ATZEKOZ AURRERA. Miren Karmele Gomez Garmendia. Sinestesia duen artista

«Ez dakit entzuten irudirik ikusi gabe»

Koloretan pentsatzen du, eta koloreak ikusten dizkie soinuei. Gomezek sinestesia zer den azaldu du; horretarako baliatzen du bere sormen lana ere. Zuzeneko musikarekin «super ongi» pasatzen du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Sinestesia duen jendeak koloreak aditu, soinuak ikusi edo zaporeak ukitu ditzake. Zentzumenek eskaintzen duten «aukera zabalago» hori baliatu du Miren Karmele Gomez Garmendiak (Donostia, 1984) arte sorkuntzarako. Soinuak ikusten ditu, eta irudietan erakusten du hori. Sinestesia ikertzen ari dira: «Ikerketa batzuen arabera, amaren sabelean gaudenean denak gara sinestesikoak, eta gero banatzen ditugu zentzumenak». Berak ez.

Berria hitza nola ikusten duzu?

Berdea, horia eta gero zuria. Bokalen koloreak dira horiek. Sinestesia dugun pertsona bakoitzak ikusteko eta sentitzeko modu propioa dugu; beharbada besteek ez dute horrela ikusiko. Niri kontsonanteek ematen didate mugimendua, ehundura eta kokapen bat espazioan. Pentsatzen badut eta zuk esaten baduzu ere, ezberdina da. Be nahiko suabea da, ezker-eskuin; gero rri asko mugitzen da, r bihurria delako; eta a berriz lasaitzen da.

Belarriekin ere ikus daitekeela esan daiteke?

Nik hori baieztatuko nuke. Medikuarenean entzumen proba egitean, beti zalantza dut ea entzuten edo ikusten dudan. Kolorea ikustean altxatzen dut eskua. Ezin ditut banatu: ez dakit entzuten irudirik ikusi gabe.

Pertzepzio kontua da dena?

Ez dago errealitate bakarra; bakoitzak bere errealitatea eratzen du zentzumenen bitartez. Ikuspuntu desberdinaz gain, ikuspuntu zabaldu bat dut nik. Inguratzen gaituzten gauzetatik gehiago hartu dezaket zentzumenen bidez.

Bokalek zer kolore dute?

A zuria, e berdea, i horia, o gorria eta u urdina. Zorionez, nik kolore bana ikusten diet; hori sekulako abantaila da gauzak sailkatzeko.

Kontsonanteak mugitu egiten dira?

Ez zaizu oso arrotza egingo. B burbuila antzeko bat da: borobildu egiten du. M-k olatu izatera eraman dezake hitza. Baina ez da berdin mamia eta maite, te-rengatik. R bihurria da.

Ehundurak aipatu dituzu.

Hitz batzuk kristalezkoak dira; beste batzuek egur sentsazioa ematen dute. Latzagoak edo goxoagoak izan daitezke.

Hori guzia non ikusten duzu?

Hondo beltz baten aurrean. Nireeta zure hitzen kolore guztiak ikusten ari naiz orain.

Hondo beltza non dago?

Ez dakit ongi azaltzen. Uste dut koloreak daudela, gero beltza, eta gero zu. Baina beltz hori ez da opakua; bestela, ez nuke atzekoa ikusiko. Marrazkietan, hondo beltza ez dut ausaz aukeratzen; horrela da.

Kosta egiten da sinestesia irudikatzea halakorik bizi gabe. Alderantziz ere bai?

Txantxetan diot arraroak zuek zaretela. Ni ez naiz gai irudikatzeko zuek nola maneiatzen duzuen informazioa, nik dena koloretan sailkatzen baitut. Nik koloreekin pentsatzen dut; tresna hori ez erabiltzea arrotza egiten zait.

Noiz ohartu zinen sinestesia zenuela?

Unibertsitatean nintzela. Hori baino lehen, nabaritzen nuen bazela zerbait, ez nintzela gai besteengana modu zuzenean iristeko. Txikitan esaten zidaten: «Zer-nolako imajinazioa duen neskato honek».

Nola ohartu zinen?

Lagun bat ohartu zen. Esan nion zubi hitza aldatu zitzaidala. Uste nuen denok ikusten genituela koloreak, baina berak esan zidan gutxi batzuei gertatzen zitzaigula.

Espazioan ikusten dituzu koloreak, baita begien aurrean ez dituzunak ere?

Nire atzekoak bideo bat paratzen badu, kolore horiek ikusten ditut. Noski, bera ez dut ikusten.

Arreta fokalizatzeko zailtasunik izan dezakezu batzuetan? Edo ez?

Zentzumenak automatikoak ditugu denek. Ez da erabakirik hartzen. Kolorea oso bizi ikusten baduzu, balio du arreta hor jartzeko. Inguru oso zaratatsuetan, batzuetan informazio gehiegi dago. Elkarrizketa anitz dauden egoerak dira ezerosoenak.

Zergatik erabaki zenuen sinestesia plastikora eramatea?

Prozesu naturala izan da. Txikitatik margotu dut, irudi sinestesikoak zirenak ere bai, jakin gabe. Egiten dut jendeak jakin dezan hau existitzen dela, eta ongi pasatzeko. Nire irakasleek jakin izan balute sinestesia nuela... Gogoan dut matematiketan ez nintzela batere abila, zenbaki guztiek koloreak zituztelako. 2+2=4. Horia eta horia = gorria.

Kontzertuak marrazten dituzu. Zer erabiltzen duzu horretarako?

Software digitalekin tabletan eta ordenagailuan margotzen hasi nintzen, 2D marrazkiak eginez. Orain, tresna berria dut: errealitate birtualean 3Dn zuzenean margotzeko softwarea, betaurreko eta aginteekin [irudian ageri dira].

Kontzertu batean, musika aditzeaz gain, film bat ikusten duzu?

Niretzat, edozein zuzeneko emanaldi txiki-park bat da, super ongi pasatzen dut eta. Musika bereziki, batez ere bolumen handian, bolumen handian gauzak handiago ikusten baititut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.