ATZEKOZ AURRERA. Lorenzo Rocha. Arkitektoa

«Egun, komunitateak badu helbururik: kideen arteko solidaritatea»

Diseinuari garrantzia kendu, eta eraikinen funtzioaz mintzo da Rocha 'Comunidad en obra' liburuan: erabiltzaileek baldintzatzen dituzte tokiak, ez alderantziz. «Eraikinen ekoizpena gizartean hasten da».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Kapitalismoaren garaian ere, komunitateek helburu bat dute: kideek elkarri laguntzea. Hala defendatu du Lorenzo Rocha arkitektoak (Mexiko Hiria, 1967) Comunidad en obra liburuan (Turner, 2022). Dioenez, etxebizitza kooperatibetan da xede hori agerikoen, eta hainbat eredurekin jantzi du lana. Bilbon aurkeztu du berriki, Anti liburu dendan.

Arkitekturak eragiten du komunitateetan?

Liburuan kontrakoa argudiatzen dut. Gizarteak sortzen ditu eremu publikoa eta pribatua, ez alderantziz. Baina arkitektoek eta hirigileek ahaztu egiten dute hori, askok uste baitute tokien formak determinatzen dituela bertako harreman sozialak. Egon daitezke forma adimentsua duten tokiak, ederrak, baina ez diotenak gizarte osasuntsu bati bide ematen; eta egon daitezke interesik gabeko diseinuak, are ezaugarri egokirik gabekoak ere, non ematen den komunitate eskema solidario bat.

Beraz, komunitateen adierazgarri da arkitektura?

Harreman dialektiko bat dago: gizarteak existitzen den ideia bat erabili eta moldatzen du, eta forma berri hori eragina izaten hasten da. Arkitekturan, bereziki sutsua da ekoizleen eta erabiltzaileen arteko elkarrizketa hori —ekoizleak ere erabiltzaileak garelako, aldi berean—, ez delako kontu abstraktu bat.

Arkitektoak zer egiteko du elkarrizketa horretan?

Jende askok parte hartzen du prozesu horretan, eta arkitektoa momentu batean sartzen da, konponbide teknikoak eta estetikoak emateko, eta produktua biribiltzeko. Baina ekoizpen prozesua gizartean hasten da beti.

Kapitalismoak nola eragiten du prozesu horretan?

Kapitalismoa bainoago, komunismoaren bukaera aipatzen dut liburuan. Bi filosoforen teoriak kontrastatu nahi izan ditut: Jean Luc Nancyk La communauté désoeuvrée-n emandakoa, eta Giorgio Agambenek La comunità che viene-n. Erregimen komunista desagertzean, Nancyk zioen komunitatea obrarik gabe geratu zela; hau da, betetzeko helbururik gabe. Agambenek dio komunitatearen helburua bihurtu zela komunitatea bera existitzea, baina ez besterik hortaz gain. Baina nik uste dut komunitateak baduela helbururik gaur egun: kideen arteko solidaritatea. Dudarik gabe, hori ez da ematen orokorrean, eta are gutxiago hiri handietan; baina auzo, herri txiki eta erakunde indigena batzuek argi dute zer obra ari diren betetzen: elkarri laguntzea.

Nola definituko zenuke helburu hori?

Ivan Ilitxek zioen moduan: komunitateko kide guztiek eskura izan ditzatela komunitateko tresnak, eta haien erabilera librea izan dadila, betiere gainontzekoak kaltetu gabe, eta besteei oztopatu gabe tresnok erabili ahal izatea. Eta horrek itxaropena ematen digu; Nancyren eta Agambenen ustez, komunitateak komunismoan baino ezin dezake obrarik izan.

Zein da oraingo paradigma?

Ez dut uste paradigma unibertsalik dagoenik. Baina uste dut badagoela faktore inportante bat: lurzoruak erabilera publikorako izan beharko luke, ezin beharko litzateke pribatizatu. Horrek asko hobetuko luke gune sozialen ekoizpena. Jabetza pribatuak bide ematen baitie espekulazioari eta kalte egiten duten bestelako mekanismo kapitalistei. Erresuma Batuan edo Uruguain, esaterako, estatuak 75-90 urterako saltzen ditu lurrak, eta gero berretsi egin behar da kontzesioa.

Eredu idealean, nola osatuko lirateke eremu publikoa eta pribatua?

Gaur egun, publikoak dira hirian mugitzeko eta egoteko lekuak. Estatuak arautu egiten du horien erabilera. Interes publikoagatik, gune baten erabilera pertsona batzuetara mugatzen da. Baina eredu kooperatibistan, desberdintasun garrantzitsu bat dago, erakunde kooperatibek erabakitzen baitute, halaber, eremu horien distribuzioa, eta eremu batzuk ez daude kide edo familia bati esleituta, ez dira zehazki jabetza, baizik eta partekatzen dira.

Adibidez?

Bartzelonako La Borda. Apartamentuak, berez, oso txikiak dira, elementu asko partekatuak baitira.

Eta toki komunak nola aldatuko lirateke? Parkeak, esaterako.

Paradigma dagoeneko mamitu da parkeetan, plazetan... Ezin daitezke pribatizatu, ezin daitezke betiko okupatu; denentzat dira, inork ez du lehentasunik. Beti pentsatzen dut parke bateko banku baten adibidean: egunero, 09:00etan, pertsona bera esertzen da periodikoa irakurtzeko. Nahiz eta egunero joan, eserlekua ez da berea. Egunen batean beste norbait heltzen bada lehenago eta okupatzen badu, ezin izango dio erreklamatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.