azkenaldian asko hitz egiten da espezie itsutasunaren inguruan: denok dakigu zer diren lehoiak eta tigreak, baina ez gara gai bertako espezieak desberdintzeko eta izendatzeko. Agian ez dugu arretarik jartzen eta ez diegu baliorik ematen.

Edonoiz ikusten dugu Tanzaniako Serengeti parkeari buruzko dokumental bat. Euskal Herriko espezieei buruzko ikus-entzunezkoak falta dira jendearengana iristeko?

Orain jende asko ari da horretan. Agian ez dira hain dokumental handiak, baina tokian tokiko dokumentalak egiten ari dira, oso onak, gainera. Aralar, esaterako.

Uliako itsaslabarrak babestuta daude, Natura 2000 sarearen barruan. Izan dira Ulian azpiegiturak egiteko asmoak, Monpaseko oinbidea, esaterako. Guztiz baztertuta daude?

Ez nintzateke ausartuko hainbeste esatera. Ez dakit noiz etorriko den beste norbait horrelako ideia batekin. Orain baztertuta dago, baina batek daki.

XX. mendearen hasieran teleferiko bat egon zen Ulian.

Ulia aisialdi parke bat zen garai hartan, batez ere aberatsentzat. Jatetxeak, kafetegiak eta begiralekuak zeuden. Donostiatik tranbian joaten ziren gaur egun aterpetxea dagoen tokiraino, eta teleferikoan handik hona. Pertsonak airetik garraiatzeko lehen teleferikoa izan zen.

Jendeak ezagutzen du?

Ez. Teleferikoa da gure edukietatikjende asko gehien harritzen duena.

Agian bakarren batek halako zerbait eskatuko du Uliara igotzeko, Igeldoko funikularraren moduko zerbait.

Igeldoko parkea ireki zenean, jendeak utzi egin zion Uliako aisialdi parkera joateari, eta itxi egin zuten. Oso azkar iristen ziren Igeldora, eta erosoagoa zen.

Interpretazio zentroko bisitari gehienak haurrak al dira?

Familiak. Jende asko etortzen da ibilbideei buruzko informazio eske ere.

Orientazio zirkuitu bat ere prestatu duzue.

Batzuk kirola egitera etortzen dira. Aitzakia horrekin, zirkuitu batzuk antolatu ditugu, eta Ulian erakutsi nahi ditugun lekuetara eramaten ditugu. Ulia erakusteko beste modu bat da.

Edozeinek goza dezake Ulian?

Bai. Uliak aukerak ditu jende guztiarentzat. Modu ezberdinetan gozatzeko, gainera: egun batean kirola egitera etor zaitezke, baina beste batean zuhaitzak ikustera, txorien kantuak entzutera... Tokia aberatsa da, eta, ikasten badugu toki berera joateko modu desberdinak daudela, sekulako konbinazio pila ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.