ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Miguel. Goiko Gela gospel taldeko musika zuzendaria

«Jendea harritu egiten da euskarazko gospela entzutean»

Goiko Gela taldeak gospel kantak kantatzen ditu, euskaraz. Lau bakarlarik eta beste hainbeste musikarik osatzen dute taldea, eta ikuskizun «fresko eta dinamikoak» eskaintzen dituzte.

Goiko Gela taldea, joan den igandeko kontzertuan. Eskuinean, pianoan, Iñaki Miguel. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Iñaki Miguelen ustez (Donostia, 1982), gospela «oilo ipurdia jartzen dizun» musika estilo bat da. Bere bizitzaren zati handi bat eskaini dio gospelari, eta hainbat talde sortu ditu. Horietako bat da Goiko Gela, gospel kantak euskaraz abesten dituen taldea. Taldeko musika zuzendaria eta piano jolea da Miguel, eta kanten moldaketak egiteaz ere arduratzen da.

Nola sortu zen Goiko gela?

Taldea berria da, baina esan beharra dago gu beste talde baten partaideak ginela: The Upper Room izena zuen. Talde hori 2005. urtean sortu zen, eta 2020an 15 urteko ibilbidea genuen jada. 2020. urtean desegin egin zen talde hori, eta Goiko Gela sortu genuen. The Upper Roomen euskarazko gospela egiten genuen, baina euskara ez zen gure hizkuntza nagusia, orain den moduan. Taldearen dinamika aldatu da, ikuskizunak ere aldaketa batzuk izan ditu...Kontzeptua erabat aldatu da.

Zeintzuk zarete taldeko kideak? Betidanik izan duzue harremana gospelarekin?

Lau bakarlari dira, eta laurek pisu bera dute: Karlos Etxaniz, Jon Imanol Etxabe, Santi Romano eta Olatz Otxoa dira. Denek kantatzen dute beste talde batzuetan, eta baten bat musika irakaslea ere bada. Lau horiez gain, kontzertuetan gurekin egoten diren musikariak ere badauzkagu: bateria, baxua, gitarra eta ni neu, pianoan.

Hasieratik zenuten argi zuen taldea gospel estiloan arituko zela?

Bai, hasieratik eduki genuen argi euskarazko gospela egin nahi genuela. Gaur egun ez dago talderik, gureaz gain, gospela euskaraz abesten duenik. Originala eta interesgarria iruditzen zaigu jende euskaldunak gospela bere hizkuntzan entzutea. Publikoak abestien mezuak ulertzea polita iruditzen zaigu.

Jendeak zer esaten dizue zuen kontzertuetan gospela euskaraz entzuten duenean?

Hasieran harritu egiten dira, jendea ez baitago ohituta estilo hau euskaraz entzutera, eta atentzioa ematen die oro har. Harridura aurpegiak ikusten ditugu publikoaren artean. Baina, kontzertuak aurrera egin ahala, publikoak ontzat ematen du, eta disfrutatu egiten du gure kantekin. Jendea irribarretsu egoten da euskarazko gospela entzutean, eta hori oso pozgarria da guretzat.

Zuk ere betidanik izan duzu harremana gospelarekin. Zuretzat gospela zer dela esango zenuke?

Nire ustez, gospela musika genero oso osatua da, beste estilo batzuengandik jasotzen baitu eragina: bluesetik, countrytik, souletik... Musikalki gospelak dituen harmoniak oso aberatsak dira. Oilo ipurdia jartzen dizun estilo bat da.

Musikari lanetan aritzeaz gain, gospel zikloak antolatzen dituzu Euskal Herrian zehar. Noiztik antolatzen dituzu, eta nola hasi zinen?

2005. urtean hasi nintzen; aurtengo zikloa hamazazpigarrena izango da. Azarotik urtarrilera, Gabonak tartean hartuta, hainbat gospel talderen kontzertu bira bat izaten da, Euskal Herriko hainbat herritan. Horrela, gospela ezagutarazten dugu.

Erraza al da kantak euskarara ekartzea? Esentzia mantentzen al dute?

Abesti batzuetan, kantaren mezua ez dugu aldatzen: euskarara moldatzen dugu ahalik eta modu zuzenenean. Beste kanta batzuetan, berriz, abestiei mezu gaurkotuago bat gehitzen diegu. Hau da, gospela erlijioarekin lotuta dago zuzen-zuzenean, eta kutsu erlijioso hori apur bat baretzen saiatzen gara.

Bertsioez gain, kanta propioak ere badituzue. Zeinek idazten ditu kantak?

Egia esan, Jon Imanol Etxabek oso letra onak egiten ditu, eta moldaketa txukunak egiten ditu. Arlo musikala nik eramaten dut gehienbat. Esan daiteke Jon Imanol Etxaberen eta nire esku dagoela konposizioaren esparrua.

Euskal Herrian ba al dago gospelaren zaletasunik musikariei dagokienez?

Bai; euskaraz abesten ez duten arren, badaude taldeak, eta kalitate onekoak gainera.

Zer du Goiko gelak beste gospel taldeek ez dutena?

Bi motako gospelak daude: zuria eta beltza. Guk gospel zuria egiten dugu. Horretaz gain, jendeak, gospel hitza entzuten duenean, abesbatza handiak imajinatzen ditu, eta gu laukote bat gara. Hegoaldeko gospela da gure estiloa; hau da, laukote batek piano jole batekin egiten duen gospela.

Kontzertuak ematen ari zarete. Zeintzuk dira zuen hurrengo kontzertuak?

Azaroaren 20an Legazpin [Gipuzkoa] izango gara; abenduaren 17an, Muskizen [Bizkaia]; abenduaren 23an, Guardian [Araba]; abenduaren 30ean, Astigarragan [Gipuzkoa]; eta urtarrilaren 4an, Tolosan [Gipuzkoa].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.